Aurreko Albisteak

"Merioaren Ibilbidea" guztientzat zabalik

Kartela

Gerediaga, 2013ko urtarrilaren 8a

Adina gora-behera, edonork emon leike izena “Merioaren ibilbidea” egiteko. Orain arte, eskualdeko eskola-umeentzako prestaturik egoan Ibilbide hori, Durangaldearen jatorria, historia eta erakundeak hobeto ezagutu eiezan. Urtarrilaren 19an hasita, guztientzat zabalik dago Gerediaga Elkarteak bultzatutako ekimen hori. Autobusez bisitaldi gidatua egingo da zortzi interesgune ardatz hartuta, besteak beste Bizkaiko Batzar Nagusiena dan Gerediagako Batzarretxea (Abadiño). Ibilbidea euren kabuz egin gura dabenei laguntzeko, Ibilbidean zehar estrategikoki banandutako azalpen zutabeak dagoz.

Ibilbide turistiko hori Goiurian (Iurretan) hasten da eta Momoitioko San Juanetik (Garai), Garaiko eleizatetik, Gerediagako Foru Zelaitik (Abadiño) eta San Agustin Etxebarriatik (Elorrio) igaroten da, Elorrioko uribilduan amaitzeko. Bisitaldi gidatu horren aukerakotzat, ibilbidean zeharko zortzi gune nagusietan, “totem” antzeko zutabe batzuk jarri dira ibilbide osoari eta dagozan leku zehatzari buruzko informazinoa eskainiz, bai fisikoki zutabean integratutako argazki eta testuen bidez, baita mugikorraren bitartez be, ikurretan jarritako QR kodeen bidez, Gerediagako www.gerediaga.com webgunera zuzenduta.

“Merioaren ibilbidea” 2009. urtean egiten hasi zan aisialdi-eskaintza da, eskualdeko gazteei zuzenduta. Horri esker, ehundaka ikaslek izan dabe aukerea Durangaldearen historiaz, erakunde-antolaketaz eta zehaztasunez gehiago jakiteko: lehen antolaketaren ondorioz sortutako auzo edo kofradiak, eleizateak eta eleizateen bilketearen bitartez sortutako Merinaldea, Nafarroako erresumeagaz izandako hartu-emonak edo uribilduen presentzia ahaztu barik, orain 800 urte dirala Durangaldea Bizkairatu zan arte.

Ibilbidea egiteko, bada, aurretiaz deitu behar da 94 681 80 66 telefonora edo, bestela, www.gerediaga.com webgunera jo izena emoteko. Hori egin ostean, edonork eukiko dau aukerea goizean zehar autobusez bisitaldi gidatua egiteko Durangoko Merinaldea izan zanaren lekurik aitagarrienetatik zehar, hango urigune eta baserrialdeak ezagutu eta antolaketa politikoaren barri izateko. Urtarrilaren 19ko bisitaldi gidatua euskeraz izango da, eta 20koa erderaz.

Bisitaldiaren erdiguneetariko bat Gerediagako Batzarretxea izango da, eskualde horrentzat ikur berezia da-ta. Bizkaiko Batzar Nagusiek konpondu eta berreskuratu egin eben Gerediagako ermitea, Bizkaiko gaur eguneko ordezkari hautatuek bertan atzera be batzartu daitezan, aspaldiko sasoietan Durangoko Merinaldeko ordezkariek egiten eben moduan.