Teresa Laespada Foru Diputatuak Gizarteratze Zerbitzuaren Gazte Estrategia barria aurkeztu dau Batzarretako taldeen aurrean
Estrategia Gaztea, Aldundiko arduradunak azaldu dauen moduan, adinez nagusi diran gazteak heldutasunerako bidean babesteko dago diseinauta, euren bizitzako proiektuak martxan jarri ahal izateko behar besteko autonomia maila gauzatzeko laguntzak emonez. Estrategia barria, “Ume Zerbitzutik datozan eta egoera zaurgarrian dagozan adinez nagusiei” eta bazterketaren balorazinorako tresnaren bitartez Aldundiko Gizarteratze Zerbitzuetara heltzen diran personei dago zuzenduta.
Lehenengo kasuan dagozanei jagokenez, Diputatuak adierazo dau Gizarteratze Sisteman sartzea “saltu handia” dala, erabagiak hartzeko ohitura eskasa eta enplegua eskuratzeko ia ezintasun praktikoa kontuan izanda. “Lana lortzeko, gehienetan oraindino gauzatu ezin izan dituen koalifikazino mailak eta trebezia profesionalen eta personalen garapena eskatzen da”, adierazo dau Laespadak. Bigarren kasuan, euren ahalduntzerako laguntzea behar daben edo emakumearen kontrako indarkeria egoerak jasan dituen emakume gazteakaz egiten da behar, batez be. Horri jagokonez, estrategiak berak jasoten dauen genero ikuspegiaren presentzia balioztatu dau diputatuak.
Bizilekuagaz lotutakoak ez diran programak indartzeaz gain, Estrategia Gazteak, laguntza bako adinbako etorkin izan ziranek osatzen daben taldearen emantzipazino prozesuei emon beharreko laguntzako ildo espezifikoa be proponiduten dau, Laguntza hori, emantzipazino prozesua zaildu egiten daben traba burokratiko-administratiboak kentzen zentrauko da.
Aurrera eroango diran beste ekimen batzuk honeek izango dira: ostatu emote independenteak, Aisiarako Agentzia eta aniztasunaren laguntza edo laguntasun akademikoa unibersidade mailan, Arrakasta programaren bitartez. Diputatuak, prestakuntza praktikoa barru hartuko daben laneratze programen aldeko apustua be azpimarratu dau. Horreen artean lehenengo Enplegu Azkargailua martxan jarri izana azpimarratu behar da.
Jarduketa horreek gauzatzera zuzendutako baliabide ekonomikoak 5.410.000 eurokoak dira, egin beharreko orientazino barriak egin ostean. Gizarteratze Zerbitzuaren eta Emakume Zerbitzuaren plaza kopuruen baturak be gora egingo dau, 162 plazatik 302 plazara igaroz.
Taldeen esku-hartze txandan, Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak, gazteak lan munduan sartu ahal izatearen beharra azpimarratu dau, eta Lanbide Heziketan Arrakastaren antzeko programa bat egitea proponidu dau; Eduardo Andrés Talde Popularreko batzordekideak, bere aldetik, informazino guztiz barria danez, bere taldeak Diputatuak gaur esan dauena aztertuko dauela esan dau, baloretako eta aurrerago ekarpenak egiteko.
Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko ordezkariak, genero ikuspegiaren inklusinoa edo Arrakasta programaren jarraipena modu positiboan balorau arren, ganerako gauzen artean “ez dagola ezelango barrikuntzarik” adierazo dau. Batzordekidearen kritiketako bat, eguneko zentro kopuruaren eta egoitza kopuruaren artean dagon desorekea izan da. Modu berean, Josu Unanue EH Bilduko batzarkideak, “zerbitzu gehienak uriburuan dagozala eta eskualde batzuetan bat bera be ez dagola” azpimarratu dau.
Gobernuko taldeen aldetik, barriz, Juan Otermin batzordekide sozialistak estrategia barri hori “apustu integrala, errazoizkoa, ausarta eta koherentea” dala esan dau, eta arazoa “argi eta garbi” lantzen dauela. Modu berean, Irene Edesa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, Estrategia Gaztearen “prebentzinozko izaerea eta genero ikuspegia” azpimarratu ditu, eta, Sailak egiten dauen apustuan sinisten dauela esan dau, bere eretxiz “gizarte inklusiboaren aldeko apustua” dalako.
ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Eguneko Gai Zerrendea, Podemos Bizkaiak aurkeztu eta EH Bilduren zuzenketa-eskea jaso dauen Arauz Besteko Proposamen baten eztabaideagaz eta ostean ez onartzeagaz osatu da. Ekimenak, beste Aldundi biakaz, Eusko Jaurlaritzagaz eta irakaskuntza arloko adituakaz eta gizarte zibileko erakunde feministakaz batera politika feministak aztertzeko eta horren bultzadea ebaluetako zentroa sortzea eskatzen eutsan Bizkaiko Foru Aldundiari, “emakumeen ekonomia, gizarte eta kultura arloetako eskubideen kontrako eragin negatiboen kontra burruka egiteko”.
EH Bildu eta Podemos Bizkaia ekimenaren alde agertu diran arren, bakarrak izan dira. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek esan dabe proposamenaren justifikazinoagaz bat datozan arren, hori egiturak bikoiztea izango litzatekela. Alfredo Oleak Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, eta Juan Oterminek Euskal Sozialistak taldea ordezkatuz, esan dabe Emakundek eta Maite Albiz emakumeei buruzko dokumentazino zentroak beteten dituela daborduko funtzino horreek. Kontrako eretxi horregaz bat egin dau Talde Mistoak; Talde Popularreko ordezkariak ez dau botorik emon, ez dalako aretoan egon.
Saioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren atal batean, aurtongo Aurrekontu Orokorren Proiektuari zuzendutako aurrekontuaren ehunekoari jagokon puntuan dagon akats bat zuzentzeko Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko beste Proposamen bat be baeukan. Dana dala, proposamena ez da landu, akatsa daborduko zuzenduta dagolako.