Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek soldaten bardintasunaren eta kirol inklusiboaren aldeko aurrerapausua emon dabe

Bizkaiko Batzar Nagusia

Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur goizean lortu dituen akordioak, Soldaten bardintasunaren eta kirol inklusiboaren ganeko ekimen bi Batzarraren aho bateko onespenean gauzatu dira. Akordio biak, Podemos Bizkaia taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bitik sortu dira.

Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek sinatu daben lehenengo akordioak dituan hamabi puntuetan, eskaria egiten jake Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Diputatuen Kongresuari, soldaten bardintasunaren arloan aurrera egin daien, soldata etenaren kontra jardunez, hainbat jarduketaren bitartez. Bizkaiko emakumeek egiten daben ordaindutako eta ordaindu bako beharra balioan jarteaz aparte, Batzarrak soldata etena baztertzeko neurriak indartzeko eta familiako eta laneko bizitza kontziliazinoa sustatuko daben neurriak zabaltzeko eskatu deutsie Foru Aldundiari, beste batzuen artean.

Akordio horrek Eusko Jaurlaritzari be eskaria egiten deutso, beste batzuen artean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskapenera baliabideak zuzendu daizan, soldatagaz erlazionautako edozein diskriminazino zigortzeko; eta, Emakundegaz batera, soldata etenaren eraginaren eta ezaugarrien ganeko aldizkako txostenak egin daizan.

Botoak bardinak izan diran moduan, esku-hartze guztiek be eretxi bera erakutsi dabe. Eneritz Madariaga Podemos Bizkaiako ordezkariak gogoratuazo dauenez, “soldata arloko diskriminazinoa da gure gizarteko desbardintasuna erakusten eta iraunarazoten dauen alderdietako bat”. EH Bilduko Txusa Padronesek, bere aldetik, “seme-alabak eukiteak emakumeak pobretu eta gizonak aberastu egiten dituela” adierazo dau, eta hori “kontuan izan behar dala familiako politikak egiteko orduan”. Ildo berean egin dau berba Jesús Isasi popularrak: “zoritxarrez, emakumea bardin seme-alabak bardin ordaindutako beharra ekuazinoa kalean dago”.

Modu berean, Euskal Sozialistak taldeko Begoña Gilek “diskriminazino mingarrienetako bat” dala azaldu dau, “gure bizimodua marketan eta modu negatiboan baldintzatzen dauena dalako”. Bere esku-hartzean, Talde Mistoko Arturo Aldecoak, Begoña Gilek esandako esaldi bat “funtsezkoa” dala esan dau: “Behar bardina egiten bada, soldata bardina”. Irene Edesa jeltzaleak, lortutako akordioa dala eta bertan egon diranak zoriontzeaz aparte, “gizarte arloko antolakuntza barria eta ekonomien aldaketa behar dirala” esan dau, “emakumeen beharraren prekarietateari aurre egin ahal izateko”.

Onetsi dan bigarren proposamena, Podemos Bizkaiak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu daben bigarren zuzenketa-eskearen ostean etorri da. Bertan, Batzar Nagusiek azterlana egitea eskatzen deutsie Foru Aldundiari, aniztasun funtzionala daukien personakaz behar egiten daben kirol eta gizarte arloko erakundeakaz batera, persona horreek kirola egiteko daukiezan aukerak handitzeko asmoz Foru Aldundiaren jarduketa ildoan sakontzen lagunduko daben neurriak zehazteko. Talde guztiak bat etorri dira esatean, orain arte arlo horretan behar egin bada be, aurrerapausu handiagoak emon behar dirala.

BASO AZALERAREN KALIDADE EKOLOGIKOA

Gaur goizean, Batzar Nagusiek, ia aho batez –abstenidu egin dan Talde Popularra izan ezik– itaunetik eratorritako mozino bat onetsi dabe, Podemos Bizkaia taldeak planteautakoa, “bioaniztasunaren eta baso autoktonoaren hobekuntzarako eta kontserbazinorako” apustua egiteko; “babestutako espazio naturalen eremuan dagozan erabilera publikoko basoei lehentasuna emoteko”; eta basorako laguntzak bideratzeko, “titulartasun pribaduko basoko lurren kudeaketa ereduan aldaketea bultzatzeko” xedez.

Josean Elguezabal proposamena aurkeztu dauen taldeko bozeroaleak eta EH Bilduko Mikel Kormenzanak, Bizkaiko basoen “gero eta egoera larriagoa” salatu dabe. Egoera horren errazoia, Kormenzanaren berbetan, pinuen eta eukaliptuen presentzia da, “basoko masea monokultibo bilakatzen dabelako”. Aldeko botoa emon daben arren, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeetako María Presa eta Marimar Rodríguez batzarkideek, Foru Aldundiak daborduko martxan jarri dituan jarduketak dirala esan dabe. Gainera, batzarkide jeltzaleak esan dau ez datorrela bat EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek egin daben diagnostikoagaz, eta “antioju baltzak kentzeko” esan deutse talde biei.

Eduardo Andrés Talde Popularreko batzarkideak, bere aldetik, zehaztasun gehiago eskatu dau aldaketak planteetako orduan. Talde Mistoko Arturo Aldecoak proposamen “positiboak eta erabilgarriak” aurkezteko eskatu dau, helburu komuna lortzeko: 2050ean baso publiko gehiago egotea eta gehienek espezie autoktonoak eukitea.

ZAINTZAILEEN ESTATUTUA

Modu berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek eztabaidatu eta ostean ez dabe onartu Podemos Bizkaia taldeak aurkeztutako Arauz Besteko beste Proposamen bat, beste eskari batzuen artean Zaintzaileen Estatutua baztertzeko eta inplikauta dagozan kolektiboakaz benetako partaidetza prozesua zabaltzeko.

Talde Popularrak eta EH Bilduk Estatutuan jasoten diran alderdi batzuekaz ados ez dagozala adierazo daben arren, ez dira baztertzearen alde agertu, eta, hori dala eta, Talde Mistoak egin dauen moduan, abstenidutea erabagi dabe. Esku-hartze horreek ikusita, Foru Gobernua eusten daben taldeek, Arauz Besteko Proposamena baztertzeaz aparte, hobekuntzarako proposamenak aurkezteko eskatu deutsee oposizinoko taldeei.

JARLEKUA HARTZEA

Ohiko Saioaren hasieran, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak ondo etorria emon deutse Miguel Ángel Gómez Viar Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Foru Diputatu barriari eta Carlos Totorika ordeztuz batzarkide jarlekua eskuratu dauen Isabel Cadaval Velez de Mendizabal sozialistari.