Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak interes gatazkei eta bateraezintasunei buruzko Foru Arau proiektua aurkeztu dau batzordean
Aldundiko arduradunak bere agerraldian azaldu dauenez, Araua Ahaldun Nagusiari eta gainerako Foru Diputatuei, Foru Administrazinoko zuzendaritza nagusiei eta Bizkaiko foru sektore publikoaren esku edo haregaz lotuta dagozan erakundeen zuzendaritzetara eta gerentzietara dago zuzenduta.
Ibone Bengoetxeak adierazo dauenez, Arau hori “Bizkaiko Foru Aldundiak gauzatu edo gauzatzen dituan beste politika edo tresna batzuen ildo beretik doa” eta, printzipio etikoak eta gobernu onekoak bermatzeaz aparte, “sistemari zelanbaiteko koherentzia emoten deutso, politika modu positiboan ikusteko modu horregaz”.
Arauzko testua lau gaitan zentretan da. Lehenengoa, printzipio etikoak eta gobernu onekoak eskuratzea, “kargu publikoen egitekoak gauzatzeko modua bideratzeko” helburuz; horrez gain, “kargua indarrean dagon bitartean sortu daitekezan interes gatazkak eta bateraezintasunak prebenitzeko eta identifiketako arauzko erregulazinoa” ezartea eta jarraitu beharreko prozedurea bideratzea; beste alde batetik, “Aldundiko kargu publikoaren estatutuaren oinarrizko elementuak” zehaztuko ditu “kargu publikoen izendapenari eta euren bateraezintasun eta bateragarritasun arautegiari” jagokenez; eta, bukatzeko, Araua bera beteteko eta zehapen araubidea garatzeko berme sistemea be jasoten dau.
Horri jagokonez, araua beteten dala bermatzeko, interes gatazkak eta bateraezintasunak kudeatuko dituan eta horreen jarraipena egingo dauen Berme Organu bat sortzea aurreikusten dau arauzko testuak. Horrez gain, Organu horrek berak foru zuzendaritzetako karguen katalogoa kudeatu eta eguneratuko dau eta foru kargu publiko moduan dagozan betebeharren betetearen ganeko informazinoa emongo deutse Aldundiko gobernu kontsejuari eta Batzar Nagusiei. Horrez gain, Organuak zehatzeko gaitasuna be eukiko dau, arau hausteak tipifikauko eta ezarri daitekezan zehapenak arautuko dituan zehapen araubide baten bitartez.
Oposizinoko talde batzuk, Podemos Bizkaiak edo EH Bilduk, arauzko testuari zuzenketa-eskeak aurkezteko orduan zalantza batzuk planteetako baliau dabe euren txandea. Modu berean, Talde Popularrak azterketa fasean dagola adierazo dau, eta Talde Mistoko ordezkariak “kontuz ibili” beharra azpimarratu dau “zorrotzegiak edo bigunegiak ez izateko”.
Ekain Rico Euskal Sozialistak taldeko ordezkariak, bere aldetik, bere taldeak Foru Araua modu positiboan hartzen dauela adierazo dau, “bete egin dan konpromisoa” dalako. “Politikan gagozanok ez gara arpegi gogorrak, eta gatx jarri gura deutsagu holangoei”, adierazo dau batzordekide sozialistak. Modu berean, Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak, “oso prozesu positiboaren” hasierea dala adierazo dau, eta balioan jarri dau Aldundiak arlo horretan egin dauen ibilpidea.
EZ DA ONETSI ENDOMETRIOSIAREN IKERKETAREN GANEKO ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA
Foru Diputatuaren agerraldiaz aparte, Batzarretako taldeek endometriosiaren ikerketaren eta alderdi terapeutikoaren ganean aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena eztabaidatu eta ostean atzera bota dabe. Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeen arteko zuzenketa-eske transakzional bateratuaren bitartez, hau eskatzen eben: endometriosiaren ikerketara zuzendutako funtsak handitzea; Eusko Jaurlaritzari informazino sistemak hobetzea, “gaur egun dagozan ezagutza gabeziak arintzeko”, profesionalei zuzendutako prestakuntza plan espezifikoa bultzatzea, gaixotasun hori hobeto ezagutu daien; Osakidetzak EAEko endometriosi kasuen erregistroa sortzea; eta endometriosiaren gaia irakaskuntza arautuko eskolako curriculumean sartzea.
Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaiako ordezkaria eta Meritxell Elgezabal EH Bildukoa bat etorri dira esatean beharrezkoa dala endometriosia “gaixotasun isila” izateari iztea, eta gaixotasun horri buruzko “informazinoaren, prestakuntzaren eta ikerketaren” alde behar egitea. Eduardo Andrés Talde Popularreko ordezkaria proposamenaren alde agertu da argi eta garbi, eta baita Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzordekidea be. Gaia “konplexua” dala autortu arren, proposamenak “logikoak” dirala esan dabe eta, hori dala eta, aldeko botoa emon dabe.
Foru Gobernua eusten daben taldeek, euren aldetik, zuzenketa-eske “jeneralistagoa” aurkeztu dabe, María Presa Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak esan dauen moduan. Batzordekideak, aldian behingo azterketek daukien garrantzia azpimarratu dauen arren, ezeztu egin dau endometriosia isilpean dagonik. Talde bien eskariei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskaintzen dauen arreta “integral, kalidadezko eta etenbakoan”, endometriosiaren alderdi terapeutikorako protokoloa dagola eta “profesionalei zuzendutako prestakuntzea eskaintzen dala” esan dau.
Euzko Abertzaleak taldeko batzordekideak esan dauen moduan, Ekain Rico Euskal Sozialistak taldeko ordezkariak ekimena Eusko Legebiltzarrean landu behar dala eta bertan Osasun Sailari azalpenak eskatzeko aukerea be egongo dala azaldu dau. Beraz, azkenean proposamena ez da onetsi, Foru Gobernua eusten daben taldeen kontrako botoakaz eta oposizinoko talde guztien aldekoakaz.