Aurreko Albisteak

Dantzaren Eguna dala eta egin zan "Dantza alfonbra gorrian" ekitaldiaren laugarren edizinoak 350 persona alkartu ebazan

Euskera eta Kultura Batzordea

Lorea Bilbao Euskera eta Kultura diputatuak jagokon Batzordean gaur goizean adierazo dauenez, joan dan apirilaren 29an, Dantzaren Eguna dala eta, Zabalgune plazan ospatu zan “Dantza alfonbra gorrian” ekitaldiak 350 persona alkartu ebazan. Ekitaldia DantzaBizek, Bizkaiko Dantza Etxeak, antolatzen dau, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzea dauka. Agerraldiak, Podemos Bizkaia taldeak planteautako ahozko erantzuneskeari erantzun deutso.

Foru arduradunak azaldu dauenez, aurton laugarren edizinoa ospatu dauen ekitaldiaren helburu nagusia “dantza ikusgaiago bilakatzea” da, eta baita “dantza eskolen beharra ezagutuarazotea eta irakasleen beharra aintzatestea” be. “Dantza alfonbra gorrian” ekitaldian ia hamar zentrok hartu eben parte, eta 9.250 euroko aurrekontua izan eban. Gastu hori atariaren alokairuak, soinuak eta argiztapenak, alfonbra gorriak berak eta informazinoko panelek eragin eben, beste batzuen artean.

Holan, Elsa Pamparacuatro Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak bere ardurea agertu dau, ekitaldiak iraun eban bitartean, “umeak barruan bakarrik itziz”, kanpoan geratu behar izan eben personengaitik. Adierazo dauenez, akats hori konpondu egin beharko litzateke hurrengo urteetarako. Halanda be, Lorea Bilbao diputatuak “ume guztiak artatuta egon zirala” esan dau. Barrutiari jagokonez, ez zala egon leku faltarik esan dau, baina euria zala eta aukeratu behar izan zala leku hori. Dana dala, hurrengo urteetara begira, leku “ikusgarriagoa” bilatzea aurreikusten da. Halanda be, “finkatutako” proiektua dala berretsi dau.

ECHENAGUSIAREN ETA GUINEAREN ARTELANAK BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAN

Beste alde batetik, lan saioan Talde Mistoaren Arauz Besteko Proposamen bat onetsi da, Bizkaiko Foru Aldundiak bere laguntza emon deion Bilboko Udalari, Bidebarrietako Liburutegiko Hitzaldien Aretoko ganga itxurako sabaia eta alboetako panelak aztertzeko eta barriztatzeko beharrak egin ahal izateko. Arturo Aldecoa bozeroaleak Echenagusiaren eta Guinearen artelanetan esku-hartu beharra dagola azpimarratu dau, gero eta egoera txarragoan dagozalako.

Ekimenak aurrera urtetea lortu dau, Foru Gobernua eusten daben talde biak eta Talde Popularra alde agertu diralako, kultur ondareari jagokonez erakunde bien arteko alkarlana berresteko. Podemos Bizkaia eta EH Bildu, barriz, abstenidu egin dira. Bere eretxia azaltzeko unean, Txusa Padrones EH Bilduko batzordekideak 2016an antzeko ekimena onetsi zala esan dau.

INDARKERIA ESKOLAKO KIROLEAN

Eguneko gai zerrendea Arauz Besteko Proposamen bigaz osatu da, eta bata be ez da onetsi. Podemos Bizkaiak aurkeztutako lehenengoak eskaria egiten eban, alde batetik, Foru Aldundiak kiroleko indarkeriaren ganeko kontrol kanpainea egin daian eta, bestetik “eskolako kiroleko arloan kirol lekuetan errespetua eta indarkeria eza zainduko daben” eta Foru Aldundiaren esku egongo diran figurak sortu daizan. Eskolako indarkeria baztertzea beharrezkoa dala onartu arren, talde bakarra be ez da proposamenaren bigarren partearen alde agertu. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu, Talde Mistoa eta Talde Popularra bat etorri dira adieraztean ez jagokola Aldundiari kontrol behar hori egitea.

Bozketan Podemos Bizkaiak aldeko botoa emon dau; Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Popularrak kontrako botoa emon dabe, eta EH Bildu eta Talde Mistoa abstenidu egin dira.

ABANDOKO GELTOKIA

Gaur goizean eztabaidau dan bigarren ekimena defendiduteko orduan, Arturo Aldecoa bultzatzaileak Bilbo Abandoko Indalecio Prieto geltokia Kultur Intereseko Ondasun moduan legez babesteko eskaria aurkeztu dau ganerako taldeen aurrean. Eskaria Ondare Historikoaren eta Obra Publikoaren Euskal Alkarteak egin deutso Kultura Ministerioaren Ondare Historikoaren Babeserako Zuzendariordetza Orokorrari. Modu berean, Arauz Besteko Proposamenak Batzarren laguntzea eskatzen eban, geltokiak “une honetan bertan dagon ganga itxurako nabe handia osorik kontserbau daian”, geltoki barriaren proiektua aurrera eroatean markesinaren %25 inguru galtzeko arriskua kontuan izanda.

Mikel Bagan batzordekide jeltzalea eta Josu Montalbán sozialistea bat etorri dira, eta holan adierazo dabe batera aurkeztu daben zuzenketa-eskearen bitartez, ondareko balioen kontserbazinoaren eta Bilbo Zaharrean, San Frantzisko, Zabalan eta Abandon aurrera eroan gura dan uri arloko barrikuntzaren arteko “orekea aurkitzea” beharrezkoa dala esatean. Eduardo Andrés batzordekide popularra be idea horren alde agertu da, eta gogoratuarazo dau ADIFeko zuzendaritzak aldaketak izan daikezala eta, hori dala eta, “erakunde horrek esan behar dauena entzun beharko dala”.

EH Bilduko eta Podemos Bizkaiako Txusa Padrones eta Elsa Pamparacuatro batzordekideek, barriz, haserako proposamenagaz bat datozala adierazo dabe, eta gangea osorik kontserbetearen alde agertu dira. EH Bilduko batzordekidearen berbetan “mozketak balio barik izten dau bere egunean artearen ikuspegitik emon jakon esanahia”. Modu berean, Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak adierazo dau bere taldeak ez dauela “ezelango zergaitirik” aurkitzen markesina mozteko, “asmo espekulatiboa ez bada”, eta “erakundeak horren gainetik egon beharko litzatekezala” azpimarratu dau.

Zuzenketa-eskea ez danez onartu, proposamena aurkeztu dauen taldea eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia baino ez dira agertu haserako proposamenezaren alde; Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ezezko botoa emon dabe; eta Talde Popularra abstenidu egin da.