Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek ETAren biktimen aintzatespenagaz eta erreparazinoagaz eta oroimen anitza eta partekatua eregiteagaz daukien konpromisoa berretsi dabe

Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Ba

Gaur goizean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu on eta Gardentasunerako Batzordean, talde guztiek, abstenidu egin dan EH Bilduk izan ezik, Foru Gobernua eusten daben taldeen, Podemos Bizkaiaren eta Talde Popularraren artean zuzenketa-eske transakzional moduan lortu dan akordioaren aldeko botoa emon dabe. Akordio hori, hasera batean Talde Popularrak planteau dauen Arauz Besteko Proposamen batetik sortu da. Danen artean adostutako zuzenketa-eskea onartzean, jatorrizkoa baztertu egin da.

Zuzenketa-eske transakzionala lau puntutan oinarritzen da. Lehenengoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazo dabe bat datozala “euskal gizarteak ETAren behin betiko desagerpena berrestean erakutsi dauen nasaitasunagaz”; bigarren puntuan, terrorismoaren biktimek eskatzen daben “egia, justizia eta erreparazinoa egiteko beharraren aurreko zalantzarik bako konpromisoa” berresteaz aparte, Bizkaiko Batzar Nagusiak Gogoraren (Oroimenerako, Bizikidetzarako eta Giza Eskubideetarako Institutua) eta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontsejuaren esku jarten dira, eta bere egoitzak be horreen esku jarten ditue, “bidezkoak izan daitekezan ekintza guztietarako”, eta baita biktimen “omenaldirako eta aintzatespenerako jarduketak” gauzatzeko.

Zuzenketa-eskearen hirugarren puntuan, Batzar Nagusiek adierazoten dabe oroimen “anitza eta partekatuaren” eraikuntza “edozein motako terrorismo edo indarkeriaren eta horren legitimazinoaren” kontra agertzean oinarritu behar dala. Zuzenketa eskea jaso dauen testuaren azkenengo puntuan, Batzar Nagusien eretxiz “komenigarria” da “legean aurreikusitako bergizarteratze helburuak kontuan izanda” eta “euren jardueraren justizia eza autortuz”, ETAko presoak “espetxeetako legetasunak eskaintzen deutsien aukerak erabiltea”. Eztabaida horretan bertan EH Bilduk bere Arauz Besteko Proposamena defendidu dau. Batzar nagusiek “ETAk biktimei eragindako kaltearen eta sufrimentuaren autorpena” erakutsi daien eta herritarrei eta indar politikoei eskaria egin deioen “modu eraikitzailean eta arduratsuan inplikau daitezan indarkeriaren eta sufrimentuaren zikloari amaierea emoteko beharrean”.

Proposamen biak aurkeztu ostean, talde bakotxak bere jarrerea erakutsi dau. Euzko Abertzaleak taldeko Jon Sánchezek eta Euskal Sozialistak taldeko Ekain Ricok azaldu dabe adostutako testua, ETAren desegitea iragarri ostean Eusko Legebiltzarrean bozkatu zan dokumentukoa dala. EH Bildu alde agertu ez zanez, ezinezkoa izan zan Adierazpen Instituzional bilakatu. Ricoren eretxiz, testua “euskal gizarteak eta Bizkaiak azkenengo garaietan pentsetan dabenaren adierazpen argia da”. Halanda be, EH Bilduren Arauz Besteko Proposamenaren lehenengo puntua ikusita, Ricok adierazo dau ezin dala pozik egon, “behar bada nik merezi nebala dinon komunikadua dalako”. Jon Sánchez bat etorri da, goitik behera, eretxi horregaz, “parkamen selektibo” hori baztertuz.

Podemos Bizkaia taldeak, Neskutz Rodríguez bozeroalearen eskutik, gizarteak eta gizarte arloko mobimenduek egindako beharra autortu dau, horreek “urteak daroezalako bakearen eraikuntzan”. Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroaleak, bere haserako proposamenean jasoten zan moduan Gernikako Batzarretxeak biktimen aintzatespenerako ekitaldi “xume, hunkigarri eta solemnea” jasotea gurako leukela adierazo ostean, azpimarratu dau beharrezkoa dala “zehaztuko ez dauen eta gertautakoa zurituko ez dauen” kontakizuna eregitea. Modu berean, Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkariak, kontakizunak eta indarkeria deslegitimatzeak, ETA gainditzeaz gain, “txarkeria gainditzea” be lortu leikela esan dau.

Joseba Gezuraga EH Bildu taldeko ordezkariak, barriz, gaur onetsi dan ekimena “atzera pausua” dala esan dau, eta ganerako taldeei eurak “alde batera” iztea leporatu deutse. Halanda be, autortu dau Talde Popularra izan dala “gai honen ganean guganako begirune gehien erakutsi dauena”.

“LAGUNTZAK BAI, KONTROLA ERE BAI” KANPAINEA

Saioak Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Diputatuaren agerraldia be jaso dau, Gizarte arloko Zerbitzuen eta Prestazinoen Ikuskapen eta Kontrol Plan Orokorraren balantzea egiteko. Ezarri zanetik lehenengo urtea bete dan honetan, Sánchez Roblesek esan dau “datuek erakusten dabela kobrantza desegokiak %1 baino gitxiago dirala” eta, hori dala eta “Bizkaiko gizarte zerbitzuetara bideratutako finantzaketea hartzaile izan behar diranengana heltzen dala”. %1 horren ganean adierazo dauenez, “gehienetan, onuradunek euren egoeran aldaketak egon dirala ez jakinarazoteagaitik” gertetan dira.

Bere presentziak Podemos Bizkaia taldeak egin dauen agerraldi eskari bati erantzun deutso. Eskaria hasera batean Unai Rementeria Ahaldun Nagusiari zuzenduta egoan, “laguntzak bai, kontrola ere bai” kanpainaren ganean berbetako.

BIZKAITAR ARGIAK

Eguneko gai zerrendea, Talde Popularrak Juan de Acurio, Juan de Arratia eta Juan de Zubileta Bizkaitar Argi izendatzeko aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bategaz osatu da. Hiru horreek, hasi zanetik 2019an 500 urte beteko dituan eta Fernando de Magallanes buru zala munduan zehar egin zan espedizinoan hartu eben parte. Proposamena ez da onetsi. Alde agertu dan talde bakarra Talde Mistoa izan da. EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak kontrako botoa emon dabe, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek abstenidutea erabagi dabe.