Hil egin da Idoia Mendiolagaray, Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJren Batzarkide eta Zaldibarreko alkate ohia

Ana Idoia Mendiolagaray Bastida, Euzko Abertzaleak Taldearen Batzarkidea, hil egin da bart, azken urteotan odoleko minbiziari sendotasun handiz eta adoretsu aurre egin deutsan arren. Zaldibarreko Alkate ohia zan Idoia, eta 2007. urtean hasita Batzar Nagusietan Euzko Alderdi Jeltzalearen batzarkide izan da, Durango-Arratiako hauteskunde-barrutiaren partez. Agintaldi honetan, Batzar Nagusietako Alkartezintasunetarako Batzordeburu zan, baita Gizarte Ekintzako eta Herri Lan eta Garraioetako Batzordeetako kide be.
Batzar Nagusiokazko hartu-emona 2007. urtean hasi eban, VIII. agintaldiagaz batera. Batzar Nagusietako lanean, haisera hasieratik, batzordekide izan zan Batzorde batzutan (Alkartezintesunekoan eta Lan eta Ekonomi Sustapenekoan), eta Zaldibarko Alkate ardurak eta Batzar Nagusietakoak buztartu beharra izan eban ia urte bitan.
Jaio Berrizen jaio zan, 49 urte dirala, baina txiki-txikitatik bizi izan zan Zaldibarren. Erizain laguntzaile eta alaba biren ama genduan Idoia, 2007-2011 agintadian sartu zan Udal gobernura, euskerako zinegotzi zereginetan, eta Alkate bihurtu zan 2009. urtearen hasieran, artean alkate zan Igor Barrenetxea-Arando Bizkailurreko zuzendari izendatu ebenean.
KONPROMETIDUA, SENDOTASUN HANDIKOA ETA BURRUKALARI SAIATSUA
Bizkaiko Batzar Nagusietan lagun izan dabenek esaten dabe andra sendotasun handikoa zala, herriagaz konprometidua eta burrukalari benetan saiatsua. Idoiak Batzar Nagusietan egindako lana goraldu egiten dabe politika-lagun zein aurkariek.
Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakariak, Idoia gogotara ekartean, “hagazko hartu-emon estua” izan dauela dino. Madariagak Idoiaren “izaera sendoa eta adorea” eta “lanerako eukan grina” gogoratu ditu, “lagunen lagun izaten” jakin dauela. Gaixotasunari aurre egiten “une oso latzak” izan dituela gogoratzen dau Ana Madariagak, baina halan eta guzti be “gaixotasunari eta sufrimentu handiari aurre eginez, itzelezko adoreagaz”. “Ez dau inoiz erakutsi benetan jasan behar izan dauena” gogoratu dau Madariagak.
Euzko Abertzaleak Taldeko Taldeburuak, Unai Rementeriak, goraldu egin dau bere herriagaz, Bizkaiagaz eta Euskadigaz eukan konpromisoa. “50 urte atzera egiten badogu, Idoia orduko emakume abertzaleen modukoa izango litzateke, gure Euskadi honen oinarriak eregiten lan etenbakoa egin eben emakumeen moduan koprometidua eta herria maite ebana. Idoiak konpromiso eta lan maila berbera euki eban bere herriagaz. Garai bateko oinarriak, bere Zaldibarren eta Bizkaian, Batzar Nagusiotan, sendotzen lagundu dau bere lanagaz” gogoratu dau Rementeriak.
Bere aurkari politikoen begietara pertsona xumea, apala eta aberasgarria izan da. Josu Montalbán, aurreko agintaldian PSEren Batzarkide izandakoa, laguna eban eta esan dau politikoen artean berak ezagutu dauen sektarismotik eta handikeriatik urrunen egoanetarikoa zala Idoia. “Beti egoan indarrak batzeko prest”. “Eukan gauzarik aitagarrienetakoa umiltasuna zan, egiten ebana egin beharrekotzat hartuta, aurkari politikoa gitxiesteko gaur egun dagoan interesa alde batera itxita”, esan dau Montalbánek, eta ganeratu dau sakon-sakonean sentidu dauela Idoiaren heriotza, “emakume apala, naturala eta zintzoa, gizarte gaietarako ikuskera berezia eukana” zan-eta.
"IDOIA GURE LAGUNARI" (Jon Larreak idatzia)
“Emakume zolia zan. Beti baikor, beti optimista, beti burrukalari. Maitagarri egiten jatzun horreetarikoa. Pertsona gordea eta lagun ona. Jaioterria eta familia maite zituana. Politikoki konprometidua, eta horren harro, baina adeitsu, bere erakargarritasuna areagotzen eban xalotasun ikutu bategaz. Beti irribarretsu, naturala eta hurbila. Holantxe gogoratu gura dogu. Asko maite izan dogu eta faltan botako dogu.”
GOIAN BEGO