Aurreko Albisteak

Ion Macareno eta Fernando Mestreren erakusketea Batzar Nagusietan

Batzar Nagusien erakusketa aretoan ikusgai izango da “Palosanto” izenburuko erakusketea. Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultateak artista gazteak gizartearen aurrean agertarazoteko daben lankidetza proiektuaren barruan sartzen da erakusketa hori. Ion Macareno eta Fernando Mestre fakultate horretako ikerlari gazteak dira. Erakusketearen koordinatzaileak, Usoa Fullaondok, eurak aukeratu ditu alkarregaz batera erakusketea atontzeko, non buztarturik, nahastean alkarri hizketan lez, agertuko diran bien lanak. Batzar Nagusien erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6) doan egongo dira ikusgai azaro guztian.

Artista biok lagunak, UPV/EHUko lizentziadunak eta ikerlariak dira, baita alkarrenganako kritikoak be; itxura baten agiriko gairik bako bidaia proposatzen deuskue: Ion Macarenok bere burua “eklektikotzat” definitzen dau, euskarri eta gaietan ugaritasuna dagerrelako; erakusketa honetan artearen mugak esploratzen ditu, estilo definitu barik. Horren sormen-lanak informazinoa ganezka dagoan sasoiotako isla dira. Egiten dituan akuarela eta eskulturen inspirazino iturritzat Internet erabilten dau (Youtube, Goggleko irudiak, blogak…). Fernando Mestrek, barriz, forma eta koloreez dago interesaturik, narratibeaz baino gehiago. Grabatuaren teknikea erabili eta testuinguruz hornitzen dau lan teorikoa, abstrakzinoan eta ikus-anabasan must eginez, errepikatzearen poderioz.

Bilbo erdi-erdian, Hurtado de Amezaga kalean, dagoan Batzar Nagusien erakusketa aretoak berebiziko aukerea emoten dau artista gazte bion gaitasunez eta talentuaz jabetzeko. Erakusketea astegunetan 9:00etik 21:00etara egongo da edegita, eta eguerdiko 13:30etara arte zapatuetan.


ARTISTEN CURRICULUMAK

Ion Macareno (Bilbo, 1980), Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Eder Fakultateko lizentziaduna da; Unibertsitate horretan egin eban Arte Ikerketa eta Sorkuntzako Masterra. Ordurako Psikologia ikasketak amaituta zituan; arlo horrek asko tiratzen deutso eta bere lana ulertzeko ereaz oso loturik ikusten dau artista horrek. Hainbat erakusketatan parte hartu dau, bakarka zein taldean. Fundación Bilbao Arte Fundazioaren bekea izan eban 2011. urtean, artista egoiliar moduan; Bizkaiko Foru Aldundiak Arte Plastikoei emoten deutsen laguntza be izan eban. Urte horretan bertan hasita, hartu-emon estua dauka Santanderreko Nuble Galeriagaz. Gaur egun bateratu egiten ditu bere artista lana eta Euskal Herriko Unibertsitateko Eskultura Saileko ikerlari lana. 2013. urtean lehengoz izango dau lana ikusgai Madrileko ARCO ferian.

Fernando Mestre. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Eder Fakultateko lizentziaduna da; grabatzaile prestakuntza jaso eban Universidade Federal de Bahian eta Museo da Arte de Bahian. Daborduko aldean ditu hainbat erakusketa, bakarka zein taldean egindakoak, esaterako Bilbon, Gasteizen, Alacanten, Salvador de Bahian eta Rio de Janeiron. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ikerketa eta Sorkuntzako Masterrean dihardu.

ETBko BIDEOA
http://www.eitb.com/es/videos/detalle/982229/bideoa-palosanto-exposicion-fernando-mestre-ion-macareno/

ONDA VASCA / JAITSITAKO ELKARRIZKETA
http://wtrns.fr/X5yJprZf5fXq3d0

Lotutako artxiboak: