Aurreko Albisteak

"Habiditek ez dauela Aldundiaren euro bakar bat be jaso" esan dau Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak

Imanol Pradales

Bilbon, 2012ko azaroaren 13an

Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatu jaunak ukatu egin dau Batzar Nagusietan Aldundiak laguntzarik emon izana Habidite proiekturako. Behin baino gehiagotan esan dau Diputatuak gai horretan “ez dagoala inolako ondorenik”. “Bizkaiko Foru Aldundiak ez dau dirulaguntza publikoko euro bakar bat be emon Habidite proiekturako”, Socialistas Vascos Taldeak eskatuta Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean gaur izandako batzorderatzean, hain zuzen be sinatutako akordio hareek Europako Batzordeak «legez kontrako estatu-laguntza» lez joteak ekarriko leukezan ondorenez argibideak emon daizan eskatutako batzorderatzean.

Pradales jaunak esan dau enpresa horrek Alonsotegin lantegi bat eregiteko eta 1.500 etxebizitza modular egiteko Aldundiagaz izenpetutako hitzarmenak ez gauzatzea ekarriko eban prozesua Aldundiak berak abierazo ebala, behin ezagututa 2009ko apirilean Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak urte horretako urtarrilean esaten ebala txosten baten hitzarmenok Europako Batzordeari jakinerazo beharra egoala. Aldundiak “erantzukizunez jokatu eban berehala jakinerazo eutsalako Europari sinatutakoa, inolako laguntza publikorik emon aurretik”. Europako Batzordeak berak “arrazoia emon euskun”, bere ebazpenean esan ebalako ez zala inolako laguntzarik emon; ez dago, beraz, “ezer berreskuratu beharrik”.

Hata guzti be, Diputatuak esan dau ez dagoala ados Europako Batzordeak emondako argudioagaz, esaten dauenean Aldundiari ahaztu egin jakola laguntzei buruzko aldezaurreko jakinerazpena bialtzea. Horren aurrean, Aldundiak demandea aurkeztu dau joandako irailaren 6an Europako Epaitegietan, eta bideraketarako onartu egin da, jakinerazpenik egon ez izanagaitik legez kanpoko laguntzatzat jo izanaren kontra. Diputatuak ganeratu dau: “Denboraz eta eraz egin genduan”.

Bai Bildu Taldea bai Talde Popularra bat etorri dira Aldundiak jakinerazpena “berandu” egin ebala esaterakoan. Joseba Gezuraga Bildu Taldeko batzarkidearentzat, Aldundiaren kronologia “hankamotz” dago, Europari jakinerazpena bialtzerakoan baekialako Habidite proiektura bertan behera egoala. “Hitzarmena sinatu zanetik Europari jakinerazo arte urte 2 joan ziran” salatu dau Gonzalo Zorrilla PPko batzarkideak. Ondoren ekonomikoei jagokenez, oposizinoakoak bat etorri dira egon badagozala esaten, zuzenak ez badira be, eta aitatu dabez demandearen ondoriozko kostuak eta proiekturako erositako lurrak, adibidez.


Formica enpresearen egoerea

Batzorderatze berean Diputatuak argibideak emon ditu Galdakaoko Formika enpresearen egoerearen inguruan, Azaldu egin ditu banan-banan Aldundiak langileakaz, Galdakaoko Udalagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera izandako 6 bilerak Formica Europako ordezkariakaz harik eta enpreseak 169 langile kaleratzeko EREa izango ebala iragarri ebanetik. Pradales jaunak esan dau multinazional horrek Galdakaon daukan lantegia zabalik mantentzeko egindako proposamenak ez dabezala onartu, bata bestearen atzean, enpresearen arduradunek.

Diputatuak tamalgarritzat jo dau Formica Europak beti erantzun izana ezetz langileen kaleratzeak eta enpresea iztea saihesteko erakunde publikoetatik egin jakozan proposamenei. Testuinguru horretan, aitatu dau inbertsore talde baten interesa lantegiaren ardurea hartzeko, baina oraingoz ez dagoala multinazionalaren ezezko erantzuna baino. Bildu Taldea izan da batzorderatzea eskatuta eukana, eta esan dau txalogarriak dirala lanpostuak mantentzeko egindako ahaleginak eta salatu egin dau Joseba Gezuraga batzarkidearen eritxiz lekualdatze kasu barria dana, “lan erreformeak bultzatutakoa, langileak kaleratzea merkeagoa izatea dakarrelako”.


Arauz Besteko Proposamenak

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordea goizeko 11:30etan hasi da, enpresa barritzaileak sortzeari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Beste?ko Proposamenaren eztabaideagaz. Horren bitartez, Bizkaiko Talde Popularrak eskatu gura izan dau 52/2010. Foru Dekretua aldatzea, enpresa barritzaileak sortzeko erispideak aldatu daitezan. Popularrek gura izan dabe sozietatearen helbidea eta zerga-helbidea Bizkaitik kanpo daben enpresa eta sustatzaileek be jaso ahal izatea Enpresa Berritzaileak Sustatzeko Programako onurak, beti be gure Lurraldeon enpresa barritzailerik sortzen badabe. Gainontzeko Taldeak bat etorri dira esatean Aldundiaren dirulaguntza jasoten badabe enpresek, “gitxienez” eskatu behar dala enpresa onuradunok egoitza fiskala Bizkaian izatea.

Hurrengo, Batzordeak ahobatez onartu dau sexuen arteko bardintasuna suspertzeko eta desgaitasuna daben pertsonak gizarteratzea bultzatzeko politikak Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazotako turismo-estrategietan sartzeari buruz Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena.