Aurreko Albisteak

Athletic-aren zerga-zorraren egoerea azalduko dau Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak Batzar Nagusietan

Batzar Nagusietako Batzordera joango da bihar Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatua, Athletic-ak Foru Ogasunagaz daukan zerga-zorraren egoerea azaltzeko. Socialistas Vascos Taldearen batzorderatzeko eskariari erantzunez, Athletic Clubari azken urteotan onartutako ordainketa-atzerapenak zertan izan diran azaldu beharko dau José Maria Iruarrizaga jaunak, baita gaur eguneko zorraren egoerea zein dan be.

Batzorderatzeko eskaria egiteko idatzian agertzen danez, Talde hori harritu dau “ikusteak eze urtekitaldion, non Aldundiak 22,8 milioi erabiliko dituan Athleticen zelai barri eregiteko lanetan (6 milioi San Mames Barria sozietatearen kapitalaren partaide lez eta 16,8 milioi terrenoak emoteagaitik), Athleticek kitatu ez izana Ogasunagaz eukan zorra”. Javi Martinez jokalariagaitik 40 milioi euroko sarrerea izan ondoren, diru hori zerga-zorra kitatzeko erabiliko ebala esan eban Athletic-ek.

Zerga iruzurra

Batzordearen bilera berean Socialistas Vascos Taldearen erantzun-eske bi izango ditu Foru Diputatuak, biak zerga iruzurraren ingurukoak. Sozialistek ezagutu gura dabe 2011. urtean zerga-iruzurra dala-ta azaleratutako 560 milioietatik foru ogasunak zenbat bildu eta sartu dauen 2012ko ekitaldian eta “2010eko zerga-iruzurraren aurkako burrukan azaleratu diran 281.653.583,96 euroetatik zenbat dan urtekitaldi horretako zor orokorrari jagokona”.


Eleizearen jabetzak

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordea goizeko 10:00etan hasiko da Eleiza Katolikoak herrien jabetzak eskuratu izanari buruz Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bategaz. Horren bitartez, eskatu gura jako Espainiar Justizia ministerioari gure lurraldean Eleizbarrutiak, Aznarren gobernuak onartutako 1867 Lege Dekretuan oinarrituta, 1998az geroztik egindako inmatrikulazio guztien zerrenda. Lege aldaketa horri esker, Eleizak era guztietako jabetzak “inmatrikulatu” ahal izan ditu, eta Bilduk dino horreen artean dagozala parrokia-etxeak, eleiza-atariak, hilerriak eta beste zenbait ondasun, hala nola, etxe, onibar, mendi, larre, ortu, frontoi eta abar.