Aurreko Albisteak

Irene Pardok esan dau esnearen sektorea "neurri egokikoa" izatearen alde egingo dauela Aldundiak, ustiategi "errentagarriagoak" bilatuz

Batzordea

Bilbon, 2012ko azaroaren 15ean

Irene Pardo Nekazaritzako Foru Diputatu andrea Bizkaiko Batzar Nagusietan egon da gaur eguerdian argibideak emoteko Bizkaiko esnearen sektorearen egoereari buruz. Aldundiak azken urteotan egindakoak azaldu ditu Diputatuak eta esan dau egindakook esnearen sektorea “neurri egokiagokoa” izatea bilatzen izan dabela, helburu izanik ustiategi “errentagarriagoak” eukitea. Talde guztiak etorri dira bat esnearen sektoreak bizi dauen egoerea txarra dala esatean, eta aitortu dabe “beharrezkoa eta garrantzitsua” dala Bizkaiarentzat sektore hori mantentzea. Pardo andreak emondako datuen arabera, sektoreak Bizkaian 2012. urtean inbertsinoetarako guztira erabilitako 3,2 milioien erdia Administrazinoaren laguntzak izan dirala, hau da 1,6 milioi euro, eta horren erdia Aldundiak emon deutsala.

Bizkaiko Talde Popularrak batzorderatze-eskea aurkeztu ebanean esnearen sektorearen egoereari buruz egindako diagnostikoagaz bat etorri da Nekazaritzako Diputatua. Talde horrek ikusi eban sindikatuek eta nekazaritza erakundeek salatu egin dabela abelzaintza sektoreak ordaindu behar dituan prezioak, “askogaz gainditzen dituelako ataratako mozkinak”, esnearen sektorea “bideraezina” bihurtuz Bizkaian. Desajuste hori 2009. urtetik dator eta ikusgai jarri gura da Aldundiak egiten dauen guztia sektorea “mantentzeko”, Maria Presa batzarkidearen esanetan.

Bileran zehar Diputatu andreak Bizkaian 195 ustiategi eta 12.500 abelburu baino gehiago dituan sektori horri zuzenduriko neurriak eta laguntza programak aitatu ditu. Beste batzuen artean, hobakuntza genetikoko programak, produktuaren kalidadea hobatzeko laguntzak, esnea merkaturatzeko bide barriak zabaltzeko bultzada, ustiategiei zuzendutako laguntza zuzenak eta abelburuei jaten emoteko terreno gehiago izatearen aldeko apustu “barritzailea eta aurrendaria” aitatu ditu aitatu be. Nekazal-ingurumen apustu horri buruzko datuak emon ditu, esanez holan jokatuta gizarte guztiari egiten jakola mesede lurren kudeaketea eta produktuen kalidadea hobeak diralako. Ekimen hori 2009. urtean hasi zan eta 230 kontratu sinatu ziran, baina 2012. urtean eskabideak 509 izan dira, eta horrek aurrekontua bilkoiztea ekarri dau, foru laguntzetan milioi bat eurora heldu arte.

Oposizinoko Taldeak bat etorri dira esatean esnearen setoreak bizi dauen egoerearen konponbidea gatxa dala. “Sektorea berez errentagarria izan daitela bilatu behar da, administrazinoen pentzura bizi beharrean” esan dau Arturo Aldecoa PPko batzarkideak. Alderdi horren ustez, azpian dagoan beste arazo bat da “teknikoki bideragarriak” diran ustiategien belaunaldi aldaketea. Horren harira, Diputatu andreak esan dau 2012. urtean abeltzain gazteen 5 urtiategi sortu dirala, eta aldezaurretik bideragarritasun plana aurkeztea eskatu jakela.

Bildu Taldea be bat etorri da egoerearen diagnostikoan eta esan dau ustiategi txikiak be kontuan hartu behar dirala. “Uste dogu txikiek be lekua daukiela” esan dau Asier Vega batzarkideak, sektorearen biziraupenerako ustiategiak neurri egokiagokoak izan behar dabela aitatuz EAJ eta PPko ordezkariek adierazotakoari erantzunez.


Euskeraz etiketatzea

Beste ekimen baten bitartez, Bildu Taldeak galdetu egin deutso Diputatu andreari ea Aldundiak ekimenik gauzatuko dauen salatzeko Eusko Jaurlaritzak espedinetea ireki izana Euskal Herria Esnea enpreseari ekoiztutako esnea euskera hutsean etiketatzeagaitik. Bildu Taldeak ganeratzen dau “larritasunez “ ikusten dauela “euskal merkatuan salduko den produktu batek euskara hutsez saltzeko arazoak izatea”. Bilduren ustez, “etiketatuari buruzko espainiar legea ez da bidezkoa, eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Herria Esnearen kasuan, legeari ematen dion irakurketa guztiz murriztatzailea da”. Pardo andreak esan dau bere ardurapeko Sailak ez dauela horren inguruko ekimenik abierazoko “ez da-ta gure aginpidepeko gaia”. Bilduk esan dau gaia barriro eroango dauela Batzar Nagusietako Kulturako Batzordera.