Aurreko Albisteak

Gernikako bonbaketearen 70. urteurrena

Agintariak Gernikako Arbolearen aurrean

Juan José Ibarretxe Lehendakariak aldarrikapena irakurri eban

Gernika nazien hegazkinek bonbakatu izanaren 70. urteurreneko ekitaldien erdigunea Batzarretxea izan zan. Mundu guztiko berrogeita hamarretik gora alkate eta ordezkari batu ziran Euskal Herriko agintariakaz Gernikan apirilaren 26an, “Gernika Bakeraren alde” izeneko Aldarrikapena irakurri zan bertan, Juan José Ibarretxe Lehendakariaren eskutik. Ekitaldiaren hasieran minutu beteko ixilunea egin zan bonbaketen, gerren eta indarkeriaren biktemen oroimenez, eta gogoratu egin zan oraintsu hil egin daben Nagasakiko alkatea, Itcho Ito jauna.

Gernikako Alkateak, Miguel Angel Aranaz jaunak, ongi etorria egin eta eskerrak emon eutsezan bertaratutako Nobel Saridunei, alkateei eta gainontzeko ordezkariei. Horreen artean egon ziran, besteak beste, Adolfo Pérez Esquivel 1980. urteko Bakearen Nobel Sariduna eta hainbat uritako alkate eta ordezkari, esaterako Japoniako Hiroshimakoa, Errusiako Volvogradokoa (lehen Stalingrado zana), Alemaniako Pforzheimekoa, Poloniako Oswiecimekoa eta Varsoviakoa eta Italiako Casalecchio di Renokoa, baita “Mayor of Peace” erakundearen, Auschwitzeko Nazinoarteko Komitearen eta Hiri Martirien Munduko Elkartearen lehendakariak be. Guztiokaz batera, Gernikako herritarrak eta zoritxarreko 1937ko apirilaren 26an nazien 42 hegazkinen bonbaketea bizi eta oraindik gure artean diranak be egon ziran.

Berbaldiak egin ebezan Janus Marszalek Oswiecimeko Alkate jaunak, bonbaketearen lekuko izan zan Luis Iriondo jaunak eta Adolfo Pérez Esquivel 1980. urteko Bakearen Nobel Saridun jaunak; azken horrek esan eban Gernika Bakearen Hiri bihurtu dala eta “munduko edozein lekutan sekula be ez gehiago esan behar jakola indarkeriari eta izuari”.

Egun berean eta ordu berberean Aldarrikapena irakurri egin zan hurrengo urietako leku esanguratsuetan: Buenos Aires, México DF, Txileko Santiago, Rosario, Mar de Plata, Montevideo, Boise, Sidney, Nueva York, Brusela eta Madril.

Ekitaldiari amaiera emoteko, “bakearen su-garra” biztu zan eta “Bakearen Aldarrikapena” izenpetu eben bertaratutako guztiek. Bonbaketearen 70. urteurreneko ekitaldi-egitarauaren osagai nagusi moduan antolatutako erakusketea inauguratu zan, ikusentzutezko erakusketa partehartzaile lez atonduta, horren barruan aitatzekoa izanik Euskadiko 4.000 herritarren argazkiakaz argazki-mosaikoaren teknikea erabilita egindako Picassoren “Guernica” margolanaren erreprodukzinoa.