Aurreko Albisteak

Barbadun ibaiaren arroan kokatutako burdinola, errota eta torretxeetan zeharko ibilaldia antolatu dau Enkarterrietako Museoak

Barbadun

Bilbon, 2012ko azaroaren 12an.

Zapatu honetan, azaroaren 17an, Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Barbadun ibaiaren arroan kokatutako burdinola, errota eta torretxeetan zeharko ibilaldiaren IV. Edizinoa antolatu dabe. Kultur ibilbide horren bitartez, Enkarterriaren industria-ondare aberats eta ugariaren barri emon gura da. Ibilaldia goizeko 9:00etan hasiko da Muskizeko San Juan enparantzan, eta eguerdiko 14:00 aldera amaituko da Sopuertako Abellanedako Museoan, 26 kilometroko ibilaldia eta gero.

Ibilaldi horren bitartez zuzen-zuzenean ezagutarazo gura dira Barbadun ibaiaren arroan oraindik orain zutik dagozan burdinolak, baita beste eraikin batzuk —errotak, torretxeak edo jauregiak— be. Aurtengo edizinoan ibilbidea aldatu egin da eta orain dala gitxi erabarriturik dagoan bide berdearen zenbait zati ezagutuko dira, horreetariko asko errekearen ondotik eta bertako burdinolen paren doazala. Ibilbideak Sopuerta alderantz egingo dau, Lalindeko kaltzinazino-labeak ikusi ahal izateko.


Desgaitasundunentzako ibilbidea

Museoak eta Gorabide alkarteak proiektu inklusiboa garatzen dabe alkarlanean, desgaitasundunek be Museoaren ekintzetan parte hartu dagien. Horren ildotik, bada, ibilbidearen zati bat, El Pobal eta Valdivian (Galdames) artekoa hain zuzen, oraintsu 50. urteurrena bete dauen alkarte horretako kideek egingo dabe eta, era berean, indarbarritzeko jan-edanetarako prestatutako hiru lekuetatik bi Gorabideko lagunen ardurapean egongo dira. Ibilaldia doan da eta nahikoa da www.enkarterrimuseoa.eus helbidean izena aurretiz emotea.


Zehaztasunak

• Urten: 9:00etan San Juan enparantzatik (Muskiz)
• Heldu: Enkarterrietako Museora (Sopuerta)
• Izena aurrez emotea (doan) www.enkarterrimuseoa.eus helbidean (gehienez 500 pertsona); ibilaldiaren egun berean 08:00etatik 8:45era.
• 26 kilometroko ibilbidea; jan-edateko hiru leku. Dana amaitzen danean, Muskizera itzultzeko doako autobus zerbitzua izango da.
• Informazino gehiagotarako: 94 650 44 88


Ibilbidearen nondik norakoen bideoa: http://www.youtube.com/watch?v=n2l3yy5aFh8&feature=channel&list=UL