Batzar Nagusiek Bizkaiko Lurralde Mugapeen gaineko Foru Araua onartu dabe

Gaur Gernikan egindako Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko Batzarrean, Bizkaiko Lurralde Mugapeen gaineko Foru Araua onartu da. Arau honek Bizkaiko Udal Mugarteen gainekoa ordezkatzen dau, eta, beraren bitartez –Aldundiaren arabera-, “etorkizuneko lurralde-eredua finkatu gura da, gaur eguneko errealidade ekonomiko eta sozialera egokituta”. Une honetatik aurrera, testu barriak Bizkaiko udalerrien mugatzearen eta zedarritzearen gainean sortu daitekezan gaiak arautuko dauz, eta lurraldeen neurrietan aldaketak egiteko aukerea emongo dau. “Mugak” finkatzeko arau barriak ezartzeaz gain, idazkiak Tokiko Erakundeen izena, armarria, banderea eta uriburutza arautuko dauz.
Batzorde Instituzionaletik etorritako Irizpena Euzko Abertzaleak, Bizkaiko Popularrak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoei esker onartu da. Azken idazketan, Bilduk proposatuta, testuak ez dau aldatuko artikuluetako bat, zeinaren bitartez arau barriaren aplikazinoa ez zan izango atzeraindarrekoa, eta, holan, ez jakon kalterik eragingo Galdakaoko Usansolo auzoaren bereizketa proiektuari. Puntu honetan, koalizino abertzaleak talde batzarkide sozialistearen babesa euki dau, baina ez da nahikoa izan emendakina aurrera aterateko, EAJren ordezkarien aurkako botoagaitik eta PPko ahaldunen abstentzinoagaitik.
Arauko 86 artikuluek “gaur eguneko errealidadera egokitzeko” balio dabe, Juan María Aburto Lehendakaritzako foru diputaduak adierazo dauenez. Beste muturrean, Bilduk esan dau proiektu hau onartzeak “bertan behera botaten dauela Usansolok borrokatutakoa”. Auzo horrek 1988an hasi eban bereizketa prozesua, Bizkaiko 113. udalerria izateko asmoagaz. Irune Sotok Aldundiari galdetu deutso ea beste batzuei zergaitik emon jaken baimena (Iurreta eta Zierbena aitatu dauz) Udal barria sortzeko, eta zergaitik uko egin jakon Galdakaoko auzo horreri. Talde Sozialistak baino ez dau babestu koalizino abertzalearen planteamentua. Talde horren bozeramaileak, Iñaki Egañak, uste dau Aldundiaren aldetik “borondate politikoa falta” izan dala, Usansoloko prozesuari aurrera egiten ixteko; halanda be, onartu dau arauaren gainerako atalak “egokitu egiten dirala errealidade sozialera eta krisi ekonomikoko gaur eguneko egoerara”.
Beste alde batetik, Unai Rementeria ahaldun nazionalistak defendidu egin dau bere taldeak araua babestu izana, horrek lurralde-antolakuntza “aurreratuagoa” ekarriko dauelako. Esan dauenez, onartutako arauan, “auzo-alkatearen” figurea dago jasota, eta hori erabili daiteke Usansoloren kasuan. Bizkaiko Talde Popularrak bat egiten dau nazionalistakaz, uste dabelako arauak Bizkaiko lurralde-garapen ona ahalbidetzen dauela, “eraginkortasun eta efizientzia” terminoetan. Udal barriak sortzeak “gastu gehiago eta funtzionario gehiago” dakarz. Garaiotan, “bikoiztasunak saihestu” egin behar dira, talde horren bozeramailea dan Esther Martínezen arabera.
2013KO APARTEKO ORDAINSARIEN AURRERAPENA ONARTU DA
Mahaiak egunero gai-zerrendan sartutako 19 gaietatik, parlamentuaren azken tramitea nabarmentzen da; horren bitartez, Aldundiak 2013ko aparteko ordainsarien ordainketa urtarrilera eta garagarrilera aurreratzeko egin eban proposamena ebatzi behar zan, aurtengo Gabonetakoa bertan behera ixtea erabagi ostean, Gobernu zentralak hartutako erabagiz. Foru exekutiboaren proposamenak Euzko Abertzaleen eta Sozialisten taldearen babesa euki dau, eta Bilduren eta Talde Popularraren abstentzinoa.
Araudiaren aldaketaren ondorioz, Aldundiaren arabera, foru langileek gaur eguneko testuinguruan daukien “erosteko ahalmenaren galeratik eratorritako ondorio ekonomikoak arinduko dira”; izan be, Rajoyren Gobernuak garagarrilean dekretau eban Gabonetako “apartekoa” bertan behera ixtea. Lehendakaritzako foru diputaduak esan dau Gabonetako aparteko ordainketa kentzea “inposau” egin jakela, eta neurri horren aurka agertu da, funtzionarioen erosteko ahalmenaren galera “gehiegizkoa” izan dalako azken urteotan, eta, gainera, horrek “ondorio negatiboa” daukalako konsumoan eta jarduera komertzialean. 2013ko aparteko ordainsarien ordainketa urtarrilera eta garagarrilera aurreratzea "zuhurtzia, erantzukizun eta segurtasun juridikoko erizpideagaitik” egingo da.
Proiektuak PSEren babesa euki dau, eta azken talde horren bozeramailea, Iñaki Egaña, kritiko agertu da Gobernu zentralak aparteko ordainsaria kentzeko hartu dauen neurri “injustuagaz”, eta Aldundiari gogorarazo deutso baegozala beste alternatiba batzuk; esate baterako, Eusko Jaurlaritzak defendidutakoa. Ildo berean, Euzko Abertzaleak Taldeak esan dau Gabonetako aparteko ordainsaria kentzea “injustua” dala, eta, hori “konpensetako”, 2013koa aurreratu behar dala. EAJren Batzar Nagusietako bozeramaileak, Unai Rementeriak, adierazo dau bertan behera itxitako ordainsaria “legez erabagitako” moduan itzuli beharko dala.
Beste alde batetik, PPk salatu dau EAJk eta PSEk “ikuskizun lotsagarria” emon dabela Gobernu zentralak hartutako neurriaren aurrean, eta adierazo dau egoera “larria” dala eta batzuetan “neurri mingarriak” hartu behar izaten dirala. Bere aldetik, Bilduk bozketan abstenidutea erabagi dau, eta esan dau Gobernu zentralak aparteko ordainsaria kentzeko hartu dauen erabagia “alde bakarrekoa” izan dala. Alde horretatik, Andoni Gezuraga ahaldunak adierazo dau Rajoyren Exekutiboaren Errege Dekretuak “nahaste-borraste izugarria” sortu dauela.
BATZAR NAGUSIEK BABESA ETA ALKARTASUNA ADIERAZO DEUTSIEE CEMENTOS LEMONA ENPRESAKO LANGILEEI
Gernikan izan dan Osoko Batzarrean eztabaidatutako gaien artean nabarmendu egin dira krisialdi ekonomikoaren alderdirik mingotsenagaz zerikusia daben batzuk. Esaterako, Batzar Nagusiek Arauz Besteko Proposamen bi onartu ditue Cementos Lemona enpresako langieleei alkartasuna adierazoteko, 34 langilek kaleratze EEE baten eragin izango dabe-ta. EAJk eta Bilduk batera aurkeztutako proposamen baten bitartez, exijitu egin da espedientea Lemoan negoziatzea. Arauz Besteko Proposamen horren bitzartez, langileei alkartasuna adierazo eta ganeratzen da Cementos Lemonako enpresa-komitea dala zilegitasuna dauen bakarra Lemoako plantako langileen lan baldintzak negoziatzeko; hori ez jake gustatu PSEko eta PPko ordezkariei.
Alderdi abertzale bien botoakaz onartu dan ekimen horretan eskatu egiten jake “enpresako zuzendaritzari eta langileei elkarrizketa eraikitzailean, inposaketarik gabe eta borondate onez, oraingo egoerari irtenbidea emateko izan daitezkeen aukerak sakontasunez azter ditzatela”. Era berean, Cementos Lemona enpreseari eskatu egiten jako “bere jarduera gure Herrialde Historikoan egiten jarraitzeko konpromisoa har dezala; eta ondorioz, enplegua bertan mantentzea bermatzeko”. PP alderdiak aurkeztu dauen beste proposamena be onartu egin da EAJren eta PSEren aldeko botoakaz eta Bilduren aurkakoakaz. Ekimen horretan planteatzen da “Batzar Nagusiek erabat arbuiatzen dabela Cementos Lemoa, SA enpreseak 34 langile kaleratzea, eta eskatu egiten deutsiela enpreseari mantendu dagizala lanpostuak”. Dana dala. PPkoen aburuz, negoziaketak ez jagokez Lemoako plantako langileei.
ZERGAPIDE GAIAK
Beste alde batetik, zergapekotzari lotutuako gaiak be hainbat izan dira Osoko honetan. Zergei buruzko 2/2005 Foru-Arauko itzurpenaren aurkako klausuleari buruz Bildu Taldeak aurkeztutako Arau-Proposamena aztertu dabe Batzarkide-Taldeek; ekimen hori ez da onartu EAJko eta PPko ordezkariek (27 bien artean) aurka bozkatu dabelako eta Bildukoek eta PSEkoek alde (20 boto). Emaitza bera izan dau Bildu Taldeak aurkeztutako beste proposamen batek, hain zuzen be foru zorra kalifikatzeagaitik Kalifi-kazino Agentziei ordaintzen jakena Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekon-tuetatik kentzeari buruzkoak.
Rajoyren gobernuak eragindako BEZaren igoerea be hizpide izan da Bildu eta Euzko Abertzeleak Taldeek aurkeztutako oso antzeko Arauz Besteko Proposamen bitan. EAJk erabateko desadostauna adierazo dau zeharkako zerga horren igoereaz, egoerarik txarrenean dagozanentzako are kaltegarriagoa dalako. Bilduk kendu egin dau bere proposamena eta bat egin dau EAJrenagaz. Bilduren aburuz “BEZa, kontsumoa zigortzen duen zeharkako zerga bat da. BEZak ez dio gehiago edo gutxiago duenari erreparatzen”. Batzar Nagusiak onartu egin dau Euzko Abertzaleak Taldearen proposamena, PPko eta PSEko ordezkarien aurkako botoa izan dauen arren. Ekimen horren bitartez, bada, barriro plazaratu da Bizkaiko Batzar Nagusiek arbuiatu egiten dabela Gobernu Zentralak erabagitako BEZaren igoerea; ekimena haratago be joan da eta zerga horrretan araugintza-ahalmena eskatu dau.
BIZKAIAREN GAUR EGUNEROKOTASUNAZ
Beste alde batetik, Batzarkide-Taldeek azaldu egin behar izan dabe zer deritxen udagoienon Bizkaian zabal ibili diran gai batzuez. Esate baterako, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu egin dabe Bilduren Arauz Besteko Proposamen bat, non salatu egiten zan Santurtziko portuan aberastutako 12 tona uranio oxido deskargatu izana. EAJren aldeko botoak izan ditu ekimen horrek. Onartu dan ekimenak EAJren enmendakinaren edukina jaso dau, zeinaren bitartez Gobernuaren Ordezkariari eskatzen jakon —ez Aldundiari— “gai nuklearrik edo herritarrentzako arriskurik dakarren beste edozein jaso edo garraiatu ez dedin Bizkaiko Lurralde Historikoko portuetatik zehar”.
BBKren Sarrikoko egoitza laster edegiteko dala-ta, eztabaidea sortu da Batzar Nagusietan, aste batzuk arinago Bilboko Udalean gertatu zan lez. Bildu eta Socialistas Vascos Taldeek batera aurkeztu dabe ekimen bat eta PP alderdiak bere aldetik beste bat, eta biak onartu dira ia ahobatez. Horregaz, bada, eskatu egin jako BBKri ahalik eta lasterren erakutsi dagiala zein izango dan egoitza barrira joango diranek izenpetuko daben kontratua eta mantendu egin daitezala aspaldian botatako Reina de la Paz egoitzan egoitzaratuek ebezan eskubide berberak. Era berean, eskatu egiten jako Gizarte Ekintza Sailari eze bitartekotza egin dagiala BBKren eta egoitzaratuen artean, Reina de la Paz egoitza hustu zanean egin zan moduan, itzulerea ikuskatuz eta egoitzaratuen eskubideak zainduz. Azken horregaitik abstenitu da Euzko Abertzaleak Taldea —Bilboko Udalean gertatu zan lez—. EAJko ordezkariak, Jon Larrea jaunak, adierazo dau “abstenitu egingo gara” Sailaren Ikuskaritza eta Kontrolerako zerbitzuak “ezin leikelako kontratu pribatu baten kontrola egin”
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Osokoaren azken aztergaiak Batzarkide-Taldeek egindako galderei Diputatuek emondako erantzunak izan dira. Esate baterako, PPk egindako erantzun-eske baten erantzunean, Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak iragarri dau Aldundia aztertzen dabilela “Denda bonoa” zabaltzea, kontuan izanik saltzeko egozan 15.000 bonoetatik daborduko 3.000 baino gehiago saldu dirala, hori guztiori Bizkaiko merkataritza suspertzeko politikaren barruan; izan be, horretarako aurrekontuetan egozan 300.000 euroak daborduko gastatuta ditu Foru Aldundiak. Aldundia aztertzen dago beste 5.000 bono gehiago saltzea.
Pradales Diputatuak emondako beste erantzun baten, adierazo dau ez dirala egia PP alderdiak BECen kudeaketea “negargarria” eta “porrot egindakoa” dala-ta adierazotakoak. Diputatuak zehaztu egin dau esanez BECen 2011. urteko defizita 4,9 milioikoa izan zala eta ez PPek esandako 41 milioikoa. Diputatu jaunak ganeratu dau eze Aldundiak iragarritako “Ekintza-Plana” Adminstrazino Kontseiluak noiz onartuko dagoala. Alderdi Poplarrak, bestalde, jakinarazo egin dau proposamen bat aurkeztuko dauela Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak ikuskatu dagizan BECen kontuak. Pradales Diputatuak erantzun deutse HKEEak ikuskatu egin ebazala 2009. 2010 eta 2011. urteetako kotuak. Diputatu jaunak eskatu egin deutso PPko ordezkariari “aukera bat emon deiola BECi eta kalte gehiago ez deioela egin” azpiegitura horri; horren Lehiakortasunerako eta Iraunkortasunerako Plana urtea amaitu aurretik onartuko dauela iragarri dau Pradales jaunak.
Irailean zehar egindako fumigazio masiboen inguruko azalpenak eskatu ditu Bilduk, fumigazino horreek balitekelako urak kutsatzen egotea, Burgoako ETAPean irailean Busturiako Partzuergoak ataratako analitiketan intsektizida partikulak bildu ziralako. Irene Pardo Nekazaritzako Foru Diputatu andreak erantzun deutso horixe izan dala “gertaera bakarra” tratamendu “selektiboa” izan daben 21.900 pinu hektareak kontuan hartuta. Eragindako kalteak 3.000 euro ingurukoak —ura barriro betetea eta analitika barriak egitea— izan dirala adierazo dau Diputatu andreak; gastuok fumigazinoak egin dituan enpreseak ordaindu dituala ganeratu dau Pardo andreak.
Beste alde batetik, 2012ko abuztuko zergabilketa metatuaren datuetan zigorrei dagozkien kopuruei buruz Bildu Taldeak aurkeztutako ahozko erantzun-eskea gauzatu da, Talde horren ustez Herrialdeen artean “aldeak” dagozalako. Iruarrizaga jaunak erantzun deutse esanez Bizkaian bildutako diru guztiaren %02a baino ez dirala horreek eta ganeratu dau azken hiruurtekoan (2009-2012-2011) %10eko igoerea egon dala, eta hiru Herrialdeetan bildutakoa batu ezkero, Bizkaiak batutako dirua kopuru horren %50a dala.
Gaiez aldatuta, onarturik dutenentzako familia barruko zainketarako prestazioei buruz Bildu Taldeak Gizarte Ekintzako Foru Diputatuari aurkeztutako ahozko erantzun-eskea be gauzatu da. Pilar Ardanzak erantzun deutse esanez I. graduko 2. mailako mendekotasuna aitortuta daukien pertsonek familian zaintzak jasotzeagatik diru-laguntza jasoko dabela 2012an, eta hori Aldundiak “ziurtatu ebala, eta ziurtatzen dauela”.
Horren harira, esan dau abuztuaren 21eko 122/2012 Foru Dekretuaren bidez egokitu egin zala Dekretua Gobernu Zentralaren 20/2012 Errege Dekretuan ezarritako betekizunetara, beste gauza batzuen artean mailak kendu izanaren kontura. Beraz, esan dau 160/2012 Foru Dekretuak mantendu egiten dituala 40 eta 49 balorazino puntu bitarteko I. gradukoen eskubideak, hau da, lehenago I. graduko 2. mailakoak ziranena, edo 3 urtetik beherakoak badira I. graduagaz baloratutakoak diranena. Ganera, esan dau kopuruak berberak dirala, hilean 180 euro. Ardanza andrean esan dau ezin dauela onuradun kopuruaren daturik emon, ez dagoalako danen batuketea eginda, 2012. urtea ez da-ta amaitu oraindik.