Foru Aldundia Bilboko Udalagaz, Eusko Jaurlaritzagaz eta hirugarren sektoreko erakundeakaz lankidetzan ari da, Lurraldera ailegetan ari diran migratzailen gaiari erantzun azkarra emoteko
Foru Aldundiak lurraldera heldu diran migratzaileei emondako erantzunaren ganean galdetu dauen Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko batzordekideari erantzunez, Aldundiko arduradunak aurrera eroaten ari diran hiru jarduketa motak aitatu ditu. Beste ezer baino lehen, alkarrizketak egiten ari dira Estaduko Gobernuko Giza Ekintzako Zuzendaritzagaz eta Gobernuak Euskadin daukan ordezkariordetzagaz, “eurakaz batera behar egiteko eta erantzun egokia egituratzeko xedez”; bigarrenez, 30.000 euroko konpromiso ekonomikoa planteau da, “heltzen ari diran lehenengo personei zuzendutako eguneko eta gaueko arretako lehenengo harrerako dispositiboa martxan jarteko”; eta bukatzeko, mugan giza ekintzako prozesuetan beharrean dagozan erakundeakaz koordinazinoa ezarten da.
De Madariaga batzarkideak, barriz, “Euskadi trantsituko lurra dala, baina ez igarotekoa” azpimarratu dau, eta horren inguruan “soluzino estrukturalak” eta “behar besteko baliabide egoki” eskatu deutsoz Aldundiari.
FAMILIAKO HARRERA
Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak, De Madariaga batzarkideak berak, adinbakoaren babes juridikoaren lege organikoaren 21.3 artikulua beteteko Gizarte Ekintzako Sailak martxan jarriko dituan neurrien ganean eta Aldundiak 0 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako egoitzaratze-erantzunaren inguruan planteautako itaun bati erantzun deutso.
Foru Diputatuak azaldu dauenez hiru harrera mota dagoz: preminazkoa, izaera iragankorra daukien aldi baterakoak eta iraunkorrak. 2017an, adierazo dauenez, 51 harrera iraunkor, preminazko 11 eta aldi baterako 15 gauzatu ziran. 77 harrera horietatik, 39 kanpoko familian izan ziran, eta 38 familia zabalean.
Horri jagokonez, Sánchez Roblesek adierazo dau bere sailetik “egin beharreko esfortzu guztiak” ari dirala egiten, 0 eta 6 urte arteko umeak “ez daitezan egoitzatako harreran egon”, harrera eskaintzen dauen familia batean baino. Hori dala eta, iragarri dauenez, “ia seguru”, udagoienean Foru Aldundiak barriro ekingo deutso harrera familiak erakarteko kanpainari, eta datorren ekitaldian aurrekontuko partidea bideratuko dau, harrera espezializaua aurrera eroateko. Bere eretxiz, 0 eta 6 urte arteko umeentzat “egokia” ez dan arren, tipologia hori egokia izan daiteke “familia aurkitzeko gaiztasun asko dituen adinbakoentzat edo anai-arreba taldeentzat”.
Eneritz de Madariaga batzarkideak, Gizarte Ekintzako Sailak aurrera daroan beharrean konfiantza daukala adierazo dauen arren, “hobetzeko aukerea dagola” esan dau.
ZAINTZAILEEN ESTATUTUA, MENPEKOTASUNA DAUKIEN PERSONAK ETA LANEKO ETA FAMILIAKO BIZITZEA BUZTARTZEA
Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak EH Bilduren itaun bati eta Talde Popularraren ahozko erantzun-eske biri be erantzun deutse. Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak kritikau egin dau Zaintzaileen Estatutuak etxeko beharrak egiten dituen beharginak ez jasotea, hau da, bakarrik zaintzaile informalak kontuan hartzea. “Horreek be zaintzaileak dira, eta gure ikuspuntutik laguntzak eskuratu beharko leukiez”, adierazo dau. “Badakigu gehiago egon badagozala”, erantzun deutso Sánchez Roblesek, “baina lan arloko hartu-emona daukien zainketen beste errealidade horreetan, persona horreen bizitza zaintzeko ardurea daukan erakunde bat dago”.
Beste alde batetik, Eduardo Andrés batzarkide popularrak, menpeko adinekoentzako egoitza-zentroetako 2018ko udako aldi baterako egotaldien ganean galdetu dau. Diputatuak adierazo dauenez, “urtero egiten dan moduan”, behar hori aurton be egiten ari da, “udako hilebeteetako hazkundea ziklikoa dala eta ohiko dinamikaren barruan dagola” ulertuta. Modu berean, Javier Ruiz bozeroale popularrak Lan-bizitza eta familiakoa buztartzea errazteko neurri politikoen ganeko interesa erakutsi dau. Sánchez Roblesek hiru jarduketa eremu bereiztu ditu arlo horretan: barruko dimentsinoa; gugaz behar egiten daben enpresak; eta ganerako enpresak eta gizartea. Horrez gain, Familien eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Itunagaz daukan konpromisoa berretsi dau.
BERDINTASUNA KULTUR JARDUERETAN
Lorea Bilbao Euskera eta Kultura Foru Diputatuak, Elsa Pamparacuatro Podemos Bizkaia taldeko batzarkideak eskatuta, bere arloan bardintasunari jagokonez aurrera eroan behar diran helburuak edo jarduketak zeintzuk diran zehaztu ditu. Bilbaok esan dauenez, momentuz, Bizkaikoak bere Bardintasuneko Plan Orokorra onetsi dau, eta gaur egun erakundeko parte diran museoen zuzendaritzen %66 emakumezkoen esku dago.
Aurrera eroaten ari diran jarduketen artean, emakumeak aretoetan daukan presentzia nabarmentzea azpimarratu dau; horrez gain, Europako Ondarearen Urte Kulturalari jagokonez, “emakumeen ekarpenaren ganeko egitarau berezia antolatu da, 250 jarduera ingurugaz”. Ganera, diputatuak gogoratuazo dauenez, laguntza guztiek genero eraginaren ganeko txostena jasoten dabe.
EAI ERRAILAK, AP-68-KO BIDESARIA ETA KAMIOIEN IGAROTZEA BERANGOTIK
Nuria Atienza Podemos Bizkaia taldeko batzarkideak EAI errailen ganean egindako itaunari erantzunez, Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatuak azaldu dauenez, baldintza bi beteten badira baino ezin izango dira ezarri. Alde batetik, errepide sarea mailatuta egotea eta, bestetik, autoetan doan gitxieneko persona kopurua kontroletan dauen teknologia eskuragarri egotea.
Modu berean, Berango erdigunetik kamioiak igaroteari eta AP-68 autopistaren bidesariei buruz EH Bilduk eta Talde Popularrak egindako ahozko erantzun-eske biri erantzun deutse. Lehenengo gaiari jagokonez, Aldundiko arduradunak argitu dauenez, “2001eko apirilaren 4an BI-3737 errepidea Berangoko Udalaren esku laga zan”. Hori dala eta, Foru Aldundiak “ez dau ezer baimendu”. Bigarren gaiaren ganean, AP-68 autopistaren titularra Estadua dala esan dau eta, hori dala eta, ezinezkoa dala Araban hartutako hobari neurri berak errepiketea.
SARBIDEA ENPLEGU PUBLIKORA
Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroalea izan da osokoa zabaldu dauena, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreari enplegu publikora sartzeko prozesuen ganean zuzendu deutsan itaunagaz. Ruizek adierazo dauenez, gaur egun aurrera eroaten diran prozedurek “zelanbaiteko ikutu politikoa daukien kontratazinoak egiteko giroa eskaintzen dabe”, eta “prozesuaren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatuko dauen” kontratazino sistemea eskatu dau.
“Lortu gura dana zalantzak sortzea danean, azalpenak emotea gaitza da”, aurpegiratu deutso Bengoetxeak. “Ez dau emoten ezelango neurri politikoa hartu daitekenik aukeraketa prozedurak arbitrarioak ez diranean, araututa dagozanean eta Aldundiko sektore publikoak bete egiten dituanean”, adierazo dau, bukatzeko.
LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA BASOKO ZAINTZAN
Horrez gain, Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko diputatuak, Podemos Bizkaiak planteautako erantzun-eskeari erantzunez, barriro be esan dau Aldundiak bete egiten dauela, hutsune barik, Bizkaiko basozainen kanpoko indarkeriaren protokoloan ezarrita dagona.