Aurreko Albisteak

Euskalduna ontziola izan zanaren kaietan dagozan hainbat elementu Kultur Ondasun izendatzea eskatuko deutsie Bizkaiko Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari

Euskera eta Kultura Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur goizean, Euskera eta Kulturako Batzordearen barruan, EH Bilduren Arauz Besteko Proposamen bat. Bertan, eskaria egiten jako Eusko Jaurlaritzari, Moltso Monumental kategoriagaz Kultur Ondasun izendatu daizan 1, 2 eta 3 Dike Sikuak; itxierako ate handia edo Caisson-a; Carola garabia; eta Euskalduna ontziola izan zanaren Ponpaketako Estazinoa.

Txusa Padrones proposamena aurkeztu dauen taldeko batzordekideak ekimenaren alde egiteko eskatu deutse ganerako taldeei: “gure kulturaren funtsetako batzuk galtzea saihestu eta ondareagaz daukagun konpromisoa erakutsi gura badogu, gure jarrerea argia izan beharko da”. Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak, babes hori “esperimentuak saihesteko laguntzea” dala gogoratuazo dau, eta Elsa Pamparacuatro Podemos Bizkaia taldeko ordezkariak, barriz, “gure ondarea babestea guztion erantzukizuna dala” azpimarratu dau. Modu berean egin dau berba Talde Popularreko Eduardo Andrések, eta EH Bilduk esandako zer edo zeregaz ados agertu ez bada be, proposamenaren aldeko botoa emon dau.

Foru Gobernua eusten daben taldeen aldetik, Mikel Bagán ordezkari jeltzaleak, “eskumenen banaketea” gogoratuarazoteaz aparte, aldeko botoa emongo dauela adierazo dau, “gure taldeak ondasun horreek babesteko daukan borondatea erakusteko”. Modu berean, Juan Otermin sozialistak “inplikautako administrazinoak asko dirala” azpimarratu dau.

Bozketa horren aurretik, Batzarrek antzeko eztabaidea izan dabe, EH Bilduk eta Talde Mistoak eskatuta Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako Foru Diputatuak egin dauen agerraldiaren inguruan. Agerraldi horretan, diputatuak adierazo dau Bizkaiko Foru Aldundiak “ez dauela ez baimendu ezta saihestu be” Dike Sikuan egindako ezelango lanik, ez daukalako horretarako eskumenik. “Kostaldeko eta Itsasoko Iraunkortasunerako Zuzendaritza Nagusiari jagoko baimenak emotea”, gehitu dau. Horrez gain, azaldu dauenez, bere Sailaren eretxiz, Dikean jarduketa jakin batzuk egin daitekez, “hor barruan egiten danak ingurunea kalteten ez badau”. Modu berean, oraindino horretarako proiekturik ez dagon arren, aldeko jarrerea erakutsi dau, Bilboko Itsas Adarreko Musegoagaz batera, “Caisson aztertzeko, ahal dan heinean barriztetako neurriak martxan jarteko”.

Geroago eztabaidau danaren harira, EH Bilduk Podemos Bizkaiak eta Talde Mistoak jarduketa posibleen aurrean portuko elementu horreek babesteko eskatu deutsie Foru Aldundiari. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Popularra, euren aldetik, bat etorri dira Aldundiko arduradunak esandakoagaz, eta Aldundiak egoera horren aurrean ez daukala eskumenik esan dabe.

ERROMATARREN GARAIKO ASENTAMENTUA FORUN

Lorea Bilbao Foru Diputatuak landu dauen beste gaietako bat, Foruko udalerrian URAk egindako prospekzinoetan topau dan azkenengo aurkikuntza arkeologikoa izan da. Aldundiko arduradunak taldeen aurrean azaldu dauenez, horreen artean, Euzko Abertzaleak taldean, Jane Eyre Urkieta Foruko alkatea dago, “termala izan daiken” elementu baten aurkikuntzak berretsi egiten dau “Forun aurkitutako aztarnak erromatarren asentamentu batekoak dirala”. Bizkaiko asentamendu nagusia izango litzateke “daukazan zabalerea eta bertan aurrera eroan dan indusketa mailea dirala eta”. Talde guztiek pozez hartu dabe albistea.

LARRINAGAKO JAUREGIA ETA ONDAREAREN GANEKO EUROPAKO JARDUNALDIAK

Horrez gain, Lorea Bilbaok ahozko erantzun-eske biri erantzun deutse. Lehenengoa Podemos Bizkaia taldearena, bertan egiten ari diran obrak dirala eta, Mundakan dagon Larrinagako Jauregia ez dala eraitsiko bermatzeko Foru Aldundiak martxan jarriko dituan ekintzen ganekoa. Horri jagokonez, erakundeak “jagokona” egingo dauela erantzun dau, hau da, “lankidetzea eta aholkularitzea eskaintzea”. “Badakigu Mundakako Udalak obra horreek zainduko dituala”, gehitu dau.

Bigarren galderea EH Bilduk egin dau, eta “ Ondarea, emakumeen emaria ekimenean ezarritako helburuak beteteko aurrera eroango diran estrategien” ingurukoa izan da, eta zergaitik ez dagozan Aldundiak argitaratu dauen argitalpenean zehaztuta be galdetu dau. Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, irailean argitaratuko dira urrian gauzatuko diran jarduketa guztiak.

ERAKUSKETEA ANIMALIAKAZ GUGGENHEIM MUSEOAN

Eguneko gai zerrendak beste eztabaida eta bozketa bat be jaso dau, Podemos Bizkaiak planteau dauen Arauz Besteko Proposamen baten inguruan, Guggenheim Museoaren erakusketa barrian intsektu eta narrasti biziak dituan pieza bat kentzeko. Eztabaidea, artean beharrezkoa dan adierazpen askatasunaren eta animalien kontrako tratu txarraren arteko lerroaren ingurukoa izan da.

Azkenean, proposamena ez da onetsi, Foru Gobernua eusten daben taldeak kontra agertu diralako. Animaliak “baldintza onenetan dagozala” esanez, erakusketaren arduradunen berbak euren egin ditue talde biek eta Talde Popularrak. Podemos Bizkaiak, EH Bilduk eta Talde Mistoak, barriz, esan dabe “ezelango arte adierazpenak ezin deutsala kalterik eragin izaki bizidun bati” –Elsa Pamparacuatro Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak azaldu dauen moduan– eta proposamenaren aldeko botoa emon dabe.

AGERRALDI ESKARIA ONETSI DA

Modu berean, Batzarretako talde guztiek, abstenidu egin dan Talde Popularrak izan ezik, Javier Puertas Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko (AVPIOP) presidentearen agerraldiaren aldeko botoa emon dabe, industria ondareak Bizkaian bizi dauen egoera orokorraren ganeko informazinoa emoteko. Eskaria Talde Mistoak egin dau.