Marian Turski, Auschwitz-etik bizirik urtetea lortu eban historialari judu-poloniarra Gernikako Batzarretxera itzuli da 43 urte geroago
Marian Turskiren bisita


















































Joanna Truska-Siczek alabak eta Klaudia Siczek lobak lagunduta, Turski Bizkaiko Batzarren egoitzaren inguruetan ibili da, eta sakonago ezagutu ahal izan dau Bizkaiko historia. Lurralde eta leku hori ez jakoz guztiz ezezagunak, 1975ean historialariak bere “ilusino handietako” bat bete egin eban eta, Gernika eta bertako Batzarretxea bisitauz; bertan Jorge Oteiza eskulturagilea ezagutu eban, eta adiskidetasun sendoa sortu zan bien artean.
Marian Turskirentzat, Gernika, Auschwitz-egaz edo Ingalaterran dagon Coventrygaz gertatzen dan moduan, II. Mundu Gerran izandako “basakeriaren sinbolo” da, baina, urteak pasau ahala, bakearen sinbolo bilakatuz joan da. Bere bisitan azpimarratu dauen beste alderdi bat, herriek etorkizuneko belaunaldiei euren kulturea, hizkuntza eta nortasuna transmitidutea da.
Ibilpide horren barruan, Gernikako Arbolea eta Arbola Zaharra, erakundearen bakearen sinbolo nagusiak, dagozan lekuan be egon da. Arbola biak, igaztik Poloniako Owicimen dagon kimuaren arbasoak dira. Leku horretan dagoz Auschwitz-eko kontzentrazino eremuaren lurrak, etorkizunean alkarregaz bizi ahal izatearen sinbolo. Keinu hori zuzenean eskertu deutso Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteari.
Jatorriz Poloniarra dan historialaria –1926an jaiotako judua–, Auschwitz Museoa Fundazinoaren Nazinoarteko Kontsejuko kide, Wannseeko Konferentzia Zentroa gainbegiratzen dauen alkarteko Kontsejuko kide, Varsoviako Institutu Historiko Judutarraren Alkarteko presidente eta Poloniako Historia Museoko bultzatzaile eta sortzaileetako bat da, eta azken horretako Kontsejuko kide be bada. Horrez gain, hainbat kondekorazino jaso ditu, Frantziako Ohorezko Leginoa, Alemaniako Errepublika Federaleko Merituaren Ordena eta Polonia Lehengoratuaren Ordena, beste batzuen artean.
Turskik jentearentzat zabalik egongo dan –baina leku kopuru mugatua izango dauen– konferentzian hartuko dau parte bihar. Konferentzia Poloniako Kultura Institutuak, Asociación Pro Tradición y Cultura (APTCE) alkarteak, Ruta Cultural Europea Románico XXI izenekoak eta Deustuko Unibersidadeak antolatu dabe, eta arratsaldeko 19:00etan izango da, Deustuko Unibersidadeko Ellacuria Aretoan (Liburutegiko Eraikina – ECRAI). “Zergaitik hain berandu? Juduen erresistentziaren esanahia” izenburupean, Turskik kontzentrazino eta deusestatze esparruetan bizi izan eban esperientzia kontauko dau, eta, horrez gain, jazarpenaren, erresistentziaren eta bizirik irauteko burrukaren eta hainbeste biktima gogoratuarazoteko beharraren ganean egingo dau gogoeta.
ESPERIENTZIA PERSONALA
1939an Alemaniak Polonia inbadidu ostean, 1944an Marian Turski bere familiagaz batera eroan eben Auschwitz-eko deusestatze esparrura. Bertan, bere aita eta, seguruenez, anaia nagusia, heldu eta segiduan hil ebezan. Buchenwald-eko kontzentrazino esparrura eroan eben, eta gero Theresienstadt-en libre geratu zan, Buchenwald-etik heriotzaren martxa batetik bizirik urten ostean. Gerra amaitu eta gero, Turski bere jaioterrira, Lodz-era, itzuli zan, eta han amagaz alkartzea lortu eban. Urte batzuk geroago, Halina Paszkowska 1944ko Varsoviako Altxamenduko burrukalari ohi poloniarragaz ezkondu zan. Geroago, Halina soinu teknikari izan zan Poloniako zine lan askotan. Igaz hil zan. 1958an, Marian, egunerokotasuna eta eretxia lantzen dituan “Polityka” astekariaren historiari buruzko sekzinoaren buru izendatu eben; gaur egun be lan horretan jarraitzen dau.