Onartu egin dira Lehendakaritza, Herri Lan eta Garraioak, Nekazaritza eta Gizarte Ekintza Sailen aurrekontuen Erizpenak
Bizkaiko 2013. urteko Aurrekontu Orokorrei buruzko eztabaideak aurrera egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta gaur Lehendakaritza, Herri Lan eta Garraioak, Nekazaritza eta Gizarte Ekintza Sailen aurrekontuak dirala-ta aurkeztutako zatizko zuzenketa-eskeez eztabaidatu da. Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean gauzatu da eztabaidea, eta Sail horreei buruzko lau Erizpenak onartu dira Euzko Abertzaleak Taldearen (PNV) ordezkarien aldeko botoagaz eta Bizkaiko Talde Popularraren (PP) ordezkarien abstentzinoagaz. Bildu Taldeko eta Socialistas Vascos Taldeko ordezkariek aurkako botoa emon dabe. Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako 6 zuzenketa-eskeren edukina sarturik egongo da Erizpenaren testuan.
Batzordearen lehen batzarra goizeko 9:30etan hasi da, Lehendakaritza Sailari aurkeztutako zuzenketa-eskeen eztabaideagaz. Batzordean zehar izandako eztabaidearen ondorenez, PP alderdiak aurkeztutako zuzenketa-eske bat onartu da, UNED finantzatzeko 2013. urterako 120.000 euro eskatzen zituana hain zuzen. Enparauko zuzenketa-eskeak ez dira onartu.
Hurrengo batzorde-batzarrean, Herri Lan eta Garraioetako Sailari aurkeztutako zuzenketa-eskeen eztabaidea egin da. Guztira 16 zuzenketa-eske egozan Sail horri aurkezturik, baina azkenean bik baino ez dabe aurrera egin, biak PPrenak: batean 100.000 euro jarten dira Barakaldoko Lutxanako oinezkoentzako tuneletan bideo-zaintza sistemea jarteko, eta bestean, 200.000 euro gehitzen dira Santo Domingoganan oinezkoentzako pasabidea jarteko. Zuzenketa-eske horren arabera be, 2014-2015 aldian 1,6 milioiko beste diruizendapen bat jarteko konpromisoa be hartu da.
Goizeko eztabaidak Nekazaritza Sailari aurkeztutako zatizko zuzenketa-eskeakaz amaitu da. Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak ez ditu onartu Sail horri aurkeztutako lau zuzenketa-eskeak, bata PSErena eta beste hirurak Bildurenak.
Batzordea arratsaldean be bildu da, Gizarte Ekintza Sailari Taldeek aurkeztu deutsezan 42 zuzenketa-eskeez eztabaidatzeko. Batzordeak PPren hiru zuzenketa-eske onartu ditu aurkako boto barik. Zuzenketa guztiak ziran Mendekotasunaren prestazino eta dirulaguntzei buruzkoak. Onartutako zuzenketetariko batek hiru milioi euroko diruizendapena jarten dau Aldundiak martxan jarri dagian 1 mailako mendekotasundunentzako laguntzetarako, Mendekotasunari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.
Onartutako bigarren zuzenketearen arabera, 65.000 euro gehitu dira gaigabeziadunentzako jarduera zentroetan plaza gehiago eskaintzeko foru laguntzetarako. Onartutako hirugarrenarena arabera, 50.000 euro gehitzen dira nagusientzako laguntza eta soroslaritza psikologiko eta juridikoa emoteko egitarau baterako. Bildu eta Socialistas Vascos Taldeen zuzenketa-eskeak ez dira onartu.
Bihar, eguenean, enparauko Sailei buruz aurkeztutako zatizko zuzenketa-eskeen eztabaideak aurrera egingo dau Batzar Nagusiek Bilbon daben egoitzan (Hurtado de Amezaga 6, 6. solairua). Batzarrak goizeko 9:30etan hasiko dira, eta lehenengoa Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurrekontuei aurkeztutako 16 zuzenketa-eskeei buruzkoa izango da: goizeko 11:00etan hasiko da Ingurumen Sailari aurkeztutako zuzenketa-eskeena (8 zuzenketa-eske); eguerdiko 13:00etan Kultura Sailari aurkeztutakoena; eta arrastiko 16:00etan izango da azken batzarra, Ogasun eta Finantzetako Sailari (7) eta Testu Artikulatuari aurkeztutakoakaz (8).
Bizkaiko Aurrekontuan behin-betikotasunez onartzeko izapidea Gernikako Osoko Batzarrean amaituko da, Taldeek Ekonomia eta Ogasuneko Batzorde bilera horreetan Osokorako gordetako zuzenketa-eskeen eztabaideagaz.