Aurreko Albisteak

Durangaldea Bizkaian integrau zaneko 800. urteurrena ospatzeko ekitaldia

Gerediagan, 2012ko abenduaren 29an

Gaur, Durangaldeko Merindadea Bizkaiko egitura politiko-administratiboan integrau zaneko 800. urteurrena ospatu da. 1212ko abenduaren 29an, Alfontso VIII.a Gaztelako erregea zanak Diego López Harokoa II.a Bizkaiko Jaunari emon eutsazan Durangoko lurrak, azken horrek erregeari Navas de Tolosako bataila historikoan emon eutsan laguntzea eskertzeko.

Gertakari horren ondorioz, Durangaldeko Merindadea Bizkaiko Jaurerrian integretan hasi zan, eta halantxe gogorarazo da gaur eguerdian, Gerediagako Juntetxean. Gerediaga Elkarteak antolatutako ekitaldiak Bizkaiko Batzar Nagusien, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Durangoko Mankomunidadearen kolaborazinoa euki dau, eta, bertan, “Durangaldeko Teila” bi urterik behingo saria emon jako Iñaki García Camino historialariari, mende luzez bere instituzinoei eusten jakin izan dauen eskualde honen jatorria eta historia ezagutzera emoteko egin dauen lanagaitik.

Durangoko Merinalde Egunagaz batera antolatu diran ospakizunak hilaren 27an (eguena) hasi ziran, musika eta antzerki ikuskizun bategaz; bertan, omenaldia egin jaken Durangoko kondeei. Zaragozako “Los Navegantes” konpainiaren eskutik, 1212ko gertakarietan oinarritutako “Duranguesado: cruce de caminos” (“Durangaldea: bidegurutzea”) ikuskizunaz disfrutetako aukerea egon zan.

Hurrengo egunean, Durangoko Kurutzesantu Museoan, Jon Irazabalen “Duranguesado: breve historia” (“Durangaldea: historia laburra”) liburua aurkeztu zan; bertan, 100 orrialde inguruan, egileak eskualdearen bilakaeraren gaineko errepasoa egiten dau, euskerazko eta gaztelaniazko bersinoetan. Argitalpena persona garrantzitsuen biografia laburrez, argazkiz eta ilustrazinoz osotuta dago, bai eta leku enblematikoen gaineko erreseinaz be. Durangaldearen historiaren laburpen kontzentraua da, Neandertaletik hasi eta gaur egunera arte.

Ospakizunak gaur eguerdian amaitu dira, Gerediagako Juntetxean. Durangaldea Bizkaian sartu izanaren 800. urteurrenaren saio nagusian, Iñaki García Caminok, gaur egun Bilboko Arkeologi Museoaren zuzendaria danak, “Durangaldeko Teila” saria jaso dau; hain zuzen be, eskualdetik kanpokoak izan arren, eskualdearen alde lan egiten daben personei emoten jaken saria da hori. Izan be, García Caminok arkeologiaren eremuan egin dauzen aurkikuntzak funtsezkoak izan dira Durangaldearen jatorria eta historia ezagutzeko.

Ekitaldi honetara instituzino antolatzaile eta kolaboratzaileetako arduradun eta ikusle asko joan dira; besteak beste, Jon Andoni Atutxa, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko lehenengo idazkaria; Josune Ariztondo, Kulturako foru diputadua; Oskar Zarrabeitia, Durangoko Mankomunidadearen presidentea; edo Nerea Mujika, Gerediaga Elkartearen presidentea.