Aurreko Albisteak

Bizkaibuseko autobusen kanpoaldean iragarkiak jartea ez da onartu Batzar Nagusietan

Batzordea

Bilbon, 2012ko azaroaren 9an.

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Bizkaibuseko autobusen kanpoaldean iragarkiak jartea eskatzeko Socialistas Vascos Taldearen Arauz Besteko Proposamena. Joaquín Colmenero batzarkide sozialistaren esanetan, zerbitzu publiko hori mantendu eta hobetzeko balio eikean sarrera gehigarriak lortzera bideratutako neurri horrek, “krisialdiak dituan eraginak arintzearren”. Aurkako botoa Euzko Abertzaleak eta Bildu Taldeek emon dabe.

Aurkako botoa emoteko Euzko Abertzaleak Taldeak iragarritako arrazoiak izan dira publizidade kontuetarako kontratua dagoala indarrean, alde batetik, eta gaur egun Bizkaibusek daukan irudi eskuliburuaren aurka joango litzatekela, bestetik. Jon Larrea batzarkideak esan dau autobusetan publizidadea jartea zerbitzuaren irudi korporatiboaren “kalterako” izango litzatekela. Bildu Taldeak, bere aldetik, proposamena kentzeko eskatu deutso aurkezleari, beste ekimen bat aurkeztu ahal izateko azterketa zabalagoa egin daiten, non aurreikusi daitena publizidadea euskarri digitaletan sartu ahal izatea.

Bizkaiko Talde Popularrak sozialisten ekimenaren alde bozkatu dau, azterketea egitea begi onez ikusten dauelako, baina esan dau tamalgarria dala sozialistek onartu ez izana neurri hori Metro Bilbaoko trenetara be zabaltzea eskatzeko eurek aurkeztu daben zuzenketea. Gainontzeko Taldeek ulertu izan dabe Metroari buruzkoak Bizkaiko Garraioen Partzuergoari eskatu behar jakozala.


Hobekuntzak oinezkoentzako pasabideetan

Beste alde batetik, Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak ahobatez onartu dau Garaizarreko bidea (Iurreta) autopistearen ganetik igaroteko oinezkoentzako pasabideari buruz Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, Itziar Garamendik, azaldu egin dau obra hori, errepide hori Gerediaga inguruan hobatzeagaz lotutakoa, eta esan dau bermealdian dagoala oraindik eta lanak, oinezkoentzako espaloienak barruan dirala, oraindik amaitu barik dagozala. Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenean esaten zan Aldundiak ez dauela bete Iurretako Udalak egin eutsan alegazinoan eskatutako pasabidea, hain zuzen be “metro biko espaloiduna eta segurtasuneko hesi eta guztiduna”.

N-634 errepidea zeharkatzeko Abadiñon dagoan oinezkoentzako pasabideari buruz Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako beste Arauz Besteko Proposamena ez da, ostera, onartu. Socialistas Vascos Taldeak ekimena aurkezterakoan esaten eban egitura horrek “hainbat akats ditu, bertatik dabilzanak arriskutan jarterainokoak”, batez be umeak badira. “Horizontalean jarritako kablez eginda dago eta kableok nasaituta dagozanez, tarte handiegia geratzen da” esan dau Joaquín Colmenero batzarkide sozialistak. Porposamenaren aurka Euzko Abertzaleak Taldeak bozkatu dau (6 boto), esanez pasabideak bete egiten dauela indarrean dagoan araudia. Nerea Ahedo batzarkide abertzaleak esan dau segurtasun ezaren “sentsazinoa” dala segurtasun “eza” baino gehiago. Sozialistek (2) eta popularrek (2) alde bozkatu dabe, eta Bildu Taldeko hiru ordezkariak abstenitu egin dira.