Aurreko Albisteak

Virtisú enpresa "inbertitzaile garrantzitsu bigaz " negoziazinoetan dagoala jakinarazo dau Imanol Pradalesek Batzar Nagusien aurrean, enpresea saldu ahal izateko

Batzordea

Bilbon, 2013ko urtarrilaren 25ean

Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatua, Imanol Pradales, Bizkaiko Batzar Nagusien Ekonomia eta Ogasun Batzordearen aurrean agertu da gaur goizean, Bildu Taldeak eskatuta, abendu honetan bere produkzinoa “guztiz” gelditu dauen Virtisú paper enpresaren gaur egungo egoerea azaltzeko. Enpresako arduradunek behin baino gehiagotan esan deutsie Foru Aldundiari une honetan Jofel konpainiaren filiala “inbertitzaile garrantzitsu bigaz” negozietan dagoala Zallako lantegia saltzeko. Pradalesek esan dau “ezinbestekoa dala epe luzeko industria proiektua eta finantza gaitasuna izango dituan inbertitzaile baten sarrerea erraztea”, eta azpimarratu dau Foru Aldundia “ahalegin guztiak egiten dagoala konponbidea aurkitzeko”.

Foru Aldundiak Virtisú enpresaren industria jarduereari eta enpleguari eusteko apustu “argia” egiten dauela adierazo dau Aldundiko arduradunak. 2006an Foru Aldundiak “hainbat tresna mobidu ebazala” gogoratu dau Pradalesek, eta lan horri esker “lantegia ez zala itxi”. Akordio horretako faktore garrantzitsuen artean, Foru Aldundiak lurrak, pabilioiak eta makineria erostea sartzen zan, gero enpresari alokatzeko 2020. urtera arte. Orduan konpainiak lantegia ez ixteko konpromisoa hartu eban, industria jardueragaz jarraituz eta lanpostuei eutsiz.

Virtisú “erasorako arma” ez bihurtzeko eskatu deutse Imanol Pradalesek talde politikoei, egon daitekezan inbertitzaileen bidea errazteko. Diputatuaren berbetan une hau “konplexua” da, baina ez “atzeraezina”, eta Virtisúk martxan jarraitu dagian “aukerak dagozala” esan dau.

Ekonomia Sutatzeko Sailak Virtisú enpresako zuzendariakaz egin dituan kudeaketak ezagutzeko Bildu Taldeak eskatuta izan da Diputatuaren batzorderatzea. Aitor Torrek, Bildu Taldeko ordezkariak, zalantzan jarri dau 2006an enpresa horregaz sinatutako akordioa. Enpresaren jaubea arrisku kapital funts bat da. “Beharbada bazkidea ez zan egokiena izan”, adierazo dau. Onartu dau akordio hari esker enpresaren jarduerea sei urte baino gehiago luzatu dala, baina esan dau egindako jarraipena ez dala ona izan. “Akordioaren ondorengo jarraipena zalantzan jarten dogu”, adierazo dau.

Bilduk gogoratu dau be Aldundia dala enpresa horren lursailen eta makinerien jaubea, 2006an 15 milioi euro ordainduta erosi ostean. Orduko konpromisoaren arabera, Jofel konpainiaren filialak Enkarterrian dagoan plantearen jarduerea eta 105 lanpostuak mantendu behar ebazan. Paper-fabrikearen jarduerea geldirik dago joan dan abendutik. Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak baieztatu dauenez, langileek ez dabez kobratu azaroko eta abenduko soldatak, ezta Gabonetako “apartekoa” be.