Aurreko Albisteak

Metroko txarteldegietan txartelak erosteko "PINa" sartu beharra izateko aldaketak eskatu ditue Batzar Nagusiek

Batzordea

Bilbon, 2013ko urtarrilaren 11n

Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak, gaur goizen egin dauen batzarrean, onartu egin dau Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat, zeinen bitartez Metro Bilbao enpreseari eta Bizkaiko Garraioen Patzuergoari eskatzen jaken Metro Bilbaoko txarteldegietan kredito- eta debito-txartelak erabilterakoan PIN zenbakia sartu beharra izatea. Ekimen horrek PP, PSE eta Bilduko batzordekideen babesa izan dau. Horren bitartez, bada, eskatu egiten jako Foru Aldundiari egin beharrekoak egin dagizala erabiltzaileek bidaiatzeko Barik txartelak edo bestelakoak erosterakoan “derrigorrezkoa” izan daien PIN zenbakia sartzea.

Talde Popularrak eginda dauen proposamenak ( https://www.jjggbizkaia.eus/Boletin/B/4/09/Biv234a.pdf) helburutzat dauka Metroaren erabiltzaileen “segurtasuna eta nasaitasuna” bilatzea. Talde horretako Jesús Isasi batzarkideak adierazo dau eze uneon ez dala beharrezkoa ezetariko pasahitzik-edo sartzea horrelako eragiketetan, autopistetako ordainlekuetan jazoten dan modu-moduan. Isasi jaunak ganeratu dau hori holan izateak “arazoak” edo “eragozpenak” sortuazoten dituala zenbait creditrans aldi berean erosi gura diranean edo, baita, kreditu-txartela lapurtu ezkero.

EMV protokoloak (Europay, MasterCard eta VISA sistemena) 2011. urtetik aurrera bete beharrekotzat joten dau salmenta sistema horretan derrigorrez sartu behar izatea PIN zenbakia. Bilduren aburuz, “hori bete beharrekoa da eta bete egin behar da, Madrileko Metroan jasoten dan lez”; horixe adierazo dau talde horretako Aitor Torre batzarkideak. Ekimen horrek Socialistas Vascos Taldearen aldeko botoa be izan dau; dana dala, Joaquín Colmenero batzarkide sozialisteak adierazo dau berak zalantzak dituala, ea betebehar horrek “eragozpenak ez ete deutsazan eragingo garraio zerbitzu horri”.

Eusko Alderdi Jeltzalearen Taldeaabstenitu egin da, uste izan dauelako daborduko egon badagozala banku eragiketa horrentzako “mugak” txartelak erosterakoan. Jarduera protokolo horretara egokitzeak milioi bat euro baino gehiagoko eralketa ekarriko leuskio Metro Bilbaori; horixe adierazo dau Irene Edesa batzarkide abertzaleak, BGPk 2008an eginiko azterlan baten oinarriturik. Betebeharra be zalantzatan jarri dau. Edozelan be, ganeratu dau eze “denporeak aurrera egin ahala, azkenean ezarri egin beharko dala”.

BIZKAIBUS

Herri Lan eta Garraioetako Batzordearen aurtengo kontrol saioetariko lehena izan dan honetan, Batzar Nagusiek onartu egin dabe Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena (https://www.jjggbizkaia.eus/Boletin/B/4/09/Biv228a.pdf), hain zuzen be bilatzen ebana Leioako unibertsitatearen campusean Bizkaibus zerbitzuaren linea ezbardinek daukiezan geralekuak areagotzea. Bildu Taldearen ekimenak sozialisten eta popularren aldeko botoa izan dau eta Euzko Abertzaleak Taldearen abstentzinoa. Azken horren aburuz, campusean gaur egun dagoan geralekuen banaketea ez da “inprobisazinoaren ondorio”, UPV/EHUgazko alkarlanaren frutu baizik.

Beste alde batetik, Herri Lan eta Garraioetako foru diputatua, Itziar Garamendi andrea, batzorderatu egin da Batzarkide-Taldeei azaltzeko zertan dan bere Sailak prestatutako Bizkaibusaren berregituratze planaren kontua. Diputatu andreak adierazo dau eze berregituraketa-prozesu horrek aurrera egingo dauela urte honetan. Aldundiak prozesu horretan orain arte emon dauen azken pausoa izan da Deloitte Advisory enpreseari esleitzea kontratu bat, (290.000 euroko balioa duena) zeinaren bitartez Sailak aholkularitza teknikoa izango dauen etorkizunean egingo diran bost emakida administratiboen kontratazinorako pleguak idazteko eta sistemaren bideragarritasuna eta/edo kostuak hainbat kasutan aztertzeko, behin jasorik joandako urtearen amaieran aurkeztu ziran alegazinoetan planteaturikoak. Batzarkide-Taldeak eurak izan ziran alegazino horreetariko askoren egileak.

Batzarraren amaieran, Bizkaibusen euskereak dauen erabilerea aztergai zala, Garamendi Diputatu andreak azaldu egin dau eze, gaur egun langileen % 36a gai dala jendea euskeraz atenditzeko. Eta, alderantziz, langileen %20a ez dala gauza euskeraz berba egiteko (TCSA enpresearen datuak ez dira horretan sartzen). Bildu Taldeak batzorderatze-eskea aurkezturik eban jakiteko Sailak ze partida eukan aurrekontuan “Bizkaibuseko emakidadunen eremuan hizkuntza-politikak beteteko” eta zein zan “operadoreei dagokienez plantilaren euskalduntze-mailaren inguruan Sailak egindako diagnosia”. Diputatu andreak erantzun deutso “Sailaren aurrekontuetan ez dagoala horretarako partida berezirik, hau da, enpresa pribatu baten hizkuntza arloko prestakuntzarako partidarik”, baina Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak enpresa pribatuentzako ikasketetarako diru-laguntza sorta bat badaukala”.