Aldundiak 2013. urteko aurrekontuen Proiektua aurkeztu dau Batzar Nagusien erroldategian; horregaz hasten da Aurrekontuak onartzeko izapideen ibilbidea
Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusi jaunak, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatu jauna lagun ebala, goizeon Batzar Nagusietako erroldan aurkeztu ditu 2013. urtekitaldiko Aurrekontuak, Bizkaiko legebatzarrean egin beharreko izapideari hasierea emonaz. Aurrekontuok euskarri elektronikoan aurkeztu dira. Aurrekontuak onartzeko bidean egingo dan hurrengo izapidea izango da Foru Diputatu guztiak Ekonomia eta Ogasuneko Batzordera joatea eta bertan Batzarkide-Taldeei emotea bakotxari jagokon Sailaren aurrekontuen inguruko argibide eta azalpenak.
Aurrekontuak guztira 6.578 milioikoak dira eta horreetarik 1.047 milioi jagokoz Aldundiaren Sailentzako dagoan aurrekontuari. Behin Diputatu bakotxak azaltzen dauenean berari jagokon aurrekontua, hurrengo pausoa izango da Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak epea zabaltzea Taldeek zuzenketa-eskeak aurkeztu daiezan. Behin zuzenketa-eskeak aurkezturik, Mahaiak sailkatu egingo ditu, aurrekontuei buruzko lehen Osoko Batzarra noiz egin erabagi orduko. Osotasunekotzat sailkatu daitezan zuzenketa-eskeei buruzkoa izango da aurrekontuen ganeko lehen Osoko Batzarra. Osotasunezko zuzenketa eskerik onartu ezean, zatizko zuzenketa-eskeez eztabaidatuko da Batzordean. Aurrekontuen azken izapidea izango da Batzordean onartu ez diran zuzenketa-eskeei buruzko Osoko Batzarra.
AHALDUN NAGUSIAREN BATZORDERATZEA, FINANTZETAKO EUSKAL KONTSEILUAK URRIAREN 23AN IZANDAKO BATZARRAREN BARRI EMOTEKO
Aurrekontuak Batzar Nagusietan erroldaratu ostean, Ahaldun Nagusi jauna Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean bertaratu da Finantzetako Euskal Kontseiluak urriaren 23an izandako batzarraren barri emoteko (Kontseiluaren bilera hori Eusko Jaurlaritzak atzeraturik eukanez, ondoriotzat etorri da aurrekontuak onartzeko egutegi guztia be atzeraturik joatea). Bildu Taldeak egindako eskariaren eskutik etorri da batzorderatze hori. Bildu Taldeak jakin gura eban Lurraldeko 2012. urteko diru-kontuetan ze ondorio izango dauen Kontseiluak hartutako erabagiak, hain zuzen be erabagi horren ondorioz urtekitaldi honetako aurre-likidazinoan konputatuko dalako “zerga-oporrak” deritxenen laguntzakaitik euskal enpresek itzulitako dirua.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak berretsi egin dau diru hori daborduko konputaturik dagoala aurtengo kontuak itxi aurreko likidazinoan. “Geureaz besteko erespidea nagusitu da eta onartu egin dogu, hoba ez”; horixe esan dau Bilbao jaunak Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak Kontseilu horretan lortutako akordioaz, zeinaren arabera 2012. urteko kontuetan konputatuko diran laguntzak itzultzetik atarata bai baina oraindik Luxenburgoko Gortearen ebazpenaren pentzu dagozan 309 milioiak. Horreetatik 80,9 milioi euro Bizkaian bildutakoari jagokoz. Bilbao jaunak barriro esan dau Bizkaiko Foru Aldundia ez dagoala ados erabagi horregaz, eta halanda be, men egiten deutsala, bere aburuz “zuhurtziaren” printzipioa nagusitu behar litzatekealako, harik eta “segurtasun juridiko osoa “ izan arte. Galdetu egin deutse Bilduko eta Socialistas Vascos Taldeko ordezkariei ea zer jazoko dan Europako ebatzia aurkakoa bada; Bilbao jaunak esan dau hori jazoten bada, “itzelezko nahastea” izango dogula.
Ahaldun Nagusiaren ustez, Eusko Jaurlaritzaren kontuen likidazinoaren “argazkia garbitu nahia” nagusitu da. Dana dala, Bilbao jaunak esan dau ataza hori ez zala izan Kontseiluan eztabaidatutako handiena, ez eze gitxiagorik be. Ahaldun Nagusiarentzat “larriagoak” izan dira, besteak beste, 2013-2016- aldirako erakundearteko barrikuntza fondoa onartu izana edo Eusko Jaurlaritzaren botoa abstentzinoa izana 2013. urterako sarreren aurreikuspenari jagokonean.
Bai Bizkaiko Talde Popularra bai Euzko Abertzaleak Taldea bat etorri dira Ahaldun Nagusiaren eretxiagaz, behintzat epaitegiek ebazpena emon arteko “zuhurtziari” jagokonean. Esther Martínez Bizkaiko Talde Popularreko Taldeburuak esan dau horren guztiorren arrazoia izan dala Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza “estu eta larri” dabilzala bakotxaren aurrekontuetan. Martínez andreak esan dau “Ausarkeria izan leitekela orain erabiltea diru hori, etorkizunean erabili ahal izango dogun jakin aurretik behintzat”. Popularren Taldeburua bat etorri da Bizkaiak eta Arabak arazo horretan agertutako jarrereagaz, “zuhurtzia, seriotasuna eta zentzuna” erakutsi dabelakoan.
Unai Rementeria jauna, Euzko Abertzaleak – Nacionalistas Vascos Taldeko Taldeburua, arduraturik agertu da dirulaguntzen itzulketea aurtengo kontuetan sartzeko erabagi horren inguruan. Rementeriaren ustez, bai Bildu bai sozialistak arduratuago egon beharko ziran Europaren balizko ezetzagaz Aldundiaren ustezko eretxi aldaketeagaz baino. Taldeburu horrek beste Talde bioi leporatu deutse eretxiz aldatu izana “eurak jokatu dabelako adostutakoaren aurka eta eurak aldatu diralako eretxiz”. Rementeriaren aburuz, Eusko Jaurlaritzak Finantzen Euskal Kontseiluan jokatu dauen moduan jokatzearen arrazoia izan da “defizit gitxiago” agertu gura izana gobernutik urten aurretik, kontuan izanik eze 309 milioi horreetatik %70a Jaurlaritzarentzat izango dirala, Gipuzkoako Aldundiari esker hain zuzen, Jaurlaritzari “txarria gizentzen” ibili dira-ta.
Beste aldean, bada, Bilduko batzarkide Joseba Gezuragak uste dau eze Finantzetako Euskal Kontseiluaren 2011.eko urriko akordioan zehazturik egoala zerga oporrakaitik itzulitako dirua 2012. urtean sartu behar zala. Tamalgarritzat jo dau Aldundiak “oldarketa politikorako” erabili izana Finantzetako Euskal Kontseilu hori. Batzorderatze eskarian adierazotako usteari eutsi eta esan dau Aldundia “eretxiz aldatu egin dala” Lakuako Gobernuari diru hori aurton ez itzultzeko. Socialistas Vascos Taldeko Iñaki Egaña Taldeburua bat etorri da, esanez aurretiazko akordioa egoala dirua 2012. urtean banatzeko eta, beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak “eretxi aldaketea izan dauela”. Ganeratu dau eze 2011ko urriko akordioaren ganeko “ulerkera diferenteak” egon dirala.