Enkarterriko eskualdeak, basogintzaren sektoreak eta Zaintzaileen Estatutuak zentrau dabe Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoa
Txusa Padrones batzarkidea ez da ados agertu esandakoagaz, eta “deitutako alde guztien” ordezkaritzea dagon arren, bere taldearen eretxiz eskualdeko alkarteen sarea aktibetea falta dala adierazo dau, eta baita kultur erakundeen, auzokideen alkarteen eta irakaskuntza publikoko hezkuntza komunidadearen parte hartzea be, beste batzuen artean. Horrez gain, “talkako plana” dan arren, “Urtebiko Plan bat ez da nahikoa Enkarterriko arazoak konpontzeko”.
Ildo berean, EH Bilduk ahozko erantzun-eske bat egin deutso Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino diputatuari, FEVEk Enkarterrin emoten dauen zerbitzuaren ganekoa, eta diputatuak erantzun dauenez, Aldundiak “ez dauka eskumenik” arlo horretan.
Gizarte Ekintzaren arloan, Isabel Sánchez Robles Diputatuak EH Bilduren eta Talde Popularraren ahozko erantzun-eske biri erantzun deutse. Lehenengo taldeari erantzunez, Durangaldeak estatutu barriaren plan pilotua irailean jasoteko “errazoi objektiboak” honeek dirala esan dau: eskualdean identifikauta dagon zaintzaile kopurua; inguruak daukan landa eta uri izaerea; eta, bukatzeko, bertan erabilgarri dagon baliabideen mapea. Horrez gain, Arantza Urkaregi batzarkideak egin dauen aitamen baten ostean, aurretik udal mailan martxan jarrita dagon Zaindu programagaz “batera behar egiteko jarrerea” dagola adierazo dau.
Bigarren gaiari jagokonez, Eduardo Andrés batzarkideak, onetsi aurretik Batzarretako taldeek Zaintzaileen Estatutuaren ganeko ideak gehitzeko aukerarik eukiko ete daben galdetu dau. Isabel Sánchez Robles Diputatuak “ekarpenak egiteko denporea egon da, eta ez dozue holangorik egin” erantzun deutso, “eta orain Gobernuari jagoko iragarri doguzan neurriak martxan jartea”.
BASOGINTZAREN SEKTOREA
Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko diputatua pozik agertu da Foru Aldundiak azkenengo urteetan aurrera eroan dauen basogintzaren kudeaketea eta “bioaniztasunaren, basoen iraunkortasunaren eta baso autoktonoen babesaren alde” egindako apustua dirala eta. Helburu hori euki dabe erakundetik martxan jarri diran neurri guztiak. Halanda be, Elena Unzuetak “kudeaketea titulartasunaren arabera bereiztu behar dala” gogoratuarazo dau, Lurraldeko basoen %75aren titulartasuna pribadua dalako. Podemos Bizkaia taldeko Josean Elguezabal batzarkideak, ahozko erantzun-eskea egin dauenak, esan dauenez, basoen egoerea “kritikoa” da, eta “beste modu bateko kudeaketea” eskatu dau.
TRATAMENTU EZ SEXISTEA EKITALDI HANDIETAN
Txusa Padrones EH Bilduko batzarkideak egin dau Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen diputatuari zuzendutako ahozko erantzun-eskeetako bat, , erakundearen laguntzea daukien ekitaldi handietan Emakumearen tratamentu ez sexistea bermatzeko Foru Aldundiak hartuko dituan neurrien ganean. Gai horri jagokonez, Pradalesek “arlo horretan asko aurreratu dala” adierazo dau eta, hori dala eta, egin daikean gauza bakarra “koherenteak izatea eta onetsi dogun Bardintasunerako Foru Araua apliketea da”.
ESP-OPE AZTERKETAK
Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak, Aldundiak eta GUFEk, Enplegu Eskaintza Publikoetako (ESP-OPE) azterketen zainketa katea gordetako aurreikusiko dituen neurrien gainean galdetu deutso Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreari. Aldundiko bozeroaleak argitu dauenez, horretarako beharrezkoak diran neurri guztiak hartuko dira, azterketen aurretik eta ostean, eta prozesuaren fase guztien funtzionamentua jasoten eta marketan dauen eskuliburua dagola esan dau. Horrez gain, prozesu horrek kalidade ziurtapena daukala berretsi dau, eta bertan parte hartzen daben persona guztiek “behar diran bermeakaz egiten dabela”.
GARRAIOA
Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino diputatuak Jesús Isasi batzarkide popularraren itauna be jaso dau, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren 2016ko Kontu Orokorraren fiskalizazino txostenaren eta Lege Erregimena erregularizetearen eta eskatzen dan Estatutuaren Erreformea martxan jartearen ganean. Horri jagokonez, Aldundiko arduradunak erantzun dau ez dauala “beharrezkoa ikusten lege bat egitea hitzarmen bitartez funtzionetan dauen adskripzino baterako” eta egokiagoa dala “administrazinoen artean behin betiko egoerea planeetea eta adostea, Bizkaiko mobikortasunaren agintaritza mobikortasun hori antolatuko dauen erakunde moduan hartuz eta, bitartean BGPak betebehar horreekaz jarraituz”.
BIZIKLETA BIDEEN LPS-A ETA BI-2604 ERREPIDEKO PASABIDE GORATUAK
Azkenengo itauna Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen Diputatuari zuzendu jako. Nuria Atienza Podemos taldeko batzarkideak, Bizkaiko bizikleta-bideen Lurralde Plan Sektoriala une honetan zein fasetan dagon zehazteko eskatu deutso Aldundiko arduradunari. Pradalesek adierazo dauenez, errepideen LPSagaz gertatzen dan moduan, bizikleta-bideen plana 2020an sartuko da indarrean, eta 2032ra arte luzatuko da. Horrez gain, aurreproiektuaren idazketarako laguntza teknikorako lizitazinoa egin da.
Horren ostean, Imanol Pradales diputatuak Jesús Isasi batzarkide popularrak BI-2604 errepidean dagozan pasabide goratuen edo bide-konkorren ganean egin dauen ahozko erantzun-eskeari erantzun deutso. Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen Diputatuak erantzun dauenez, neurri hori bideko segurtasun faltaren arazoa murrizteko ezarri zan, eta Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek eta Artziniegako eta Gordexolako udalek osatutako laneko mahaian adostutakoa betez, Bizkaiko Foru Aldundiak berak bide segurtasunaren ganeko azterlana egin dau, oraindino indarrean jarri ez dan arren.
ARBASO ALKARTEA
Imanol Pradales diputatuak Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak egin dauen ahozko erantzun-eske bati be erantzun deutso, Arbaso Alkarteari zelanbaiteko auditoretza integrala egitea aurreikusita dagon ala ez jakiteko, azkenengo hiru urteetan ez jakolako holangorik egin. Pradalesek azaldu dauenez, ez da “derrigorrez bete behar dan eskakizuna” eta “ez da itzulketarako edo zehapenerako prozedura zabaltzea eragin daikean ezer hauteman”. Halanda be, adierazo dauenez, 2019ko Urteko Auditoretza Planari begira, artisautza sustatzeko plana sartzea aurreikusita dago.
CARLOS TOTORIKARI AGUR
Osokoa, Carlos Totorika bozeroale sozialista eta Ermuko alkateari egin jakon agur sentiduagaz amaitu da, orain egun batzuk politikea itzi behar ebala iragarri ostean. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak “etapa barrirako desiorik onenak” helduarazo deutsaz, 27 urtez zerbitzu publikoan aritu ostean, eta “danon artean Bizkaia hobea eregiteko” egin dauen beharra eskertu deutso. “Hau zeure etxea eta zeure batzarra da”, gogoratuarazo deutso. Modu berean, Ekain Rico sozialistak “zeure arteetatik, zeure moduetatik eta politikari handi batengandik” ikasi dauela esan dau, baina “persona on batengandik”, batez be, Ricok esan dauenez “hori dalako azkenean jentea definiduten dauena”.
Batzarretxean egin dauen agurrean, Carlos Totorikak “ilusinoz eta pasinoz” egin dauela behar esan dau, “Euskadin enplegua sortzen, alkartasuna egituratzen eta, jakina, askatasunaren, aniztasunaren eta bizikidetzaren eraikuntza bultzatzen” ahalegindu dan ibilpidean.