Aurreko Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiak hobekuntzak proiektatu dauz La Avanzadan, trafiko pilaketak saihesteko

Batzordea

Bilbon, 2013ko urtarrilaren 25ean

Bizkaiko Foru Aldundia La Avanzadako trafikoa hobetzeko eta ibilgailu gehien dabilen orduetan errepide horrek jasaten dituan trafiko pilaketak saihesteko proiektua prestaten dago. Lehenengo neurrien artean, azpiegitura lan barriak egin behar barik errepidearen ahalmenaren arazoa konpontzeko alternatiba prestaten dabil Foru Aldundia, gaur egun bizi dogun egoera ekonomikoa kontuan izanda, Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Diputatuak, Batzar Nagusien aurrean gaur jakinarazo dauenez. Diputatuaren erantzuna, Jesús Isasik, Bizkaiko Talde Popularraren Taldeburordeak, errepide horretan “automobil gehieneko orduetan batez be, trafiko densidadeagaitik eta galtzada estua dalako” gertatzen diran trafiko arazoak dirala-ta, egindako galderaren ostean etorri da.

Herri Lan eta Garraioetako Batzordearen aurrean egindako agerpenean Garamendik adierazo dau Foru Aldundiaren proiektua, “La Avanzadatik Txorierrira doazan mobimenduetarako errepideari errei bi jartean zentretan dala, horretarako azpiegitura lan barriak egin behar barik, gaur egun dagozan aukera fisikoakaz”. Azterlan horretan bertan, Erandioko biribilgune zaharretik (Ertzaintzaren komisaldegiaren parean dagoana) aurrera errepidea hiru erreietik laura zabaltzea aurreikusten da, eta puntu horretatik aurrera errei bitan banatzea, Errontegiraino.

Beste alde batetik, Herri Lan eta Garraioetako Diputatuak, Bildu Taldeak Herri Lan eta Garraioetako Batzordean dauen ordezkariak, Asier Sanzek, egindako hainbat galderari erantzunez, bere Sailak lurraldeko errepide sarea mantentzeko, zabaltzeko eta hobetzeko lanetan egin dauen inbertsino esfortzua azpimarratu dau, beti be segurtasun, irisgarritasun eta mobikortasun erizpideei jarraituz. Bilduko ordezkariak egindako galderak 2012ko Aurrekontu Orokorren Memoriaren Herri Lan eta Garraioetako Sailaren 2013ko Aurrekontuen Memoriaren atal batzuei eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta INTERBIAK Soziedade Publikoak sinatutako hitzarmenean izandako aldaketa bati buruzkoak izan dira.

Inbertsino batzuk, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean egindakoak, adibidez, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP-CTB) funtzionamendua, Bilbobus zerbitzuaren murrizketea eta garraio publikoan txartel bakarra martxan jartearen atzerapena kritikatu ostean, Bildu Taldeko ordezkariak adierazo dau “iruditzen jaku Sailak arlo horretan aurrera daroazan jarduketak inguruko udalen kolore politikoaren araberakoak dirala”. Gai horregaz erlazionatuta, “Muxika edo Sopela bezalako udal batzuk, bertako errepideetan gertatzen diran istripuak gitxitzeko, bide segurtasunean eskatutako hobekuntzen egoereari” buruz galdetu deutso Sanzek diputatuari “aitatutako errepideetako istripuak kostu sozial handikoak diralako”.

Bere erantzunean Itziar Garamendik azpimarratu dauenez, “Foru Aldundiak 2006 eta 2010 urteen artean eregi dituan errepideko azpiegiturei eta Lurraldeko Garraio Publikoko sareari esker, bizkaitarrek 3,6 milioi ordu aurreztu dabez euren joan-etorrietan, bost urterik behin egiten dan azterlanak erakutsi dauenez. Denpora hori diru bihurtzen badogu, epealdi horretan aurreztutako diru kopurua 57,5 milioi eurokoa izan da”. Azpimarratu dau, baita be, “Bizkaiko mobikortasunaren kostua Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeetakoa baino txikiagoa dala, garraio publikoko sarea zabaltzeari esker familia unidade bakotxerako behar dan ibilgailu kopurua gitxitu egin dalako”.

Foru Diputatuak 2006-2010 epealdian egindako 31 azpiegitura proiektu aitatu ditu. Horreen artean dagoz Cadaguako igarobidea, Ballontiko ardatza eta Igorreko eta Lekeitioko saihesbideak. Euzko Abertzaleak Taldearen Herri Lan eta Garraioetako batzordeko ordezkariak Metrolpoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen erabilgarritasuna defendidu dau, bere erabilereak “Foru Aldundiak hasieran euki ebazan itxaropenak ez dituala beteten” onartu arren. Ezkerraldean bizi garan guztiok azken urteetan jasan doguzan trafiko pilaketak konpontzeko oso alternatiba baliagarria da”, esan dau.

Batzorde berean, Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bati buruz eztabaidatu dabe Taldeek. Sopelako udalerritik igaroten diran BI-634, BI-2122 eta BI-3214 foru-errepideetako konponketa, irisgarritasun eta mobikortasun neurriak hartzearen gainekoa izan da Proposamena. Izan be, azken urteetan automobilek hainbat oinezko harrapatu dabez errepide horreetan, eta persona bat hil da. Eztabaida, errepide horreen titulartasunari eta eskumenei buruzkoa izan da, baina Talde guztiak ados jarri dira bertan gertatzen diran bide segurtasun arazoak konpontzeko neurriak ahalbait arinen hartu behar dirala esatean. Azkenean, Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenari ezezkoa emon jako, Euzko Abertzaleak Taldearen kontrako 6 botoakaz. Bildu Taldeko eta Socialistas Vascos Taldeko ordezkariek proposamenaren alde bozkatu dabe, eta Bizkaiko Talde Popularreko kide biak abstenitu egin dira.