Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek izendatu egin ditue BBK-ren Batzar Orokorrean Bizkaiak izango dituan 5 ordezkariak

Batzar Nagusia

Gernikan, 2012ko urriaren 31n

2012ko zortzigarren Osokoaren lehen aztergaia izan da BBK-ren Batzar Orokorrean Bizkaiak izango dituan 5 ordezkariak izendatzea. Bozketea Osokoaren hasieran egin da eta horren emaitza izan da, azken Foru Hauteskundeetan alderdiek ataratako batzarkide kopuruaren arabera, hurrengoak izatea ordezkariok: Luis Mª Arteatx eta Naiara Zamalloa (Euzko Abertzaleak Taldeak proposatutakoak), Antón Borja (Bildu), Luis Lupiañez (Socialistas Vascos-SV) eta Jesús Sanz (BTP). Horreen ordezkoak hurrengook izango dira: Itxaso Atutxa eta Rosa Mª Legarreta-Etxebarria (EAb), Mª Soledad Martínez de Murgia (Bildu), Laura Trevilla (SV) eta Mikel López (BTP).

Gai-zerrendako hurrengo aztergaia izan da Bizkaiko Lurralde Historikoaren Iraunkortasunerako Kontseilua sortzeko Foru Araugaiari jagokon legebatzar bideraketearen azken pausoa emotea. Kontseilu hori Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutuaren ordezko izateko sortu da. Iosu Madariaga Ingurumeneko Foru Diputatuak esan dauenaren arabera, organo hori sortu da “Bizkaiko Lurralde Historikoan iraunkortasunerako politikak sustatu eta kontrolatzeko”. Aldaketa horregaz, bada, Aldundiak helburu bi ditu; batetik, gastua arrazionaltasunez egitea eta, bestetik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Talde guztiek parte hartzea; hain zuzen be, izango dituan 12 kideetatik 6 Batzar Nagusionak dira eta beste 6 Aldundiarenak.

Araugai horrek Bizkaiko legebatzarreko Talderik gehienen aldeko botoa izan dau; izan be Euzko Abertzaleak Taldeak, Socialistas Vascos Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak baietz bozkatu dabe, eta Bildu Taldearen abstentzinoa baino ez dau izan, Bilduren aburuz, Kontseilu horrek parte hartzeko dauen erea ez dalako egokiena. Bilduk zenbait zuzenketa-eske aurkeztu deutsaz “ingurumen eta nekazal eragileen” parte hartzea eta Kontseiluaren bilerak gehiago izatea gura ebalako. Zuzenketa-eske horreetariko batek be ez dau jaso beste Taldeen aldeko botorik eta, beraz, ez dira onartu.

Hurrengo aztergaia Bingo-joko elektronikoaren jokoaren tributazinoa—abuztuaren 15ean indarreratu zan— arautzeari buruzkoa zan. Dekretu hori onartu egin dau legebatzarraren gehiengoak. Daborduko %25eko zerga tasa izango dauen hori Euzko Abertzaleak Taldearen eta Bizkaiko Talde Popularraren aldeko botoakaz eta Bildu Taldearen eta Socialistas Vascos Taldearen abstentzinoei esker onartu da.

Horren ostean, Balio Erantsiaren gaineko Zergan zenbait aldaketa sartu gura zituan Foru Dekretu Arauemailea eztabaidatu da. Dekretu hori baina, ez da onartu, ez diralako nahikoa izan Rajoyk dekretatutako BEZaren igoereari Bizkaiko Talde Popularraren batzarkideek emon deutsien aldeko botoa, Talde hori izan da-ta BEZaren igoerea defendatzen bakarra. Bildu Taldeko 11 batzarkideek aurkako botoa emon dabe eta Euzko Abertzaleak Taldekoek eta Socialistas Vascos Taldekoek abstentzinoa bozkatu dabe. BEZari buruzko araudiaren aldaketa horrek irailaren 1etik harako indarra dauka eta Estatuko Gobernuak uztailean dekretatutako aldaketeagazko egokitzapena dakar; edozelan be horren aplikazinoak aurrera egingo dau, Estatuan ezarritako arau berberek agintzen dabelako horretan, Ekonomi Itunean jasorik dagoanaren arabera.

Hurrengo, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Araua aldatzeari buruz Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako Arau-Proposamena aintzat hartzeaz eztabaidatu dau Osokoak eta erabagi dau aintzat ez hartzea zerga iruzurra detektatzeko ikuskaritza-egitamu bateratuak izatea lortu gura eban Proposamen hori, administrazinoek alkarri zerga datuak laga eta ikuskaritza bateratua egin ahal izateko. Euzko Abertzaleak Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak aurka bozkatu dabe, uste dabelako administrazinoen arteko koordinazino hori daborduko egon badagoala. Sozialisten eta Bilduren aldeko botoa izan dabe, baina hori ez da nahiko izan Arau horren legebatzar bideraketeak aurrea egin ahal izateko, Asier Arana Bildu Taldeko batzarkidearen aburuz “aurrerapena” ekarriko eban arren.

Osoko Batzarrean zenbait ahozko erantzun eskeri erantzun behar izan deutsaz Aldundiak. Horreetariko lehenengoan, Bildu Taldeak Aldundiari galdetzen eutsan ea finantza aurreikuspen barririk egoan “Interbiak-ek eragindako zorraren inguruan, MHS-ren edo Artxandako Tunelen bidesarietan bildutakoan izandako murrizketea dala eta”. Bilduko Aitor Torre batzarkideak “xahuketatzat” jo dau foru erakundeak errepideei buruz daukan politikea. Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreak jakinazo dau eze MHS hasiera baten aurreikusitakoa baino 172 milioi euro gitxiago kostatu dala eta horrek “defizita konpentsatzen” lagundu dauela. Bizkaiko errepide sarearen enparaukoak askoz be gastu gehiago eragiten dauela adierazo dau Diputatu andreak.

Socialistas Vascos Taldearen Arauz Besteko Proposamen baten bitartez barriro mahairatu da MHSaren erabilerearen inguruko eztabaidea, hain zuzen be Aldundiari eskatzeko “alkarrizketea edegi dagiala eragindako gizarte eragileakaz, horren helburu izanik adostasun politikak jartea AP-8 autopistea edo Hegoaldeko Saihesbidea deritxanaren erabilerea suspertzeko”. Tontxu Rodríguez batzarkideak animatu egin dau Aldundia beste eragile batzukazko hartu-emonak sendotzera “emaitza hobeak lortzearren”. Proposamen horrek Bildu Taldearen eta Euzko Abertzaleak Taldearen aldeko botoak izan ditu. Azken Talde horrek onartu egin dau Socialistas Vascos Taldearen proposamena, ze sozialistek onartu egin dabe Talde abertzaleak aurkeztu dauen zuzenketa-eskea, hain zuzen be “alkarrizketa edegi” barik “alkarrizketan jarraitu” jartea eskatzen ebana. Nerea Ahedo batzarkide abertzaleak adierazo dau MHSak balio izan dauela “A-8 autopistearen trafikoa arintzeko, istripuak gitxitzeko eta trafiko astuna Bilbotik urruntzeko”. Era berean iragarri dau eze datorren astean bilerea egingo dabela garraiolariek eta Aldundiak. Bizkaiko Talde Popularra abstenitu egin da, ez jakolako “bono sistemea” ezarteaz aurkeztu dauen zuzenketa-eskea onartu.

Bizkaian gure esne sektoreak bizi dauen “egoera larriari” buruz Bildu Taldeak aurkeztutako ahozko erantzun-eskea zan Osoko Batzarraren beste aztergaietariko bat. Irene Pardo Nekazaritzako Foru Diputatu andreak iragarri dau eze Aldundiak erabagi dauela abendura aurreratzea 500.000 euro, egin-eginean ekoizleentzako esne-prima kontzeptuagaitik. Neurri hori ganeratu egin jake “ekoizpen kostuak gitxitzera eta esne-behien ustiaketen atarramenduaren hobekuntza orokorra hobatzera bideraturik Sailak 2009. urtean abiatuazo zituan enparauko jarduerei”

Bizkaiko Talde Popularrak beste ahozko erantzun-eskea bat aurkeztu dau jakiteko ze erispide erabili dauen Gizarte Ekintza Sailak desgaitasundunentzako eguneko zentro barria jarteko Durango dala lekurik egokiena erabagiterakoan. Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Foru Diputatu andreak erantzun dau esanez Durangaldeko udalakaz hartu-emonetan jarri ostean, horrexeri eretxi jakola kokapenik egokiena “hurren” egoana, “komunikabide egokiakaz” eta lokal “egokia eta iristerraza” zalako Udalak berak lagatako 500 metro koadruko lokal hori.

Ohikoa danez, Osoko Batzarraren azken zatian, zenbait Arauz Besteko Proposamen eztabaidatu dira. Proposamenok ez dira derrigorrez bete beharrekoak. Horretariko baten bitartez, Bizkaiko Talde Popularrak eskatzen eban Bizkaiko Foru Aldundiak onartu egizala Guggenheim Bilbao Museoaren ibilbidea aztertu eta ebaluatzeko Ponen¬tziaren txostenak —Eusko Legebiltza¬rreko Kulturako Batzordeak 2012ko ekainaren 18an onartu ebanak— jasotako gomendioak. Proposamen horrek Batzar Nagusien ahobatasuna bildu dau. Euzko Abertzaleak Taldeak justifikatu egin dau aldeko boto hori, esanez proposamen horrek lagundu egiten deutsala Museoaren “hobakuntza iraunkorrari”; edozelan be “argi” itxi dabe ez dagozala ados edukinagaz beragaz. Lorea Bilbao batzarkide abertzaleak adierazo dau “Aldundiak kontuan izango dituala proposamen hori zein beste gomendio batzuk”. Legebiltzarreko ponentziak emondako gomendioen artean —enparauko Taldeen oneretxia be izan dabe— egoan Museoaren frankizia-araubidea gainditzea eta Solomon R. Guggenheim Foundation-ek betetea bildumea euskal eta espainiar arteko lanakaz hornitzeko konpromisoa, Fundazinoaren fondoakaz hain zuzen.

Osokoak onartu egin dau Bildu Taldeak aurkeztutako beste Arauz Besteko Proposamena, egin-eginean Madrileko Gobernuari eskatzeko gaixotasun larri eta sendaezinak dituen presoen baldintzapeko askatasuna. Proposamen horrek Euzko Abertzaleak Taldeko batzarkideen aldeko botoa jaso dau, Talde horri onartu egin jako-ta aurkeztu dauen zuzenketa-eskea, “eskubide hori egoera berean dagozan preso guztiei zabaltzeko, ez bakarrik talde jakin batekoei”

Azkenik, Osokoak ez dau onartu Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena, Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoreagoari eskatzeko “adostu dagiela jartea Barakaldoko udalerrian EHU/UPVgaz lotuta edo irakasle eta ikertzaileen Egoitza eta Ikerketa Zentroren bat edo, halan balitz, unibertsitate fakultate barriren bat”. Popularren eta sozialisten aldeko botoak ez dira nahikoa izan Euzko Abertzaleak Taldeak aurka emondako 20 botoei gehiago egiteko. Bildu Taldea abstenitu egin da.