Aurreko Albisteak

José Luis Bilbao barriro hautatu dabe Bizkaiko Ahaldun Nagusi

Uztailaren 5ean izandako Batzar Nagusiak barriro hautatu dau José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusi. Berrogeita hamaika Batzarkideetatik hogeita hiruk, bere Taldekoek, emon eutsien botoa EAJren hautagaiari, aurkeztu zan bakarrari. Lehenengo bozketan gehiengo osoa behar danez, eta hori lortzeko hiru botora geratu zanez, bigarren bozketea egin zan eta boto kopuru bera atara eban, hain zuzen be hurrengo lau urteetan Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko bigarren bozketa horretan eskatzen dan gehiengo soilerako nahikoa.
Hautatua izan eta gero, Mahaikideak lagun zituala, José Luis Bilbao jaunak batzar-aretotik urten eta karguaren zina egin eban Gernikako Aretxaren ondoan, ohikoa dan eran: “Jainkoaren aurrean apalik, Bizkai-lur gainean zutunik, Asaben gomutaz, Gernikako zuhaitzpean, neure agindua ondo betetzea, zin dagit". Behin berbok esanda, hurrengo lau urteetarako Ahaldun Nagusi bihurtu zan José Luis Bilbao jauna.
Hautaketea eta gero, Ahaldun Nagusi barriak jakinerazo egin eban nortzuk osatuko daben Foru Gobernu barria. Holan ba, Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldunak sei gizonezko eta lau andrazko izango dira. Hiru Ahaldun barri izango dira: Nekazaritza Sailean Irene Pardo, Garraio eta Hirigintzan Itziar Garamendi eta Berikuntza eta Ekonomi Sustapenean Izaskun Artetxe; kargu berean jarraituko dabe José María Iruarrizagak, Juan María Aburtok, Belén Greavesek eta Iosu Madariagak, hurrenez hurren Ogasun eta Finantzetako, Gizarte Ekintzako, Kulturako eta Ingurumeneko Sailetan; Beste hiru beste Sail batera joango dira: Patxi Sierra-Sesumagak Ahaldun Nagusiorde eta Idazkari karguak izango ditu eta Udal Harreman eta Herri Administrazio Saila izango dau ardurapean; Iñaki Hidalgo, Herri Administrazio Sailetik Herri Lanetako Sailera joango da; eta Eusebio Larrazabal Nekazaritza Sailetik Lan eta Trebakuntza Sailera joango da.
Hautaketa ondoko hitzaldian Bilbao jaunak eskerrak emon eutsezan bere alderdiari, emondako euspenagaitik, eta aurreko Foru Gobernukideei, azken lau urteetan egin daben lan oparoagaitik. “Eskerrik asko urteotan Bizkaiagaitik eta Bizkaiaren alde agin dozuen beharragaitik, zuetariko bakotxak emon zeinkien guztia emon dozue-ta”.