Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek proposatu dabe Ertzaintzak laguntzea emon dagiala Txorierriko Korridoreko Derioko urteerako "bide-segurtasunaren" hobekuntzan

Batzordea

Batzordea

Bilbon, 2012ko abenduaren 20an

Herri Lan eta Garraioetako Batzordea gaur goizean bildu da, goizetan “trafiko arazoak” eukiten dabezan Bizkaiko bide-sareko bi punturi konponbideak topetako. Txorierriko Korridoretik Deriorantz eta Zamudiorantz urteteko bidea da puntu horreetako bat, eta, bestea, Loiuko udaletxearen ondoko bidegurutzea, Loiu eta Asua lotzen dauzen bidean. Jesús Isasi PPko ahaldunak azaldu dauenez, konponbidea izango zan, lehenengo kasuan, Ertzaintzak “laguntzea emotea” trafikoa arintzeko, eta, bestetik, Foru Aldundiak Loiun saihesbidea eregiteko proiektua “azkartzea”. Talde batzarkide guztiek, abstenzinoaren alde egin dauen Bilduk izan ezik, bi ekimenak babestu dabez, ñabarduraren bategaz.

Txorierriko Korridoretik Deriora eta Zamudioko Teknologi Elkartegira joateko aukerea emoten dauen “errei bakarreko” urteeraren kasuan, Batzordeak popularren ekimena babestu dau, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko (orain, Segurtasun Saila) agenteek “trafikoa arindu” dagien 07:30etik 09:00etara. PNV, PSE eta PPren ordezkariak bat etorri dira, esaterakoan proposatutako neurria –Euskadiko exekutibo barriari bialdu beharko jako Aldundiaren bitartez– ez dala behin betiko konponbidea, baina balio ahal dauela BI-637 eta BI-631 errepideen arteko konexino honetan egoten diran “pilaketak arintzeko”, egoera ekonomikoak “pilaketak” desagerrarazoteko aukerea emoten ez dauen bitartean (bideen arteko lotura honen diseinua aldatuz). Bilduren arabera, konponbide hori “adabaki bat gehiago” da. Arazoaren jatorria “plangintza txarra” eta oraingo “mobikortasun eredua” dira. Txorierriko Korridorearen kasuan, Aitor Torre bozeramaileak uste dau konponbidea “autoak kentzera” egon behar dala bideratuta. Horretarako, garraio publikoa hobetzea, enpresentzako baliabide kolektiboak ezartzea edo bidegorriak sortzea proposatu dau.

Pilaketa “luzeak” daukazan beste errepide bat –popularren arabera– Loiuko udal mugartea zeharkatzen dauena da. Euren ekimena PNV eta PSEren babesari esker onartu da, eta, horren bitartez, 2013ko ekitaldian “konponbidea” topatu beharko litzateke, udaletxetik hur dagoan semaforoan sortzen diran “kilometro 1eko ilarak” desagerrarazoteko. Modu horretan, proiektua berreskuratu eta saihesbidea eregiko litzateke, Asuako zuzengunean dagoan gasolindegitik abiatuta. Egoera ekonomikoaren ondorioz, konponbide hori, “aurreikuspenen arabera, ezin izango da epe laburrean egin”, eta, ondorioz, Jon Larrea PNVren ordezkariak Aldundiak 2008an ipinitako “semaforoak berregokitzearen” alde egin dau. Semaforo horreek balio izan dabe bidegurutze horretan “bakarrik 3 istripu jazoteko”, baina “trafikoaren arintasuna” kaltetu dabe, PPko Jesús Isasiren arabera. Joaquín Colmenero bozeramaile sozialistak eztabaida hau aprobetxau dau, eta eskatu dau “puntu baltzen” Batzordea berreskuratzeko eta arazo honeek “arinago” konpontzeko.


OINEZKOENTZAKO PASABIDEA EGIRLETAN

Azkenik, saioko Arauz Besteko hirugarren Proposamenak babes parlamentario bera jaso dau; bertan, foru exekutiboari eskatzen jakon oinezkoentzako pasabide bat instaletako Egirletako mendatean, Bizkaiko uriburuko sarbide honetako galtzada modu seguruan zeharkatu ahal izateko alde batetik bestera. Txorierriko Korridorerantz bajatzen dan bide-tarte osoak hormigoizko erdibitzaile bat eukiko dau, eta “beharrezkotzat” joten da oinezkoentzako “neurriak hartzea”. PPk zuzenketa sozialista bat onartu dau, eregi gura dan pasabidea “bateragarria izan daiten” errepidearen etorkizuneko zabaltze-lanakaz.

Talde batzarkide guztiek onartu dabe oinezkoentzako egiturea “ez dala behin betiko konponbidea”, baina, behintzat, auzokideek lau erreiko errepide bat zeharkatzeak dakarzan arriskuei amaiera emongo jakela. Halanda be, Bilduk zalantza agertu dau “gehiegizko kostua” daukan azpiegitura bat instaleteari jagokonez –2 milioi euro, gitxi gorabehera–, azpiegitura horren benetako eskaerea zein dan jakin barik. “Neurri desorekatua iruditzen jaku”, esan dau Aitor Torrek. PNV eta PSE bat etorri dira PPgaz, esaterakoan etorkizuneko konponbidea errepidea handitzea dala, proiektu horren barruan oinezkoentzako pasabidea instaletea dagoalako. Baina hori “ezin izango da berehala egin”, esan dau Nerea Ahedo ahaldun nazionalistak, aurrekontua estua dalako.