Aurreko Albisteak

Barikuan hasiko dira Batzar Nagusietan 2013. urteko aurrekontuen proiektua azaltzeko batzorde-bilerak

Batzordea

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordea

Bilbon, 2012ko azaroaren 22an.

Bizkaiko Batzar Nagusietan barikuan, azaroaren 23an, hasiko dira 2013. urteko aurrekontuen proiektua azaltzeko batzorderatzeak. Horretarako, bada, bariku honetan hasi eta azaroaren 27ra arte, Bizkaiko Foru Aldundiko Diputatuak bertaratuko dira Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean, Batzarkide-Taldeei azaltzeko zertan datzan bakotxaren aurrekontua, joandako astelehenean Batzar Nagusietako erroldan aurkeztu zan Aurrekontu Proiektuaren diru-kontuek emoten deutsiezan ahalmenen barruan beti be. Batzordearen bilera horreen ostean, Bizkaiko legebatzarraren Mahaiak epea zabalduko dau Batzarkide-Taldeek aurrekontuei buruzko zuzenketa-eskeak aurkeztu daiezan.

Hurrenkera honetan izango dira batzorderatzeak:

Barikuan, azaroak 23an
- 09:30. Ogasuna eta Finantzak
- 11:30. Lehendakaritza

Astelehenean, azaroak 26an
- 09:30. Gizarte Ekintza
- 11:30. Ingurumena
- 12:30. Ekonomia Sustatzea

Martitzenean, azaroak 27an
- 09:30. Nekazaritza
- 11:00. Kultura
- 12.30. Herri Lanak eta Garraioak

Batzar Nagusien Bilboko egoitzan izango diran batzorderatze horreen ostean, Mahaiak edegi egingo dau zuzenketa-eskeak aurkezteko epea. Zuzenketa-eskeak aurkezteko epea amaitu daitenean, Mahaiak aztertu egingo ditu zuzenketa-eskeok, ikusteko ea zeintzuk diran osotasunezko zuzenketa-eskeak eta zeintzuk zatizkoak. Hurrengo pausoa izango da osotasunezko zuzenketa-eskeei buruzko Batzar Nagusia egitea Gernikan. Batzar horretan osotasunezko zuzenketa-eskerik onartu ezean, aurrera egingo dau 2013ko aurrekontuak onartzeko izapideak eta, hurrengo, Batzordean eztabaidatuko dira zatizko zuzenketa-eskeak. Aurrekontuak onartzeko hurrengo pausoa izango da barriro be Gernikan eztabaidatzea Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean onartu ez diran zuzenketa-eskeei buruz. Azkenik, Batzar horretan bozkatuko da Aurrekontu Proiektua behin-betikotasunez onartzea ala ez onartzea.