Aurreko Albisteak

Inoren laguntza behar daben pertsonen eta ezintasundunen egoerea eta sorospen-beharrizanak aztertzeko Lantaldearen ondorio eta iradokizunen gaur eguneko egoerea

Pilar Ardanza

Bilbon, 2012ko azaroaren 6an.

Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Foru Diputatu andrea bihar batzorderatuko da Bizkaiko Batzar Nagusietan azalpenak emoteko Inoren laguntza behar daben pertsonen eta ezintasundunen egoerea eta sorospen-beharrizanak aztertzeko Lantaldearen ondorioak eta iradokizunak martxan jarteko Aldundiak egindakoari buruz. Dokumentu hori aurreko agintaldian, 2011ko martiaren 14an, onartu zan, batzarkideen gahiengoz onartu be. Sozialistek dinoenaren arabera, Txosten horretan, hiru urteko lanaren ostean, laburbildurik dagozan iradokizunen bitartez —guztira berrehun baino gehiago— “kalidadezko sorospena eta mendekotasun egoeran dagozan pertsonen benetako gizarteratzea lortzera” bideratutako iradokizunak, besteak beste.

Goizeko 10:00etan hasiko dan batzar horretan Diputatu andreak erantzun egin beharko deutso Antolamendu farmazeutikoaren legeari buruz Bildu Taldeak egindako “ahozko erantzun-eske” bati. Talde horrek galdetu egiten deutso Diputatu andreari ea “Antolamendu farmazeutikoaren legea berdina izanik EAEn, zergatik erabiltzen dan sistema ezbardina herrialde bakoitzean” eta “sendagaien dispentsazioa” ea zergaitik “zentralizatzen dan farmazia konkretu batzuetan”.

Gizarte Ekintzako Batzorderen bilera horretan Bildu Taldearen Arauz Besteko Proposamen bi be bideratuko dira. Horreetariko lehenengoan eskatu egiten jako Bizkaiko Foru Aldundiari Familia barruko zaintzetarako prestazioa arautzen dauen 179/2011 Foru Dekretuan bateraragarritasun eta bateraezintasunari buruzko araubidean aldaketa batzuk egin dagizala; izan be, Dekretuaren 3. artikuluan, “bateragarritasun horretan etxez etxeko laguntza zerbitzuaren presentzia faltan botatzen” dabela arrazoitzen dabe-ta Bildu Taldekoek.

Hurrengo Arauz Besteko Proposamena Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Foru Planari buruzkoa da. Ekimen horregaz, bada, Bilduk eskatzen dau “Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Plan hori onartu baino lehen, epe bat zabaldu dezala Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide-taldeek Planari ekarpenak egiteko” (…) “jakinda Plan horrek Bizkaian hurrengo urteetan (2012- 2015) bultzatuko diren berdintasun-politiken norabidea finkatuko duela”.

Lotutako artxiboak: