Bizkaiko aurrekontuen proiektuak tramitetan jarraitzen dau, Bilduk eta PSEk aurkeztutako osoko zuzenketa-eskeak ukatu ostean
Gaur goizean Gernikan izandako osoko batzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ukatu egin ditue Bildu eta Euskal Sozialistak (PSE) taldeek José Luis Bilbaoren Foru Gobernuak prestatutako 2013rako aurrekontu-proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa-eske biak, Euzko Abertzaleak (PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen kontrako botoakaz. PSEren zuzenketa-eskea PP eta PNVren 30 botoakaz ukatu da, eta aldeko 19 izan dauz, sozialistenak eta Bilduren ordezkarienak. Bilduren zuzenketa-eskearen kasuan, taldeen jarrera berbera izan da. Kasu honetan, kontrako botoak 30 izan dira, eta zuzenketa-eskearen aldekoak 20. Lurraldeko kontuek parlamentuko tramiteagaz jarraituko dabe, izan be, 200 zuzenketa-eske partzialak batzordean eztabaidatuko dira.
Ogasun eta Finantzen foru diputadu José María Iruarrizagak emon deutso hasiera eztabaideari, Bizkaiak 2013an aurrekontuak izan behar dituala defendatuz. Lehenengo eta behin, adierazo dau kontu publikoen proiektua “gogorra eta doikuntzakoa” dala, baina “bideragarria eta zentratua”, eta, ondoren, bost ardatzetan oinarrituta dagoela esan dau: gizarte ekintza, enplegua, inbersino publikoa, zerbitzu publikoei eustea eta aurrekontu-egonkortasuna, zorpetzea ez handitzeko. Kalkuluen arabera 2013an Bizkaiko BPG ehuneko 1,1 hazi daitekeala adierazo ostean, esan dau Aldundiak “eragile “ moduan erabiliko dituala Kontuak, beti be, “geure gaitasunetatik abiatuta aurre egiteko oraindik be eragiten deuskun krisi egoereari”.
2013rako, Aldundiaren guztizko aurrekontu bateratua (kudeaketa propioa gehi konpromiso instituzionalak) 6.831,3 milioi eurokoa da, hau da, 2012koa baino %5,8 gitxiago. Sailen kudeaketa propioko aurrekontua 1.435,7 milioi eurokoa da, eta “oinarrizko” hiru sail dagoz, Iruarrizagaren esanetan: Gizarte Ekintza Saila, Ekonomia Sustatzeko Saila, eta Herri Lan eta Garraio Saila. “Gastu sozialari lehentasuna emoteko eta konprometidutako inbersinoa mantetzeko balioko dau”, esan dau Iruarrizagak.
Bilduren bozeramaile Irune Sotok erantzun dau, Ahaldun Nagusiari zuzenduta, PNV eta PPren arteko akordioa “kromo-trukea” dala. Akordioaren edukien barri ez daukiela onartu ondoren, Sotok iragarri dau itun honek Eusko Legebiltzarrean aurrekontuak babesteko balioko dauala. “PNVk akordio honegaz erakutsi dauan nora ezak kezkatzen gaitu, bai eta horrek bizkaitarrengan izango dituan ondorioek be”. Aldundiak aurkeztutako kontuei jagokenez, koalizio abertzalearen bozeramaileak esan dau kontuek “ez dituela personak hartzen abiapuntutzat”, “ez dabela Bizkaiko egoera sozioekonomikoa hobetzen” eta “Rajoyren Gobernuaren murrizketei alfonbra gorria ipinteko balio dabela”. Foru gobernuari eskaera egin deutso “gogoeta sakon eta serioa egin dagian bere politikaren ardatzen gainean”.
Ildo berean, PSEk Batzar Nagusietan daukan bozeramaileak, Iñaki Egañak, Araban eta Bizkaian aurrekontuan PPgaz negoziatzeak dakarren “kromo-aldaketea” salatu dau. “Teatro hustzat” hartu dau akordioa. “Eskuinen arteko besarkada da, ez eben akordiorik gura gugaz”, esan dau. Egañarentzat, Aldundiak aurkeztutako aurrekontu-proiektuak ez dau balio Bizkaiko arazoak konpontzeko, ongizatea murrizten dabe-eta, eta “agortuta, ideiarik barik eta indarrik barik” dagoala esan dau. Hitzaldian, bete ez diran konpromisoak ekarri ditu gogora, besteak beste, Ermuko saihesbidea, Metro Bilbaoren 3. linearen finantziazinoa, garapenerako lankidetzarako partiden murrizketea eta udalen finantziazinoa. Bozeramaile sozialistak esan dau “oraindik egin ez dan” erreforma fiskal batek “murrizketak arindu leikezala”.
Beste alde batetik, PPren bozeramaile Esther Martínezek esan dau Bildu eta PPren osoko zuzenketa-eskeen kontrako botoa “koherentea” dala. Jarrera hori justifikau dau; izan be, “ez dogu sinesten eskuinekoen eta ezkerrekoen diskurso horreetan, ondo edo txarto kudeatzean sinesten dogu, beharrezko gauzetan inbertitzean eta eraginkorrak izatean”. Martínezek, PNVren eraginez negoziazioetan zenbait astez blokeatuta egon dirala azpimarratu ostean, nabarmendu dau “zubi-lanak egiteko” eta “arduraz” lan egiteko momentua dala.
Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, Jon Andoni Atutxa batzarkideak 2013rako aurrekontuak defendatu ditu, eta iragarri dau datozen egunetan PNVk lan-agiri bat bialduko deutsela talde guztiei, PFEZ eta Soziedadeen Zerga erreformatzeko “oinarriak ipinteko”. Atutxak Aurrekontuen eztabaidan adierazo dau hori; bertan, garai barri baten sartu behar dala eta akordioetan aurrera egin behar dala defendatu dau. Era berean, esan dau bai bere alderdiak bai PPk ez “dabela amore emon azken asteotako zailtasunen aurrean”, eta adierazo dau lanean jarraitzen dabela “konpromisoa lortzeko”. Aurrekontuari jagokonez, esan dau “zorrotza, errealista eta neurrikoa” dala. “Ezin dogu gastau ez daukaguna”.
Osoko batzarrak 3 orduko iraupena izan dau, eta hemizikloaren argazki barria erakutsi dau, aurpegi barriakaz eta leku-aldaketakaz. Batzarrari hasiera emoteko, Oscar Aranak eta José Luis Sagredok euren karguak hartu ditue Euzko Abertzaleak taldearen batzarkide barri moduan, Bilboko eta Durango-Arratiako barrutietatik, hurrenez hurren. Juan María Aburto eta Idoia Mendiolagaray ordezkatu ditue Gernikan; azken hori abenduan hil zan, eta Ganberako lehendakari Ana Madariagak modu berezian gogora ekarri dau batzarra amaitzean. Bestalde, Lorea Bilbaok, Euzko Abertzaleak taldearen bozeramaile barriak, Unai Rementeriaren lekua hartu dau; azken hori Ahaldun Nagusiaren ondoan jarri da, Aldundiaren bozeramaile eta Lehendakaritzako diputatu barri gisa.
Osoko zuzenketa-eskeen batzar honen ostean, aurrekontuen parlamentuko tramiteak jarraituko dau, zuzenketa-eske partzialak batzordean eztabaidatuz. Taldeek 200 zuzenketa-eske partzial aurkeztu ditue; horietako 1 PNVri jagoko, 88 Bilduri, 26 PSEri eta 85 PPri. Lurraldeko kontuak behin betiko onartzeko bidea azken batzar bategaz amaituko da; hain zuzen be, Ekonomia eta Ogasun Batzordetik pasau ostean geratzen diran zuzenketa-eske partzialak aztertuko dira azken batzar horretan.