Aurreko Albisteak

Lekeitioko Domingotarren Komentuan landatuko dan Gernikako Arbolaren kimuagaz ospatu da ordenak 650 urtez egin dauen beharra

Sei mende baino gehiago igaro dira, garai haretan Bizkaiko Jauna zan Gaztelako Tellok kostaldeko udalerri horretako Ama Domingotarren Komentua sortzeko beharrezkoak ziran Pribilegioak emon ebazanetik. Une honetan hamabost monjak –Elorrioko bik, Lekeitioko batek eta Keniako errepublikako hamahiruk– osatzen daben komunidade erlijiosoak azkenengo 650 urteetan behar gehien euki daben pertsonakaz egin dauen lana ospatzeko, Euskadiko erakunde nagusiek Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dabe, Bilboko Gotzainak bedeinkatu ostean.

Guzmango Santo Domingo monastegiko lorategietan egin dan ekitaldi sinbolikoan Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak, Sor Elena Kortabarri prioreak, Sor Benita prioreordeak, Mario Iceta Bilboko gotzainak, Joseba Gezuraga Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteordeak, Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Foru Diputatuak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak hartu dabe parte.

“Autortu behar deutsuet gaurko landaketea oso berezia dala niretzat”, aurreratu dau Batzar Nagusietako Presidenteak, bere berbaldia hasi aurretik. Berbaldian, Balendin Berriotxoa domingotar elorrixoarraren figurea azpimarratzeaz gain, bera eta bere familia kongregazino erlijiosoagaz lotzen dituan erlazino pertsonalean sakondu dau. Berbaldia bukatzeko eskerrak emon deutsez “sarri askotan ikusezinak zarien emakumeoi”, “gure gizartearen alde egiten dozuen behar ausartarengaitik”.

Aintzatespen horregaz bat egin dau, baita be, Koldo Goitia herriko alkateak, eta haretx sinbolikoa Bizkaiaren eta Lekeitioren oparia dala adierazo dau, eskerrak emoteko. Modu berean, Sor Elena prioreak, bere berbaldian, eskerrak emon deutsaz Lekeitioko herriari.

Erakundeetako eta komunidade erlijiosoko ordezkari guztiek lehenengo palakadak emon ostean, musikea eta dantzea etorri dira. Bertaratu diran guztiek “Gernikako Arbola” abestu ostean, Etorkizuna taldeko lau dantzarik Emakumeen Aurresku bat dantzau dabe. Horren ostean, eta bukaerea emoteko, Ama Domingotarrek, jatorri afrikarreko ohorezko dantza bat egin dabe.

Ekitaldi publikoaren aurretik, erakundeetako eta erlijino komunidadeko ordezkariek topaketa pribadua euki dabe, eta horren ostean, Mario Iceta Bilboko gotzainak emon dauen mezara joan dira.

SERORATEGI IZATETIK KOMENTU IZATERA

Erdi Aroan ohikoa zan udalerriek serorategiak eukitea, inguruko kaperak eta baseleizak zaintzeaz arduratzen ziran emakume taldeak bizi ziran etxeak. Emakume horreek “serora” izena be hartzen eben, eta bizimodu erlijiosoa aurrera eroan arren, ez eukien ezelango prestakuntza berezirik, ezta Eleizak onetsitako Araurik be. Beste errazoi batzuen artean, ez eukielako komentu bat eregiteko eta mantentze lanak egiteko baliabide ekonomikorik. Garai haretan Bizkaiko Jauna zan Don Tello izan zan XIV. mendearen erdialdean bere jauregietako bat domingotarren fundazinoari emon eutsana.

Halanda be, 1368an, serorategi horreekaz amaitzeko asmoz, Eleizako goi Agintaritzak leku horreek benetako monastegi bilakatzeko agindua emon eban, onetsitako Arauakaz eta Konstituzinoagaz.. Juana Ibáñez de Arsuaga bermeotarra izan zan, limosna handi baten eta Lekeitioko Kabilgoagaz izandako bilera baten bitartez, Komentuaren fundazinoa zehaztea lortu ebana. Modu batean edo bestean, Juanaren fundazinoak baeukan errebindikazino puntu bat: serorategi bat, gizonen komentuen baldintza berberak eukiko ebazan andrazkoen komentu bilakatzea.

Urte bereko abuztuan, Don Tello berak Bikario Nagusiaren lizentzia jaso eban, Prelatuaren izenean, eta baita Monastegia bere beren beregiko babesagaz jasoten ebala ezarten eban dokumentua be.

Une honetan, Don Tello Bizkaiko Jauna izan zanetik aldaketa barik jarraitzen dauen Bizkaiko komentu bakarra da.