Aurreko Albisteak

Familia guztiarentzako gabon-ekintzak Enkarte-rrietako Museoan

Historiaurreko tailerra

Abellanedan, 2012ko abenduaren 12an.

Danetariko ekintzak eskaintzen ditu Abellanedan kokatutako Enkarterrietako Museoak: ermitea hatxean zulatua eginik daukan meatzaldeko auzo bat ezagutu, erakusketa bat ikusi, sua eta horma-margoak historiaurreko erara egiten ikasi, eleiza erromanikoa eregi eta erdi aroko armadura baten barrutik zehar mundua ikusi.

"ZorionEM eta enkarterriON" izenburupean, Enkarterrietako Museoak (Abellaneda) zenbait ekintza antolatu ditu Gabonetarako, familiako guztiek alkarregaz batera gozatzeko. Abellanedako Batzarretxean dagoan kultur zentroak “menu” berezia atondu dau aurtengo Gabonetako oporraldirako, kulturea eta dibertsinoa buztartuz. Gura dabenek Ismael Fidalgo margolariaren bizitzaren eta lanaren inguruko erakusketea bisitatu leikie, eta iraganera gidatutako bisitaldia egin meatzaldeko antxinako auzo bateko bizitza zelakoa zan ezagutzeko. Basoetatik, trenbideetatik eta meagintzaren aztarnetatik horrenbeste mugitu gura ez dabenek aukerea dabe Museoaren barrualdean beste ekintza didaktiko baten parte hartzeko, umeei zuzendutako Historiaurreko eta Erdi Aroko tailerretan nonbait.

Martxan jarriko dan lehenengo ekintza Ismael Fidalgoren jatorriak ezagutzeko prestatutakoa da; Trapagaraneko artista hori, “meatzetako margolaria” ezizenez ezagutua zan. Bizkaiko Batzar Nagusiena dan Museoak datorren domekarako, abenduaren 16rako, bisitaldi gidatua antolatu dau artistaren jaiotzelekutik hurrean dagoan Sopuertako Alen meatzaren ingurutik. Meatzari auzoaren aztarnak ikusi ahal izango dira, eta antxina trenbidea zan lekutik oinez joanda hatxean zulatuta egindako Santa Luziaren mea-ermitara helduko dira bisitariak. Ostean, Enkarterrietako Museoan dagoan Ismael Fidalgoren erakustea ikusi ahal izango dabe partehartzaileek.

Abenduaren 24, 26, 27, 28 eta 31n eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an Museoak umeei zuzendutako Historiaurreko eta Erdi Aroko tailerrak eskaintzen ditu. Lehenengoan, aita-amak umeekin batera (8tik 12 urtera bitartekoak) horma-irudiak egingo dabez, edo sua edo harrizko lanabesak. Pigmentu naturalak, ardaia, silexa edo errekarriak izango dira horretarako erabiliko dabezanak, gure arbasorik antxinakoen bizimoduan murgiltzeko balioko deutsienak. Erdi Aroko tailerrean, handiek eta txikiek (6tik 12 urtera bitartekoek) erdi aroko idazlekuan eskuizkribuak egingo dabez eta garai horretakoak ezagutuko dabez Jauntxoen, antxinako torretxe eta gotorlekuen jabeen, bizipenen bitartez. Eleiza erromanikoa eregiteko astia be izango dabe, edo idazkera gotikoaren kakoak ezagutzeko, edo puntu erdiko arku bat egiteko, edo erdi aroko armadura bat aldean jarteko.

Ekimen guztiok doan dira eta beharrezkoa da izena emotea aldezaurretik museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus) edo 94 650 44 88 telefonoan.