"Gure araua da zergadun guztiak bardin tratatzea" esan dau Ogasun eta Finantzetako Diputatu jaunak Batzar Nagusietan

Athletic askorentzat klub berezia da, baina Bizkaiko Ogasunerako “beste zergadun bat gehiago baino ez da”. “Honetara deitu zein haretara deitu, Athleticek beste edozeinek dauen tratu bera dau”. Horrexetara, garbi eta ozen, agertu da José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatua erantzuna emon deutsanean Talde Sozialisteari Ibaiganeko klubari azken urteetan zergen ordainketan eguneratuta egoteko onartu jakozan atzerapenei buruz. Iruarrizaga jaunaren aburuz, sozialistek “zalantzak barreiatu gura ditue guk danak bardin tratetan ez ditugula zabaldu nahian”. Horrezaz ganera, “badakie guk inoiz ez dogula zergadunei buruzko daturik emoten”, ganeratu dau Diputatu jaunak.
Alexia Castelo batzarkide sozialistak esan dau bere Taldeak ez zituala zergadunei buruzko datu zehatzak eskatzen, ezta zorraren zehaztasunik be; bakarrik eskatzen eben “behar zanean azaldu behar jakela atzerapen hori Batzarkide-Taldeei”. Castelo andreak gogotara ekarri dau eze Bizkaiko Ogasunak adostu ebala Athleticegaz 20 urtean ordaindu bako zorra ordaintzea, eta ganeratu dau eze Bizkaiko familia askori gustatuko litxakiola horrenbesteko epea izatea ordaintzeko. Bildu Taldeko ordezkaria horregaz bat etorri da eta adierazo dau “garrantzitsua” dala zergadun guztiek “tratu berbera” izatea. Euzko Abertzaleak Taldeko ordezkariak ukatu egin dau “tratu bereizkeriarik egon izana” eta atzerapenak ohikoak dirala eta kontrol publikoari ez jakozala itzurten ganeratu dau, izatez Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak be fiskalizatzen ditu eta.
Eleizearen jabetzak
Ekonomia eta Ogasuneko Batzordea Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bategaz hasi da, hain zuzen be Espainiar Justizia ministerioari eskatzeko gure lurraldean Eleizbarrutiak, Aznarren gobernuak onartutako 1867 Lege Dekretuan oinarrituta, 1998az geroztik egindako inmatrikulazino guztien zerrenda emon dagiala. Bilduren eretxiz Lege aldaketa horri esker, Eleizak era guztietako jabetzak “inmatrikulatu” ahal izan ditu. Ekimen hori ez da onartu, EAJ eta PP alderdien batzordekideek aurka bozkatu dabelako (8 boto) eta Bildu eta PSEkoek alde (5).
EAJko eta PPko ordezkariak bat etorri dira esatean informazino hori “publikoa” dala eta Eleizeak ez dirala “inmatrikulazinoak” ezkutuan egiten. Horrezaz ganera, Bizkaian ez dago “udalen mobilizazinorik”, Nafarroan ez bezala, Foru Erkidegoan Eleizearen aurkako demandak aurkeztu dira-ta. Bai Bilduk bai PSEk tamalgarritzat jo dabe besteen aurkako botoa, proposamenaren helburua ez zalako besterik informazino “baliotsua” izatea baino, horretan oinarrituta udalek egin beharrekoak egin ahal izan egiezan.
Zerga iruzurrari buruzko informazino eskaria.
Batzordearen aztergaien artean egozan Talde Sozialistak zerga iruzurraren ganean Ogasuneko Diputatuari egindako ahozko erantzun-eske bi. Sozialistek ezagutu gura eben, besteak beste, 2011. urtean zerga-iruzurra dala-ta azaleratutako 560 milioietatik Foru Ogasunak zenbat bildu eta sartu dauen 2012ko ekitaldian. Diputatu jauna harriturik agertu da, datu berberak “behin eta barriz eskatzen dituelako”. Diputatu jaunak gogoratuazo egin dau berak urtero bere kabuz eskatzen dauela batzorderatu eta zerga iruzurraren aurkako datuak emotea. Iruarrizaga jaunak gogotara ekarri dau beste Talde bati galdera “berbera” erantzun eutsala, bai Osokoan bai Batzordean. Diputatu jaunak hurrengoa ganeratu dau: “Jo eizue, bestela, Aldizkari Ofizialera edo Batzar Nagusien batzar-egunkarira”.