Aurreko Albisteak

Ismael Fidalgoren lanen dohaintza Batzar Nagusiei eta Arte Ederren Museoari

Bilbon, 2013ko urtarrilaren 25ean

“Ismael Fidalgo eta gerraosteko artisten belaunaldia” erakusketaren markoan (Jorge Oteiza, Agustín Ibarrola, Mentxu Gal eta Iñaki García Ergüínen lanak dagoz ikusgai bertan, besteak beste), Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bilboko Arte Ederren Museoak Ismael Fidalgoren bi artelan jaso dabez, Sopuertako artistearen adiskide mina izan zan Ángel Aja margolariak dohaintzan emonda.

Ana Madariaga Batzar Nagusietako lehendakaria eta Javier Viar Arte Ederren Museoaren zuzendaria “Galindo-Simondrogas-Sestao” eta “La Punta-Sestao” mihiseak emoteko ekitaldian egon dira. Gaurtik aurrera, artelan horreek aitatutako erakunde bietako bilduma iraunkorretan egongo dira.

Dohaintza gaur goizean egin da, Bizkaiko parlamentuko erakusketa aretoan egindako ekitaldian, Bilbon. Bertan, Batzar Nagusiek José Barceló margolariaren beste artelan bat jaso dabe María Jesús Galíndez alargunaren eskutik. Hain zuzen be, aitatutako margolaria Ismael Fidalgoren lagun eta garaikidea izan zan. Jasotako margolanaren izenburua “Don Giovanni” da, Mozarten operari egindako omenaldia eta Bizkaiko eta Euskal Herriko artearen gainean Batzar Nagusietan dagoan bilduma garrantzitsuan sartu dana.