Azaroaren 25a Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna
Puntu lila Batzar Nagusien fatxadan
2.747 EGUNEKO URTEA
Urte asko joan dira 1960ko azaroaren 25etik, hain zuzen ere Mirabal ahizpak Errepublika Dominikarrean hil zituzten egun horretatik. Hilketa politikoa izan zen hiru ekintzaile horiena. Hil aurretik, atxilotu, bortxatu eta gupida gabe torturatu zituen Rafael Leónidas Trujillo satraparen diktadura erregimenak. Trujillok artean ere New Yorken desagerrarazi zuen Jesús de Galíndez euskalduna. Bihar, azaroak 25, “Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna” da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1999. urtean erabaki zuen egun hori izendatzea hilketa politiko haren oroigarritzat.
Urtean zehar gero eta ugariagoak dira bidezko zerbait gogorazteko izendatutako egunak. Nazioarteko egunak nabarmen areagotu dira. Ugaritasun hori gora-behera, balio izaten dute gogoak astindu eta hausnarketa eragiteko egun berezi hori gabe nekez azaleratuko liratekeen arazoez. Hiesa, euskara edo bularreko minbizia, esate baterako, egun berezioi esker heldu izan dira azken asteotan hedabideetara. Era berean, genero indarkeriaren aurkako nazioarteko egun horrek ere balio izaten du urtero argitara ekartzeko gai horren inguruko kanpainak, azterlanak, hitzaldiak, hausnarketak,… jakin dakigun arren urteko egun guztiak ere nahikoa ez liratekeela izango emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokan jarduteko.
Etxe barrukoa izatetik gizartean zabal salatzera
Errepublika Dominikarrean gertaturiko hilketa haietatik hamarkadak joango ziren, baina emakumeenganako indarkeria hortxe dago, iraunkor. Dena den, aldaketak gertatu dira indarkeria horren ezaugarrietan, gure herrialdean bai behintzat. Horren erakusgarri, zilegi bekit nire hurko lagun batek egunotan kontatu didan benetako adibide bat hona ekartzea, ikusteko orain asko ez dela nolakoa zen indarkeria matxista.
Francoren diktadurapean urte asko generamatzan. Indarkeriak gizartearen eta politikaren arlo guztiak hartzen zituen, era batera edo bestera, hezkuntzatik familiarainoko guztia. Inguruabar horretan, bada, andre-gizon batzuk daude, orduan ohikoa zen seme-alaba askorekin. Senarra “halakoa”. Alkohol gehiegi. Zaratak. Tratu txarrak beti. Kolpeak eta ubeldurak. Umeak ere jipoituta. Gau askotan, emazteak ume guztiak hartu eta etxetik alde egin behar, gaur egun desagerturik dauden arren, sasoi hartan zeuden garbitegi komunitarioetariko baten lo egin ahal izateko. “Etxe barruko” drama izugarria, bizi guztikoa, harik eta gizon zantarra hil zen artekoa, hil bai baina zahartzaroak jota eta emazteak eta seme-alabek azkenera arte zainduta, ez edozertara. “Etxeko” indarkeria, auzokoak eta familiakoak horren jabe zirela, gizarte frankista hartan inoiz salatu ezinekoa, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasuna baitzen diktaduraren oinarrietako bat; inon agertzekotan, “El Caso” aldizkarian agertzen ziren horrelangoak.
Franco hildakoan, zorionez, gauzak asko aldatuz joan ziren. Hemen “etxeko” indarkeria familiaren eta pribatutasunaren eremutik atera da arian-arian, eta gizartearen aurrean eta hedabideetan den bezala agertuz joan da. Bazeuden, “gizartearen ontasunak” itsuturik, uste zutenak arazoa heziketaren bitartez desagertuko zela belaunaldi berriekin; erabat erratu ziren baina. Estatistikak setatiak dira eta argi erakusten dute genero indarkeriak aurrera egiten duela gazteen artean.
Nazio Batuak eurak ere zorrotzak dira: “Emakumeenganako indarkeria ez da mugatzen kultura, erlijio edo herrialde jakinen batzuetara. Emakumeenganako indarkeriaren sustraiak emakumeek pairatu behar duten indarkerian sakon errotuta daude. Emakumeen %70eraino heltzen da bizialdian inoiz indarkeria jasango duten emakumeen kopurua. Kalkuluen arabera, mundu osoan, emakume guztien bostetik bat izango da bortxaketaren biktima. 15-44 urte tarte horretako emakumeek arrisku handiagoa dute etxean portu txarra hartu edo bortxatuak izateko minbizia, trafiko istripua, gerra edo malaria izateko baino”.
Indar gaztea matxismoaren aurka
Euzko Alderdi Jeltzalearen oraintsuko Hauteskunde-Egitarauan konpromiso eta ekimen zehatzak planteatzen ziren genero indarkeria ezabatzeko: “Genero-desberdintasuna erronka sozial nagusietako bat da, eta indarkeria matxista desberdintasun horren adierazpen gorena eta basatiena da. Ahalik eta ahalegin gehienak egin behar ditugu indarkeria matxista desagerrarazteko, emakumeen aurkako indarkeria, eta bereziki gazteenen artekoa eta edozein adierazpide duena, baztertzeko gizartea kontzientziatzeko lana areagotuta. Hori lortzeko, beharrezkoa da abiarazitako ekimenak indartzea eta gazteei indarkeria sexista ezagutu eta antzeman ahal izateko eta horren aurka egiteko tresnak eta baliabideak emango dizkieten estrategia berriak eskaintzea, hezkuntzan eta jarrera sexisten prebentzioan lan eginez eta mota guztietako erasoen aurrean eginkizun aktiboa hartzera bultzatuz”.
Ban Ki-moon Nazio Batuen Idazkari Nagusia ildo beretik zihoan orain dela urte bete egindako adierazpenetan: “Geure burua sendo bideratu dugu “zero tolerantzia” mezua azken txokoetaraino hel dadin. Hori lortzeko, bada, gizarte guztia inplikatu behar dugu, batez ere gazteak. Berariaz bultzatu behar dira ume eta gazteak, beraiek izan daitezen behar dugun aldaketaren suspertzaile. Gizontasun eredu egokiak bultzatu behar ditugu. Oraindik orain gazte gehiegi hazten da gizontasun eredu zaharkituen artean. Emakume eta neskenganako indarkeriaz lagunen artean hitz egiten badute eta horren aurka bakoitzak ere egin behar duela ikusten badute, asko izango da belaunaldietan zehar sendo sustraitutako jokabideak aienatzeko. Nazioarteko Egun honetan, bada, mundu guztiko gobernuei eta nazioei dei egiten diet –gaineratu zuen abenduko hitzaldi hartan– balia ditzaten gazteen indar, ideia eta dinamikotasuna, indarkeriaren pandemia hau ezabatuko badugu. Orduan eta orduan baino ez dugu lortuko mundu bidezkoagoan, baketsuagoan eta berdintsuagoan bizitzea.”
Politika publiko ekintzaileak gora-behera, errealitateak erakusten dituen datu gordinek ez diote esku ematen baikortasunari, ez munduan ez hemen berton ere. Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiaren arabera, gure Lurralde Historikoan bertan egunero sei salaketa egiten dira. 2011. urtean Bizkaian tratu txarren 2.747 kasu izan dira, urte bete arinago baino %17 gehiago. Espainian, 2012 urtean —eta urtea ez da bukatu oraindik— 50 emakumezko hil dituzte. Zenbakiok ez dira, ez, lasaitzeko modukoak.
“Ohikotzeari”, ez
Ageriko gauza da asko falta dela emankumeenganako indarkeria ezabatzeko erronka gainditutakotzat jotzeko eta betiko ezabatzeko emakumeek pairatzen duten babesgabetasuna eta harreman pertsonalen duintasunik eza, familian eta hurbilekoengan ere babesik aurkitzen ez duena. Zenbat eta zenbat dagoen egiteko; dena den, azpimarratu egin nahi dut indarkeria hori “ohikotzearen” aurka altxatu behar dugula.
Ez da izango datu enpirikoa edo zientziaren bitartez ateratakoa, baina susmoa dut genero indarkeria dagoeneko ez dela albiste. Kazetariek esaten dute gauza bera gertatzen dela gertakari kroniko edo ohikoekin. Berria izan ezean edo nolabaiteko harridura gabe, albisterik ere ez. Beste gai batuzk daude goiburuetan “moda iraunkor” balira bezala. Ematen du emakumeenganako indarkeriaren tokia hartu dutela jaio-berrien lapurketak edo frankismoak, edo, oraintsuago, etxetik kanpora botatzeak eragindako egoera negagarriak. Hor dirauten arazoak kronikotu egiten dira eta gutxika-gutxika, berez-berez, murriztuz doaz hedabideetan.
Tamalez, aurrerantzean ere ezinbestekoak izango dira sentsibilizazio eta laguntza ekintzak, baldin eta emakumeenganako indarkeria betiko ezabatu nahi badugu. Erakundeen arteko koordinazioak derrigorrez bultzatu behar du milaka biktima horienganako arreta benetan eraginkorra izatea. Euskadin behingoan lortzeko erronken artean dugu indarkera mota horren biktimen legea onartzea, biktimek merezi duten kalteordain ekonomikoa eta morala izan dezaten eta gizartearen aldetik aintzat hartuta egon daitezen.
ANA MADARIAGA UGARTE
Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria