Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe CEBEKen eta Bizkaiko bulegoen sektorearen arteko negoziazinoaren ganeko akordiorik lortu
Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaiako bozeroaleak eta David Lopategi EH Bilduko batzordekideak azaldu daben moduan, Arauz Besteko Proposamena, maiatzean, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean sektoreko hainbat ordezkarik aurkeztu ebezan errebindikazinoetatik sortu da. Biek gogoratuazo dabenez, ia 23.000 personak osatzen daben sektorea “Bizkaiko bigarrena da behargin kopuruari jagokonez”, eta bere helburua, 2013tik amaituta dagon Bizkaiko bulegoen sektoreko hitzarmena berreskuratzea da.
Hori dala eta, talde biek hiru puntutan oinarritutako ekimen bat planteau dabe. Lehenengo, Bizkaiko Batzar Nagusiak “bulegoen sektoreko beharginen errebindikazino zuzenen” alde agertuko dira; bigarrenean, “negoziazino mahaian jarteko eta Bizkaiko sektorerako hitzarmena sinatzera eroango dauen alkarrizketa eta akordio prozesua zabaltzeko eskatuko deutsie CEBEKi”; eta, bukatzeko, “bere eskumenen barruan”, “bulegoetako beharginen lan baldintzak hobetzeko” behar egiteko eskatuko deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari.
Lopategiren berbetan, ekimen horren bitartez “ez gabilz negoziazino kolektiboaren esparruan sartzen”, eta “ez dogu ezer baldintzatzen”, egiten dogun gauza bakarra “enpresen emaitza ekonomikoak soldatatan ez islatzeak sortzen deuskun ardurea adieraztea da”. Neskutz Rodríguezek bere aldetik argitu dauenez, “ez gara negoziazinoan sartuko, baina aldeak alkarregaz jartea, akordioak lortzea eta berba egitea bultzatu gura dogu”.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako osoko zuzenketa-eskeak, barriz, adierazoten eban Batzarrek “Negoziazino Kolektiboaren esparrua errespetauz, suspertze ekonomikoaren ondorioak herritar guztiengan eragina izan daien behar egiteko helburua berresten dabela, beharginen lan baldintzak hobetuz”.
Ana Esther Furundarena batzordekide jeltzalearen berbetan, “guri negoziazino kolektiboaren mahaiak behar dauen errespetua erakustea jagoku”. Batzordekideak esan dauenez ados dago etorri ziran personek azaldu eben ideagaz, hau da, hitzarmenik ez egotea “negatiboa dala sektorerako eta gizarte osorako”; horrez gain, gogoratuazo dau negoziazinoak alde bi dituala, “eta bien arteko adostasuna beharrezkoa dala uste dogu”. Modu berean, Juan Otermin batzordekide sozialistaren eretxiz zuzenketa-eskearen testua “hurbilago dago errealidadetik eta aukeretatik”, izan be, “hori ez dalako Batzar Nagusien edo Bizkaiko Foru Aldundiaren esparrua”, “beti, hitzarmen barria ez berrestearen eragin kaltegarriak jasaten dituen personen laneko baldintzetan eta soldatatan aitatutako hobekuntza hori bultzatzen dogun arren”.
Eduardo Andrés Talde Popularreko batzordekideak eskumenen gaia aitatu dau barriro, “gauza bat, alde biek gura badabe Foru Aldundiak bitartekari lana egitea dala” esanez, “baina ezin daikeguna egin administrazino bat negoziazino kolektibo bateko parte izatea inponidutea da”, gehituz. Batzordekide horren berbetan, “hori ez jagokun lekuan sartzea izango litzateke”. Modu berean, Talde Mistoko Arturo Aldecoak kanpoko esku-hartzearen arriskuaz ohartuarazo dau, horrek “azkenean emaitza txarrak izaten ditualako”.
Zuzenketa-eskea onetsi ez dabenez, Arauz Besteko Proposamena ez da onetsi, alde bozkatu daben bakarrak proposamena aurkeztu daben taldeak izan diralako. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe, eta Talde Popularra eta Talde Mistoa abstenidu egin dira.
ZAINTZAILEEN ESTATUTUA
Eguneko gai zerrendea Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Foru Diputatuaren agerraldiagaz osatu da. Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak bere Sailetik Zaintzaileen estatutua egiteko orduan bardintasunaren eta kalidadezko enpleguaren arloei jagokenez egindako ekarpenen ganean egindako galderari erantzunez, Laespadak esan dau berak ez dauela estatutu hori egiteko beharretan parte hartu.
Azaldu dauenez, “Aldundi honek martxan jarten dituan politika guztietan genero ikuspegia apliketearen aldeko apustua egiten dugu”; dana dala, eta orain denpora gitxi onetsi dan Bardintasunerako Foru Araua kontuan izanda, “sail bakotxari jagoko genero ikuspegia apliketea politika publikoen moltsoan”, kasu honetan Gizarte Ekintzako sailari.