Aurreko Albisteak

Bilduk erantzun-eskea aurkezten deutso Aldundiari euskerearen osasun digitalari buruz

Bilbon, 2012ko azaroaren 28an

Josune Ariztondo Kulturako Foru Diputatu andreak erantzun egin beharko deutso Bizkaiko Batzar Nagusietako Bildu Taldeak egin deutsan erantzun-eskeari, euskerearen “etorkizun digitala hain larria izan beharrean osasuntsua izateko Sailaren ekimenei buruzkoa”. Bildu Taldeak “larritasun berezi batez ikusten du gure hizkuntzak maila digitalean desagertzeko arrisku handian izatea, Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa bat dela medio adierazi duen bezalaxe”. Kontuan izanda Azkue Fundazioak jasotzen dauen diru-laguntza pisutsua, eta honen helburuetako bat zuzenean gai honi loturik dagoala ikusita, Bilduk jakin gura dau “zer nolako emaitza neurgarriak eskatuko zaizkion fundazioari”.

Kultura eta Euskerako Batzordearen bilerea goizeko hamarretan hasiko da Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bategaz, zeinaren bitartez Eusko Jaurlaritzari eskatu gura jakon Bilboko Burdin Hesia Kultur Ondaretzat sailkatzeko espedientea aztertu eta abiazo dagiala. Bilboko “Burdin Hesia” deritxanaren zatiren bat udalerri barruan daben Bizkaiko zenbait udalek asmotan darabile Gerra Zibilean eregitako hesiaren balio turistikoa suspertzea. Popularrek gura dabe aginpidea daukan administrazinoak, Eusko Jaurlaritzak, abiazo dagiala hori inbentariatu eta babestea bideratuko dauen espedientea.

Talde berak beste Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztu dau Foru Aldundiari eskatzeko jo dagiala Eusko Jaurlaritzara eta Kultura Ministeriora lortu ahal izateko Portugaleteko Burdin Moila edo Txurrukaren Moila Kultur Ondasun izendatzea ahalik eta lasterren, moila horren iraunerazpena eta mantenimendu egokia bermatu ahal izateko.

Batzar horretan eztabaidatuko dan beste ekimen baten bitartez, Bildu adierazoten dau “ulergaitza” eta “zuzenean, herritarren hizkuntz eskubideen urraketa” dala Euskal Herria Esnea kooperatibak produktu bat euskeraz etiketatzeagaitik Eusko Jaurlaritzak zehapen-espedientea edegi izana. Halanda ze, Arauz Besteko Proposamena aurkeztu dau Bilduk babesa eskaintzeko “gure lurraldean ekoitzitako produktuak euskaraz etiketatzen dituzten ekoizleei”. Horrezaz ganera, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen deutsie “Bizkaiko lehen sektoreko ekoizleek euskaraz etiketatzeko duten eskubidea eta herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko, bere eskumenen pean dauden jarduera guztiak bultza ditzala”. Ekimen horren bitartez be Eusko Jaurlaritzari eskatzen deutsie “lehen sektoreko ekoizleek euskaraz etiketatzeko duten eskubidea eta herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren legeri aldaketak berehala bultza ditzala”.

Batzordean eztabaidatuko dan azken aztergaia izango da Bizkaiko Arkeologi Museoa, Santimamiñeko aztarnategia eta Lurralde Historikoan dagozan gainontzeko aztarnategi pleistozenikoak "Pleistocene People Places" izeneko lankidetzarako sare europarrean sartzeari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Sare horrek Europa guztiko aztarnategi eta museo pleistozenoar garrantzitsuenak hartzen ditu gaur egun. Euzko Abertzaleak Taldeak zuzenketa-eskea aurkeztu dau eskatzeko eze sare horretan sartu aurretik, egiaztatu beharko litzatekeala sare honek gure aztarnategiak babesteko, aztertzeko, araketa zientifikoa egiteko eta nazinoartean hedatzeko orduan izan leiken egokitasuna.