Bizkaiko Batzar Nagusiek Supersur errepidearen bigarren fasea gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dabe
Joan dan maiatzaren 15ean Foru Aldundiko Gobernu Kontsejuak hitzarmena onetsi ostean, gaur goizean Batzarretako taldeek horren kontrako eta aldeko jarrerak azaldu ditue. Nuria Atienza Podemos Bizkaiako ordezkariak eta Zigor Isuskiza EH Bildukoak, azpiegitureagaz daukien desadostasunaren parte handia, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen aurkako plataformak Eskaeretarako eta Herritarrakazko HartuEmonetarako Batzordean atzo azaldu eban txostenean oinarritu dabe. Jarduketa horrek, ingurumenaren ikuspegitik Bolintxun izango leuken eragina aitatzeaz eta azpiegituraren beharraren ganean zalantzak agertzeaz aparte, batzordekide biek beste estruktura batzuei lehentasuna emon behar jakela adierazo dabe, “Errekaldeko Saihesbideari edo Avanzadari, besteak beste”.
Handitze horren beharrari jagokonez, Pradalesek, Bizkaiko Foru Aldundiak, egungo MHS-VSMean 2011tik 2016ra, segurtasunari, denporea aurrezteari eta ingurumen arloko eraginari buruz egin dauen eraginaren azterlanaren hainbat datu emon ditu. Holan, azpimarratu dau, alde batetik, tarte bietan, biktimak eragin dituen istripuek %46 egin dabela behera. Horrez gain, adierazo dauenez, “gaur egun Supersur da Bizkaia osoan trafikoan gehien hazten ari dan ordaindu beharreko autopistea”, trafikoak %8,2 egin dauelako gora, ganerako autopistetan %4 egin daben bitartean. Zehaztu dauenez, aurtongo urtarriletik bagilera, 2.595.000 ibilgailu ibili dira Supersur errepidetik.
Beste alde batetik, ingurumen arloko eraginari jagokonez, Pradalesek azaldu dau lizitazinoak ingurumen eragineko adierazpena jasoten dauela. Modu berean, Errekaldeko Saihesbideari eta MHS-VSMa handitzearen kostuari jagokenez, Aldundiko arduradunak esan dau, Errekaldeko proiektuak m2ko 102 milioi euro balioko dituala. “Eta horregaz ez daukazue arazorik”, adierazo dau.
Horren ostean aldeko posizionamenduak etorri dira. Talde Mistoko Arturo Aldecoak, eztabaidea “zurian edo baltzean” ez zentretea eskatu dau. Halanda be, talde horretako bozeroalearen eretxiz, jarduketa hori “beharrezkoa” da, “logikea” daukalako, “seguruenez, hori eztabaidatu daiteken arren, trafikoa hobetzea ekarriko dauelako”. Jesús Isasi Talde Popularreko ordezkariak, bere aldetik, “iragarpena egin dan moduaren aurrean” desadostasuna erakutsi dauen arren, “hitzarmenagaz ados dagola” adierazo dau, “azpiegituraren parte hori beharrezkoa dala uste dogulako”.
Foru gobernua eusten daben taldeei jagokenez, Irene Edesa jeltzaleak EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen jokabideagaz ez datorrela bat eta “ez dauela ulertzen” esan dau. Bere taldearen eretxiz, “beharrezko” jarduketea da, “lotura horrek azpiegiturari erabateko funtzionaltasuna emoten deutsola uste dogulako eta Gune Metropolitarrean emoten diran trafiko pilaketa eta ahalmen falta arazoei konponbidea emoten deutsan soluzino integralaren parte dalako”. Josu Montalban batzordekide sozialistak, bere aldetik, eztabaidea hitzarmenean zentretako eskatu deutse taldeei, bertako klausulen idazketa eta erespidean, hain zuzen be. “Hitzarmena txarra dala dinon arrazoi bakar bat be ez da emon”, adierazo dau.
Bukatzeko, Batzordeak berretsi egin dau hitzarmena, Euzko Abertzaleen, Euskal Sozialisten, Talde Popularraren eta Talde Mistoaren aldeko botoakaz. EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak, euren esku-hartzeetan adierazo daben moduan, kontrako botoa emon dabe.
ETXEBARRIA – MARKINA SAIHESBIDEA ETA BI-711 ERREPIDEA
Horrez gain, EH Bildu taldeak ahozko erantzun-eske bi egin deutsaz Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuari. Alde batetik, Joseba Gezuraga batzordekideak Etxebarria eta Markina artean saihesbidea egiteko proiektuaren ganeko interesa erakutsi dau. Pradalesek adierazo dauen moduan, Foru Aldundiaren asmoa, uda bukatu aurretik saihesbidearen bigarren fasearen eraikuntza proiektua lizitatzea da.
Bigarren erantzun-eskea Endika Montes batzordekideak egin dau, eta “Arrontegiko zubiaren azpikaldetik Altzaga auzoraino (Erandio) doan” espaloia egokitzeko lanek sortzen dituen arazoen eta BI-711 errepideko hoditeriak barriztetearen ganekoak izan dira. Batzordekideak udal mailako erakundeakaz koordinetako aukereaz galdetu deutso, konponbidea aurkitzeko, eta holan ez bada obrak bere kontura egiteko eskatu deutso. Imanol Pradalesek azaldu dauenez, BI-711 errepidea “ez da foru errepidea”, horren titulartasuna Portuko Agintaritzari jagoko eta, hori dala eta, bere sailak ez dauka ezelango eskumenik.
“KULTURAN EKIN” IKASTAROA ETA TURISMOAREN ALDEKO JARRERA
Eguneko gai zerrendea Arauz Besteko Proposamen bi onetsiz osatu da. Lehenengoa Podemos Bizkaia taldeak aurkeztutako ekimen batetik sortu da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskea jaso dau, Kulturan Ekin ikastaroa beste hezkuntza erakunde batzuetara hedatzea eskatzeko Foru Aldundiari, sorkuntzagaz eta arteagaz erlazionautako erakundeakaz lankidetzan, “ekintzailetzaren kulturea eta ekintzailetzaren ganeko prestakuntzea Bizkaiko arte eta kultura sektorera zabaldu daiten”. Bere justifikazinoan, indartze hori aurrekontuen erespidearen mende egongo dala aitatzen dau zuzenketa-eskeak. Podemos Bizkaiak zuzenketa-eskea onetsi ostean, aho batez onartu da.
Bigarren ekimenean, Talde Mistoak eskaria egin deutso Batzordeari, turismoaren eta Bizkaian egiten diran ekitaldien aldeko jarrerea erakusteko eta “horreen kontrako edozein jarreraren edo kanpainaren kontra” agertzeko. Aurreko puntuan gertatu ez dan moduan, EH Bildu eta Podemos Bizkaia ez dira ados agertu ekimenaren alderdi xedatzaileagaz, eta “dana ez dala arrosa kolorekoa” eta “turismoak bere arpegi iluna be badaukala” esan dabe. Halanda be, azkenean onetsi egin da, gobernua eusten daben taldeen, Talde Popularraren eta Talde Mistoaren aldeko botoakaz