Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek ezezkoa emon deutsie Foru Aldundiak Lutxanako (Barakaldo) oinezkoentzako tuneletan segurtasuna hobetzeaz arduratu beharrari

Batzordea

Bilbon, 2013ko urtarrilaren 21ean

Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordea gaur goizean batu da, Barakaldoko Lutxanako tunelei buruz Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatzeko. Proposamen horretan, Barakaldon dagozan Lutxanako oinezkoentzako tunelak desagertuerazoteko eskatu deutso Socialistas Vascos Taldeak Bizkaiko Foru Aldundiari. Tunelok orain bi hamarkada eregi ziran auzo hori eta Barakaldoko erdigunea lotzeko. Ekimenari ezezkoa emon jako, Euzko Abertzaleak taldearen kontrako botoagaz eta Bizkaiko Talde Popularraren abstentzioagaz. Bildu izan da talde sozialistaren proposamenaren alde agertu dan bakarra. Proposamenean, orain 30 urte eregitako sarbideen aldaketaz arduratzea eskatzen zan. Errontegiko zubiaren eraikuntzaren ondorioz sortutako lur azpiko tunel “luze eta estuetan” “sexu erasoak eta salaketa asko” jaso izan dira azken urteetan, sozialistek esan dabenez.

Bizkaiko talde sozialistak uste dau Barakaldoko biztanleek alternatiba “duina” merezi dabela, etorkizunean deliturik egon ez daiten. Talde horrek batzordean dauen batzarkide eta Barakaldoko alkate dan Tontxu Rodríguezen eritxiz, Lutxanako tunelak “puntu baltza dira gaur egun emakumeentzat”. Tunelen segurtasun falta, iraganean Foru Aldundiak egindako “akatsen ondorio” da. Akats horreek “ibilgailuei herritarrei baino garrantzi gehiago emonez” errepideko azpiegituren plangintza “basatian” oinarritu dira.

Talde jeltzalea harrituta agertu da, talde sozialistak Foru Aldundiari eta ez beste inori eskatzen deutsolako Lutxanako tuneletan hobekuntzak ezartzea, kontuan izanda Barakaldoko Udaleko taldeen artean bakar batek be ez dauela “Foru Aldundiaren eskumena danik planteatu”, Jon Larreak gogoratu dauenez. Lutxanako oinezkoen sarbideetan aldaketak proposatzeko aukera “asko” pasatzen itxi dauz Udalak. Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak Udalerriko Hiri Antolakuntza Plan Orokorra, BEC eregiteko sartutako hirigintza aldaketea edo Sefanitro izandakoaren lurretan “Bilboko Atea” egitasmoa aurrera eroateko uri egokitzapena aitatu dauz. EAJk adierazo dauenez, Barakaldoko Udala da puntu horretako herri segurtasuna hobetzeko konponbideen arduradun nagusia.

Bozketea egin aurretik, talde sozialistak popularren zuzenketa-eskea ez dau onartu. Zuzenketa-eske horren bitartez, Lutxanako tuneletan bideo-zaintzarako kamera sistema jarteko eskatu deutsie popularrek Barakaldoko Udalari. Ez dira “betirako konponbidea”, Esther Martínez taldeburuak adierazo dauenez, baina “berehalako” konponbidea da, “behin betiko” konponbidea diseinatu arte. Kontuan izan behar dogu behin betiko konpobide horretarako asko itxaron behar dala, eta konponbide horretarako beharrezkoa izango dala administrazioak ados jartea”. Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza aitatu dauz.

Bildu taldea bat etorrida sozialistakaz tunel horreek kentzea beharrezkoa dala esatean. Halan da be, Aitor Torrek gogoratu dau Barakaldon holako beste hamar “puntu baltz” dagozala eta Barakaldoko Argitan emakumearen aholkularitza zentroak egindako azterlanaren datuak aitatu dauz. “Genero ikuspegian oinarritutako hiriak” egiteko beharrezkoak diran hirigintza aldaketak lantzen diran bitartean, talde abertzalearen eritxiz beharrezkoa da beste puntu baltz horreek be kentzea, eta hezkuntzaren arloan “prebentziozko neurriak” ezartearen aldeko apustua egitea. Torrek azaldu dauenez, badagoz Lutxanan “lur azaleko alternatiba” bilatzeko moduak.


AP-8KO, ARTXANDAKO TUNELETAKO ETA METROPOLIAREN HEGOALDEKO SAIHESBIDEAREN ORDAINSARIAK %2 IGO DIRA

Batzorde horretan bertan, Bizkaian ordainsaria ordaindu behar dan errepideetan aplikatzen diran tarifa barriak jakinerazo dauz Bizkaiko Foru Aldundiak Batzar Nagusien aurrean. Prezio horreek urtarrilaren 1ean sartu ziran indarrean. Araudiak adierazoten dauen legez, Foru Aldundiak, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen, Artxandako tunelen eta AP-8 autopistako Bizkaiko zatiaren prezioak eguneratzen dituan Foru Dekretuak aurkeztu dauz. Bertan, Foru Gobernuak kopuru barriak agintzeko jarraitutako erispideak zehazten dira. Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Diputatuak, azaldu dauenez, igoerea %2koa da, KPI-aren azpitik dagoan igoerea (%3,3). Errepide horreek sarritan erabiltzen dituan erabiltzaileari orain arte aplikatzen jakozan beherapenek bardin jarraituko dabe.

AP-8aren kasuan, eta zati luzeena erreferentzia moduan hartuta, ibilgailu arinentzako ordainsaria 4,06 eurokoa da (2012an baino 8 zentimo gehiago). Artxandako tunelen kasuan, ordainsaritan ordaindu behar dan kopurua 1,05 eurokoa da ibilgailu guztientzat astegunetan. Zentimo 2ko igoerea erakusten dau horrek astegunetan. Eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideari jagokonez, zati luzeena erreferentzia moduan hartuta, Larraskitu-Trapagaran, astegunetan ibilgailu arinek 0,02 euro gehiago ordainduko dabe. Ibilgailu astunen kasuan, igoerea 0,07 eurokoa da, astegunetan zein zapatu eta jaiegunetan.