Amaitu da 2013ko Aurrekontu proiektuaren azalpen-prozesua Nekazaritzako, Kulturako eta Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuen batzorderatzeakaz
Bilboko Batzar Nagusien egoitzan gaur amaitu dira aurrekontuaren inguruko argipideak emoteko azken hiru batzorde-saioak —Nekazaritza, Kultura eta Herri Lan eta Garraioetako Sailei buruzkoak— batzarkide-taldeei azaltzeko 2013. urterako Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuaren araberako jarduera-ildo nagusiak. Behin batzorde-saiook amaituta, Batzar Nagusietako Mahaiak zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabalduko dau.
Argipideetarako batzorderatzeak egiteko azken eguneko lehenengo saioan Irene Pardo Diputatu andrea izan da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritzako Sailaren arduraduna. Datorren urterako 29,7 milioiko aurrekontua izango dau Sailak, 2012an baino %19 gitxiago, orokorrean Aldundiaren aurrekontuak izan dauen murrizketeak behartuta.
Irene Pardok esan dau bere Sailaren kontuak nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta basogintzaren sektoreen laguntza zuzenetarako kredituak agertzen dituela. Horretara, bada, Sailaren lerro estrategikoakaz lotutako partidak gorantz egiten dabe, besteak beste nekazaritzako ingurumen-baldintzak bultzatzea —%28,2ko igoerea daukie— eta gazteei laguntzea, bai lehenengoz instalatzeko laguntzen bidez, bai inbertsino barrien bidez, bai Bizkaiko Nekazaritzaren Lurren Funtsa deritxonen banaketen bidez, azken horrek 60 hektarea gehiago izango ditu-ta.
Nekazaritzako Foru Diputatuak esan dau 2013ko aurrekontuak “agintaldirako gitzarri diran erispide eta konpromisoetan” oinarritzen dirala “eta horrexegaitik uste dogu lan egiteko modurik egokiena dirala, bardin sektorea mantentzeari jagokonez zein gizarteari eta ingurumenari egiten deutsegun ekarpenari jagokonez”. Pardo andreak esan dau hiru dirala Sailaren aurrekontuaren zutabeak: “gazteak, esan gura dabelako sektorea mantendu, gaztetu eta bizkortu egingo dala jarduera ekonomikoaren bitartez; nekazaritzako ingurumen-baldintzak, inbertsinoa eta kudeaketea dakarrelako ingurumenaren mesedetan; eta Lurren Funtsa, lagundu egiten dauelako gazteak sektorera hurreratzen eta Bizkaiko lurrak behar dan moduan kudeatuta egoten.”
Batzorde honetarako Alderdi Popularraren bozeroaleak, Arturo Aldecoa batzarkideak, galdetu egin deutso Diputatu andreari ea zergaitik igoten dauen %200ean Gorlizen dagoan Animalia Basatiak Sendatzeko Zentroari jagokon aurrekontuak. Pardo andreak esan deutso albaitari zerbitzuak be sartzen dirala orain hor barruan, eta aurreko urteetan gastuok ez zirala Zentro horretako aurrekontuetan sartzen. PSEko eta Bilduko ordezkarien galderei erantzunez, Diputatu andreak argitu dau Bizkaiko mendiak mantentzeko eta zaintzeko behar besteko baliabide izango dala, hor barruan sarturik baso-suteei aurre hartzeko neurriak, Basalan soziedadeagaz sinatutako hitzarmenari esker.
KULTURA SAILEKO AURREKONTUAK, EUSKALDUNA JAUREGIA HANDITZEKO LANEN AMAIEREAK MARKATUTAKOAK
Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean izan dan hurrengo Diputatua Josune Ariztondo izan da, Kulturako Foru Diputatua. Sail horrek 46 milioi euro izango ditu 2013. urterako, aurtengo urterako baino 11,5 gitxiago. Horren arrazoia, beste gauza batzuen artean, Biltzarretarako eta Musikarako Euskalduna Jauregia handitzeko lanen amaierea izan da, 2012. urtean ia 10 milioiko partida izan dauena.
Kultura Zuzendaritza Nagusiak 24,7 milioi izango ditu ekimen ezbardinak kudeatzeko Kultur Ekintzan, Foru Liburutegian, Museo eta Zabalkundean, Ondarean, Arkeologian eta Foru Artxiboan. Sailaren aurrekontuetan nabarmendu egiten dira EUSKAL ANTZOKI arte eszeniko eta musika arloko udal programazinoei eskainitako laguntzak, erakunde publiko eta pribatuek antolatutako garrantzizko kultur jardueretarako laguntzak eta 5000 biztanletik beherako udalerrietako kultura jardueren programazinorako laguntzak, %8ko gorakadea dabenak.
Kultura Zientifikoaren Katedran (KZK-UPV-EHU) laguntzeko partida be mantendu egiten da, baita Bizkaiko museoetarako dirulaguntzak eta Bizkaiko kultur ondasunak berreskuratzeko, zaintzeko eta balioan jarteko edota Kultur Ondarearen zabalkuderako museoetarako dirulaguntzak be. Horren ildotik, Elorrioko Argiñetako indusketetan ikerketa proiektuetarako eta arkeologi eta etnografi ikerketa proiektuetarako partidak be mantendu egiten dira. Ereñozarreko proiektua amaitu egin da eta, beraz, ez da horren ingurukorik agertzen 2013. urterako. Santimamiñerako eta Arrolarako partidak doitu egin dira.
Euskara Zuzendaritza Nagusiak 6.088.000 euroko aurrekontua izango dau 2013. urterako. Aurtengo urtekoaren aldean %17,7 murrizten dan arren, Zuzendaritzaren proiektu estrategikoak bete egingo dirala esan da. Datorren urterako aurrekontuan euskerearen eta euskal kulturearen zabalkunderako oinarrizkoak diran egitarauak aurrera eroan ahal izatea bermatuta geratuko da, esaterako Durangoko Euskal Diska eta Liburu Azokea eta Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketea. Teknologia barriei jagokenez, doitu egin da Azkue Fundazinoaren aurrekontua, baina segurtatuta geratuko dira datorren urterako aurreikusitako ekimenak gainontzeko patronoen eta parte hartzaileen lankidetzagaz. Sarean euskerearen erabilerea sustatzeko materiale teknologiko barriak sortzeko IKT deritxenen deialdia egingo da.
Batzar Nagusietako Bildu Taldea kritikoa izan da galderak egiteko txandan, Euskara Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuaren murrizketea dala-ta. Miren Dobaran Zuzendariak erantzun deutse esanez ahalegin handiak egiten dituala Aldundiak Bizkaian hizkuntzaren normalizazinoa lortzeko eta herritaren hizkuntza eskubideak aldezteko, eta aitatu dau gora egin dauela itzulpenetarako gastuak.
HERRI LAN ETA GARRAIOETAKO SAILAREN AURREKONTUAK
Bilborako sarbide barriak eta Autzaganeko eta Bermeoko saihesbideak Herri Lan eta Garraioetako Sailaren lehentasunak dira 2013. urterako, Itziar Garamendi Diputatuaren esanetan. Azkena izan da Garamendia andrea Aldundiaren aurrekontuak azaltzeko bere Sailari jagokozanen argipideak emoten.
Sailaren aurrekontua 2013. urterako 289,6 milioikoa da, 2012. urtean baino %8,2 gitxiago, baina Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisorik garrantzitsuenei aurre egiteko balioko dabela esan dau Diputatuak, hau da, errepide-sarea hobatzeko eta Bizkaibus zerbitzua mantentzeko.
Herri lanei jagokenez, datorren urterako gauzarik garrantzitsuenak izango dira San Mames ondotik doazen Bilborako sarbide barriak amaitzea, aurtengo udaroan hasitako Autzaganeko eta Bermeoko saihesbideak eregitea eta Durango- Beasain ardatzaren zati izango dan Gerediaga-Elorrio errepide barria eregitea.
Aurrekontuokaz bideak neguan modu egokian mantentzeko plana —datorren urterako baliabide gehiago izango dira horretarako— eta foru sareko errepideak mantendu eta hobatu be egin ahal izango dira. Hobakuntza lanon artean hurrengook aitatu dira: Berrizeko Eitua poligonorako sarbideak berrantolatzea, Kortederra eta Boroa artean bidesegurtasuna hobatzea, N-240 errepidean Bedia eta Lemoa artean bidesegurtasuna hobatzea, Malmasineko tunelak egokitzea, N-634 errepidean Etxebarriko oinezkoentzako pasabidea, Andrakako biribilgunea, AP-68 autopistea BI-625 errepideagaz lotzeko biribilgunea, Asteinza-Maruri zatia hobatzea, eta beste hobakuntza lan batzuk, esaterako Natxituan eta Angelutxun, Erandioko Lutxanan eta BI-3302 errepidekoak Mallabian.
Garraioen aginpideei jagokenez, orokorrean murriztu egin dira Metrorako, Garraioen Partzuergorako, FEVErako eta Bizkaibuserako partidak, 2012. urtean 129 milioi izatetik 121 milioi izatera gitxitu diralako. Hata guzti be, zerbitzuok eta Aldundiaren konpromisoak mantentzeko kopuru hori nahikoa izango da.