Aurreko Albisteak

Andrés de Mañaricua historiagilearen omenezko jardunaldia

Jornada Mañaricúa

Bilbon, 2012ko azaroaren 8an

Deustuko Unibertsitatean omenezko jardunaldia egin jako gaur Andrés de Mañaricua y Nuere historiagileari. Deustuko Unibertsitateko Euskal Ikasgaien Institutuak, Labayru Ikastegiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolaturiko jardinaldi horretara bildu dira historia eta zuzenbide arloetako hainbat aditu, Mañaricuak euskal historiaren inguruko ikerketei eta zuzenbidearen ingurukoei egindako ekarpenak aztertzeko eta diziplina horreek XXI. mende honetan hartu beharko dituen norabideez hausnartzeko.

Jon Andoni Atutxa Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehenengo Idazkariak emon deutso hasierea jardunaldiari. Mañaricuaren gorazarrea egin dau “bizitza guztian egindako ikerketak eta euskal kulturearen aldeko lana aitortuz”. Historiagilearen jaiotzaren mendeurrenaren inguruko omenaldi horretan Atutxak gogotara ekarri dau Mañaricua Bizkaiko Seme Bikaina izendatu ebela 1985. urtean, hain zuzen be Gernikako Batzarretxean.

Batzar Nagusiek omenaldian parte hartu gura izan dabenez, lagundu egin dabe jardunaldia egiterakoan eta argitara emon bako Andrés de Mañaricuaren lanetariko baten argitalpena sustatzean, hain zuzen be ““Anteiglesias de Bizkaia” XVI. mendeko lanaren transkripzinoa. Lan horrek lasten urtengo dau argitara; “bere lanaren zati bat berreskuratu gura izan dogu, etorkizunean erabilgarri egon daiten” azpimarratu dau Atutxak.

“Euskal Herriari buruzko historia ikasketen iraganaren eta etorkizunaren artean” izenburuko jardunaldi hori Deustuko Unibertsitateko Hitzaldi Aretoan izan da. Jardunaldian zehar aurkeztu egin da Mañaricuak berak idatzi eban “Historiografía de Vizcaya. Desde Lope García de Salazar a Labayru” lanaren 3. edizinoa, zuzendua eta osatua.

Igaz Mañaricuaren jaiotzaren mendeurrena izan zala-eta Deustuko Unibertsitateak eta Labayru Ikastegiak hainbat ekitaldi antolatu ditue urteon, Bizkaitar Argi horren bizitza eta lana gogorazoteko. Mañaricua liburu horren eta beste askoren egilea izan zan, esaterako “Santa María de Begoña en la historia espiritual de Vizcaya” edo “Vizcaya, siglos VIII al XI: los orígenes del Señorío” deritxenena.

Mañaricuaren entzuteak, ikerketek eta ikerketa horreetatik eratorritako ekarpenek Euskal Herriko historiari eta zuzenbideari eskaini eutsien guztiaren eskerronez izendatu eben “Bizkaiko Seme Bikain”. Merezimentu guztiok nahikoa arrazoi izan dira haren jaiotzaren (1911. urteko azaroan) ospakizunak egiteko eta Deustuko Unibertsitatean eguen honetan hainbat adituk egin deutsien omenaldi ederra jasoteko.

Lotutako artxiboak: