Aurreko Albisteak

Itziar Garamendik esan dau araudi europearrak derrigorrezko egiten dauela Artxandako tuneletako segurtasun arduraduna kudeatzen dituanaren menpekoa ez izatea

Batzordea

Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatua, Itziar Garamendi, oposizinoko taldeek eskatuta, bere Sailaren ardurapeko zenbait gairi buruzko argibideak emotera joan da gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietara. Sei egun igaro ondoren, Diputatu andrea barriro be joan da Batzordera, Bildu Taldearen eskariz, Artxandako tuneletako segurtasun arduradunaren izendapenari buruzko argibideak emotera. Arduradun hori SENER injeniaritza enpresako teknikaria da. Garamendi andreak azpimarratu egin dau “persona hori ezin dala, legez, tunelak kudeatzen dituanaren edo enpresa kudeatzailearen menpeko izan iherarkikoki”.

Horren harira, Diputatu andreak gogoratu dau eze “Zaldibarren, AP-68an eta Gipuzkoako tunel guztietan modu berean jokatzen dala. Azaldu dau izendapena egiteko oinarritzat hartu dan “legea artezpide europearra da, tuneletan pertsonen segurtasuna bermatzeko egindakoa… eta hori betebeharrekoa da Europako Batasuneko kide guztientzat, eta leku bakotxeko araudietan horrexetara agertu behar daua horrek”: Hori dala-ta, Garamendi andreak azaldu dau zelan Bizkaiko Foru Aldundiak onartu egin dituan “azken urteotan legeak, jardute-sail administratiboak eta artezpide teknikoak foru-araudia artezpide europearretara egokitzeko.”

Beste alde batetik, Itziar Garamendik esan dau “Aldundiak zuzen jokatu dauela, modu guztiz gardenean eta legeak ezarritako bideari jarraituta, argi geratu danez”. Horren harira, Diputatu andreak aitatu egin ditu Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea egiteko Bilboko Larraskitu auzoan egindako lurren desjabetzeak dirala-ta Bizkaiko Fiskaltzak abierazotako diligentziak. Horren inguruan, Diputatu andrearen eritxia ezagutzeko Socialistas Vascos Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak batzorderatzea eskatuta izan dabe uztailaren hasieran, baina egun batzuk beranduago jakin zan Bilboko Instrukzino Epaiteak erabagi ebala norbanako batek Aldundiaren arduradunen aurka eta Bilboko Udalaren funtzionari baten aurka aurkeztu eban prebarikazino-salaketea artxibatzea, hain zuzen be Saihesbidea egiteko beharrezkoa zan Hormigones Vascos enpresaren porlanerako planta bat jarteko lurrak desjabetu eutsiezalako aurkeztutakoa. Garamendi andrearentzat “ez da harritzekoa administrazinoaren ekimen bategaitik, kasu honetan desjabetze bategaitik, edozein pertsona kaltetua sentzitzea eta epaitegietara jotea”. Diputatu andrea pozik agertu da, auzi horren ikerketeak “argi itxi dauelako zelan izan dan prozedurea eta Aldundiak ez dauela inolako irregulartasunik egin”, eta ganeratu dau “Aldundiak lankidetza guztia eskaini deutsala epaitegiari, edozein eskabideri erantzun egokia emonda, dokumentuak lagata, etab.”

Goizean egin dan Herri Lan eta Garraioetako Batzordearen batzar berean Bilborako Santo Domingoko sarrereari buruz Bizkaiko Talde Popularrak orain hilabete inguru aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat onartu da. Horren bidez, Aldundiari eskatzen jako hormigoizko erdibitzailea jartea Santo Domingoko ganan, ikusita azkenaldiotan izan diran trafiko istripuak. Proposamena ahobatez onartu da behin Euzko Abertzaleak Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eske bat onartu ondoren; zuzenketea batzordearen hasieran bideratu da, eta bertan eskatzen jako Eusko Jaurlaritzari leku horretan abiadura gitxitzen lagunduko leuken erradarra jarteko, aintzat hartu behar dalako Santo Domingoko ganan gertatzen diran istripuetako askoren arrazoia gehiegizko abiadurea dala.

Beste alde batetik, Bildu Taldeak Garamendi andrearen batzorderatzea eskatuta eukan ezagutzeko N-625 errepiderako sarbideak Zollorako tunelpean hobetzeko Herri Lan eta Garraio Sailaren eta Ugaoko Udalaren artean izenpetutako Hitzarmenaren inguruko gora-beherak. Garamendi andreak esan dau “Hitzarmenaren jatorria Ugaoko Udalaren eskabide baten dagoala, garrantzitsua uste ebalako herrirako sarbide barria izatea”, eta horixe erantzun deutso Bildu Taldeari. Bilduren ustez, proiektu hori “ez da bertako herritarren interesekoa”. Diputatu andreak esan dau Udalaren interes horri Bizkaiko errepide-sarea hobatzeko Aldundiaren beraren interesa gehitu behar jakola, eta helburu hori bete egiten dala Hitzarmen horren bidez. Garamendi andreak azpimarratu dau “hitzarmena egiteko erabili dan erispidea interes publikoa izan dala, bere kasuan Bizkaiari osotasunean dakartson onuragaitik, eta bide horretatik doala BI-625 errepidean hobekuntza nabarmen hori egitea”: