Aurreko Albisteak

Ur Partzuergoaren txosten batek Galindoko araztegiak Bizkaiko hondartzetan izan dan azkenengo kutsadura kasuan ez daukala erantzukizunik dino

Iraunkortasun eta Baliabide Naturaleko Batzordea

Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Foru Diputatuak, bagilean Bizkaiko kostaldeko hondartza batzuetan bakterio fekalen presentzia hauteman ostean Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egindako txosten baten barri emon dau gaur goizean. Dokumentu horrek baiezten dauenez, Galindoko araztegiaren funtzionamentua “egokia izan da momentu guztietan, eta ondo bete ditu isurketaren baimenean ezarritako mugak”. Hori dala eta, “ezin jako, ezelan be, erantzukizuna Galindoko araztegiari leporatu, ezta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren lehen sareko operazinoari be”.

Horrez gain, eta Talde Popularraren agerraldi eskariari erantzunez, Aldundiko arduradunak hondartzetan kutsadurea gertatzen danean jarraitzen dan prozedurea zehaztu dau. Azaldu dauen moduan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Bizkaiko hondartzetako uraren azterketaren emaitzak bialtzen deutsez hondartzen kudeaketan inplikautako eragileei; emaitza “bainu ez gomendagarria” bada, osasun publikoko zuzendaritzak Udalari, Istripuen prebentzinorako, sorospenerako eta laguntzako zerbitzuari, Bizkaiko Foru Aldundiko hondartzen kontrolari eta beste erakunde batzuei, URAri edo Ur Partzuergoari, besteak beste, jakinarazoten deutse.

Horren ostean bandera gorria jarri eta gertatutakoaren barri emoten da, hondartzan bertan jarritako kartelen bidez, ordu erdiz behin megafoniaz mezua zabalduz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunearen bitartez. Osasun Saila izango da gertakariaren bilakaeraren barri erakunde guztiei emotearen arduraduna.

Elsa Pamparacuatro Podemos Bizkaiako ordezkariak eta Eduardo Andrés Talde Popularrekoak, egun horreetan umeak hondartzetan bainetan egotearen ganean galdetu deutsie diputatuari. Gai hori lehendik ezagutzen eban Elena Unzuetak adierazo dauenez, “ezin doguz ez bainetera behartu”. Jesús Lekerikabeaskoa batzordekidea, barriz, ez da ados agertu gertakaria “akatsa” izan dala esan dauen EH Bilduko David Lopategi batzordekideagaz. Ordezkari jeltzaleak azaldu dauenez, “urteko denporaldi jakin batzuetan euri asko egitearen mehatxua dagonean, ezinezkoa da ur horreek betiko moduan tratetea”. Marimar Rodriguez sozialistak, bere aldetik, erakundeen arteko koordinazinoa jarri dau balioan.

SAI ARREA BIZKAIAN

Elena Unzueta Foru Diputatuak bigarren agerraldi eskaera bati be erantzun behar izan deutso, oraingo honetan Talde Mistoak egindakoari, Karrantzako janlekuaren eta uri-guneetan sai arreak egotearen ganekoari, hain zuzen be. Orain hilebete egin eban moduan, Aldundiko arduradunak Foru Aldundiak Karrantzako janlekuagaz jarraitzeagaz daukan konpromisoa berretsi dau, eta ez dagola bestelangorik ezarteko asmorik esan dau. Horrez gain, orain hilebete, sai arre baten eta hegazkin baten arteko talka dala eta izandako istripuagaz erlazionauta, AENAk iparraldeko aireportuakaz foro espezifikoa eratzeko asmoa daukala esan dau, hegazti sarraskijale horren ondorioak aztertzeko.

KLIMAREN ALDAKETEAREN KONTRAKO BURRUKEA

Gaurko saioak Podemos Bizkaia taldearen Arauz Besteko Proposamen baten eztabaidea eta bozketea be jaso dau, Aldundiari klimaren aldaketaren kontrako burrukarako estrategia prestau daian eskatzeko. Estrategia horretan “klimaren faktorea sartuko litzateke eremu zabaleko erabagiak hartzeko prozesuan, gizarteko eragileak eta herritarrak partaide dirala”. Halanda be, ekimenak ez dau aurrera egin, proposamena aurkeztu dauen taldea eta EH Bildu baino ez diralako alde agertu. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontra agertu dira, eta Talde Popularra eta Talde Mistoa abstenidu egin dira.

AGERRALDI ESKARIA

Eguneko gai zerrendea, EH Bilduk Mikel Huizi Leiza Zabalgarbi SAko zuzendaria batzordera etorri daiten egin gura izan dauen agerraldi eskariagaz osatu da, 2005ean Zabalgarbin izandako matxuraren ganeko azalpenak emoteko. Talde Popularra eta Foru Gobernua eusten daben taldeak eskari horren kontra agertu dira. Jesús Lekerikabeaskoa jeltzaleak eta Marimar Rodriguez sozialistak gogoratuazo dabe, beste gauza batzuen artean, Zabalgarbi “enpresa pribadua dala” eta Mikel Huizik ez ebala enpresea zuzentzen 2005ean. Azkenik, Talde Mistoa abstenidu egin da.