Aurreko Albisteak

Inoren laguntza behar daben pertsonei eta ezintasundunei buruzko Lantaldea Aldundiaren "ibilbide-orria" da gizarte-politiketan aurrera egiteko, Ardanza andrearen esanetan

Pilar Ardanza

Bilbon, 2012ko azaroaren 7an.

Gizarte Ekintzako Foru Diputatua, Pilar Ardanza andrea, Batzar Nagusietan izan da gaur goizean, azalpenak emoteko Inoren laguntza behar daben pertsonen eta ezintasundunen egoerea eta sorospen-beharrizanak aztertzeko Lantaldearen ondorioak eta iradokizunak martxan jarteko Aldundiak egindakoari buruz. Dokumentu hori aurreko agintaldian batzarkideen gahiengoz onartu zan. Ia ordu bete eta erdi iraun dauen batzorderatzean, Gizarte Ekintza Saileko arduradunak atalez atal birpasatu dau Bizkaiko Legebatzarrak onartutako dokumentua, eta txostenean agertzen diran berrehun iradokizun inguru aintzat hartuta bere Sailaren jarduera-ildo nagusiak azaldu ditu. Ardanza andreak esan dau Aldundiak berea balitz lez hartu dauela dokumentu hori. “Mendekotasunaren arloan aurrera egiteko” Aldundiak “ibilbide orritzat” dauela dokumentu hori esan dau.

Socialistas Vascos Taldearen eskariz izan da batzorderatzea, jakin gura izan dabe-eta 2008. urtean abiarazo eta hiru urtez 52 bileratan osatutako “lan garrantzitsu” horren betetze-maila zein dan. Dokumentuan hainbat iradokizun biltzen dira euskal erakunde ezbardinei zuzendutakoak (Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei) mendekotasun egoeran dagozan pertsonei eskainitako sorospidetza hobatzeko. Ardanza andrearen esanetan, dokumentu hori “gida moduan erabilten dogu”, baina gogoratu dau egoerea ez dala 2008koaren modukoa. Lantaldearen hausnarketea ekonomia ondoen egoanean hasi zan, baina gaur egun “krisialdi larria bizi dogu”. Hata guzti be, Diputatu andreak esan dau Aldundiak plan horretan “aurrera egiteko borondatea” daukala, nahiz eta autortu erritmoak ez dirala bardinak izango. “Astiroago joango gara, garai honetako egoerara egokitu beharra daukagu-ta”.


Ardanzak ahaleginak egin ditu batzordekideak konbentziduten Aldundiak interesa daukala “ibildide orri” horren ildotik joateko; hori eta gero, Ardanza Diputatu andreak zerrendatu egin ditu Ponentziaren gomendioakaz loturiko hainbat jarduera. Lehenengo eta behin, azpimarratu egin dau adostasun zabala jadetsi dala “emon gura ditugun zerbitzuez eta zerbitzuok jaso ahal dituen pertsonez”. Txalotu egin dau batetik, Aldundiari laguntza eskatzen deutsien pertsonek aurretiaz jakitea sei hilebete baino lehen izango dabela ebatsita administrazino espedientea eta, bestetik, balorazinoak “in situ”, etxeetan bertan, egitea.

Ponentziaren gomendioakaz bat datozan jardueren artean Ardanza Diputatuak azpimarratu egin dau be udalakazko koordinazinoa hobetu egin dala eskariak bideratzerakoan, Bizkaitik zerbitzuari esker hobetu be. Zerbitzu hori Bizkaiko 112 udaletatik 101 udaletan dago. Eguneko zentroen malgutasunean ahaleginak egin dira, nahiz eta Diputatu andreak onartu dauen egokitutako garraioagaz arazoak dagozala, gaur-gaurkoz ordutegi nahiko zurruna daukalako. Ardanzak iragarri dau eze hurrengo asteetan zabalduko dala Ondarruko egoitza, eta hori adibidetzat jo dau “askotariko zentro” moduan. Era berean, aitatu egin ditu, esate baterako,“Zainduz” egitaraua, daborduko pertsona zaintzaileen beharrizanen %90a beteten dauena (portzentaje hori %50eko zan 2008an), edo Gizatek egitarauaren bitartez (etxebizitzak egokitzeko) emoten diran laguntzak.

Adinekoentzako egitarauaren barruan, besteak beste, hurrengo lorpenak aitatu ditu Diputatu andreak: aisialdi eta astialdi egitarauetan inbertitu diran 1,3 milioiak, Adineko egitarauak pertsona desgaituei zabaldu izana, zahartze aktiboaren arloan Aldundiak egindako plan estrategikoa, emakume desgaituak bazterkeria bikotxa izan ez dagien egindako ahaleginak, Bizkaiko alkarte eta erakundeakaz lortutako hartu-emon ona, zerbitzuak deszentralizatzeko apustuak, “bizitza independenteko” egitarauak, Bizkaian egoitzaratuta dagozan adinekoenganako soroslaritzaren hobekuntza eta Bizkaiko gizarte zerbitzuen “bikaintasuna”, hori holan dal kanpoko erakundeek be autortzen dabe-ta.

Horren ostean, Ardanzak gainbegiratu egin dau zer ekarriko dauen etorkizunak, eta gakotzat agertu dau finantziazino eredua eta zerbitzuak eta prestazinoak aldi berean alkargarri egitea. Horretan egoala, Eusko Jaurlaritzak egin dauen Dekretuaren zirriborroa aitatu dau, eta adierazo dau ea adostasun handia lortu eta “epe laburrean araudia izan geinken herritarrek Euskadi osoan zerbitzuen eta prestazinoen arloan dabezan eskubideak homogeneotzeko”; dana dala, adierazo dau bera “uniformitatea” baino “kohesinoa” bilatzearen aldekoagoa dala.

Hain zuzen be, bilera berean eztabaidatu da Bildu Taldeak aurkeztu dauen beste Arauz Besteko Proposamen bat, zeinen bitartez Aldundiari eskatu egiten jakon bateragarritasun eta bateraezintasunari buruzko araubidean aldaketa batzuk egitea, zertarako eta pertsona berak aldi berean prestazinoa eta zerbitzua jaso ahal izan dagian. Proposamen hori baina, baztertu egin da Euzko Abertzaleak Taldearen eta Bizkaiko Talde Popularraren aurkako botoakaz, Taldeok uste eben-eta gai hori Eusko Jaurlaritzak arautu behar dauela. Jon Larrea batzarkide jeltzaleak esan dau “akordioa dagoala Eusko Jaurlaritzaren, Aldundien eta EUDELen artean, eta akordio hori finantziazinoaren pentzu dagoala”. Socialistas Vascos Taldeak aldeko botoa emon deutso Bilduren Proposamenari, uste dabelako aurrekontuak aurkeztu aurreko “une hau egokia dala”.

Diputatuaren hitzaldia eta gero, Batzarkide-Taldeak prest agertu dira jarduerak sakontasunez aztertzeko eta Ponentziaren gomendioak bete egiten dirala zaintzeko. Amaya Agirresarobe Bilduko Taldeburuak baina, gogotara ekarri dau bere Taldeak ez ebala haren idazkeran parte hartu eta dokumentuak “epe luzean utziko” dauen gizarte eredu horregaz “bat ez datozela, pribatizazio prozesu ezkutua baitakar”.


Botikak egoitzetan

Batzorde bilera horretan be Diputatuak erantzun egin deutso Bildu Taldeak egindako ahozko erantzun-eske bati, zeinen bitartez informazinoa eskatzen zan Bizkaian botikak banatzeko erabilten dan ereduaz. Talde horrek jakin gura eban ea Bizkaiko egoitzetarako sendagaien dispentsazioa zergaitik “zentralizatzen den farmazia konkretu batzuetan”. Ardanza Diputatu andreak ukatu egin dau GUFEren zentroetan hori holan izatea, ganeratuz botikak dispentsatzeko txanden eredua dagoala eta hori “bete egiten dala”.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Foru Plana izan dau hizpide Bildu Taldeak aurkeztutako hurrengo ekimenak. Bilduk gura eban “Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Plan hori onartu baino lehen, epe bat zabaldu dezala Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide-taldeek Planari ekarpenak egiteko” (…) “jakinda Plan horrek Bizkaian hurrengo urteetan (2012- 2015) bultzatuko diren berdintasun-politiken norabidea finkatuko duela”. Ekimen hori kendu egin da, Plan hori daborduko onartu danez, “berandu” heldu dalako. Edozelan be, Taldeak bildu egin dira batzordea eta gero, etorkizunean plan horretan parte hartzeko ereaz hausnartzeko.