Aurreko Albisteak

Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoaren aurrerapena Batzar Nagusien aurrean aurkeztuz esan deutso agur Vicente Reyesek Foru Diputatu izateari

Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohe. Batz.

Orain arte Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Foru Diputatu izan dan Vicente Reyes, azkenengo aldiz etorri da gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon Batzordera, Gobernuko Bizkaiko Ordezkariorde barri moduan modu ofizialean izendau aurretik. Bere agintaldiaren amaiereagaz bat etorrita, Reyesek Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2028 Plan Estrategikoaren aurrerapena aurkeztu dau. Sailaren arduradun moduan egin dituan hiru urteetako gertakari garrantzitsuenetakoa dala azpimarratu dau.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio Batzordeak gaurko eukan programauta udako oporraldien aurreko azkenengo bilerea, Vicente Reyes Gobernuko Bizkaiko Ordezkariorde barri izendauko ebela jakin aurretik. Holan, bileraz baliatuta, Batzarretako taldeetako bozeroale guztiek euren asmo onenak opa izan deutsiez hiru urtez Aldundiko Garraio arduraduna izan danari, eta Reyesek, taldeakaz batera, Foru Gobernua eusten dabenakaz zein oposizinoan dagozanakaz, lankidetzan egindako beharra eskertu dau.

Saioa Vicente Reyesen agerraldiagaz hasi da, berak eskatuta, Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2028rako Plan Estrategikoaren lehenengo fasearen eukia azaltzeko Batzarretako taldeei. Azkenengo hiru urteetan Aldundiko Garraio arduradunak izan danak azaldu dauenez, dokumentu hori bere agintaldiko hiru aktibo nagusietako bat da, Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzaren sorkuntzeagaz eta Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialaren idazketeagaz batera.

Vicente Reyesek azpimarratu dituan datuen artean aitatu behar da Bizkaiko biztanleriaren %90ak, gitxienez garraio publiko modu bi dituala eskura, eta lurraldeko biztanleen %92 garraio publiko geraleku batetik 300 metro baino gitxiagora bizi dala. Aldundiko arduradunak esan dau bere eretxiz argi dagola etorkizuna mobikortasun ekonomikotik, sozialetik eta ingurumenaren aldetik jasangarria izango danetik igaroko dala, eta garraio sare integratzailea, eraginkorra eta herritarrek ondo baloretan dabena eukiteak urtean 359 milioi euroko kostua daukala gogoratuazo dau.

Biztanle guztiek Bizkaiko garraio zerbitzu publikoari eusteak eskatzen dauen diru kopuruaz jabetu beharra Batzarretako taldeen hainbat bozeroalek azpimarratu dabe, bai oposizinokoek (Talde Mistoa) baita Gobernukoek be (Euzko Abertzaleak). PP taldeko ordezkariaren eretxiz, aurrerapeneko dokumentua ez dago guztiz osatuta, Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak zerbitzuaren dimentsino publikoa eta tarifen bardintasuna errebindikau ditu, bozeroale sozialistak emondako datuek plan estrategikoa beharrezkoa dala erakusten dabela azpimarratu dau, eta EH Bilduko batzordekideak esan dau beharrezkoa dala lineatan egon daitekezan gain jarteak, txartel bakarraren kostua edo ibilgailu pribadua gitxiago erabilteko neurriak aztertzea.

Azalpen horren ostean, Vicente Reyesek amaierea emon deutso Garraio Foru Diputatu moduan bete dauen epealdiari, EH Bilduk, Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritzea daukien talde guztiek apirilean onetsi eben Metroaren 4. linearen informazino azterlanaren eta partaidetzan oinarritutako prozesuaren ganean egin deutson ahozko erantzun-eske bati eta Podemos Bizkaia taldeak, Bizkaibuseko linea batzuetan ordutegiak ez beteteari buruz egindako beste bati erantzunez. Gaur arte Garraio Foru Diputatua izan danak, proposamen ia bardin-bardina onetsi zala Eusko Legebiltzarrean esanez erantzun deutso lehenengo erantzun-eskeari eta, hori dala eta, Lakuako Jaurlaritza dala aitatutako azterlana bere gain hartuko dauena. Podemos Bizkaiak planteau dauen gaiari jagokonez, Reyesek esan dauenez, bere Sailak ibilgailu bakotxaren geo-lokalizazinorako kontrolak egiten ditu, eta autobusen bat, inoiz, kotxetegietara aurreikusi baino lehenago heldu izana posible dan arren, inoiz ez da inor garraio zerbitzu barik itzi.

Vicente Reyes daborduko bileraren buru izan barik, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordea, Podemos Bizkaia taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen biren bozketeagaz osatu da. Lehenengoa, Bizkaibuseko emakidadun guztien autobusetan Aldundiak egiten dauen ikuskaritzan segurtasun sistema guztien proba bat sartzeko, eta bigarrena, genero ikuspegian oinarritutako Bizkaiko garraio mugikortasunaren ganeko azterlana egiteko. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek osatzen daben gehiengoaren bitartez proposamen biak baztertu egin dira, lehenengoan, gaur egun segurtasuneko protokoloek behar dan moduan funtzionetan dabela uste dabelako, eta bigarrena, euren eretxiz, proposamen hori jasota dagolako daborduko, saio horretan bertan gaur arte Garraio Foru Diputatua izan dan Vicente Reyesek bere agerraldiaren hasieran aurkeztu dauen Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2028 Plan Estrategikoan.