Aurreko Albisteak

Batzarretako Presidentziak berretsi egin dau adierazpen askatasunaren eta zentsura bako sorkuntzaren aurreko errespetua

Arte Pride

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, PP taldeko batzarkide batek, “Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea” erakusketako irudiren bat kentzeko egin dauen eskariaren aurrean, berretsi egin dau erakusketa areto horren “adierazpen eta sorkuntza askatasunaren aurreko errespetua, ezelango zentsura barik, lan artistikoa gustau edo ez”.

Ana Otaduik erakusketa artistiko horren inaugurazino ekitaldian esan ebazan berbak gogoratuarazo ditu.

“Batzar Nagusietatik eta bertako erakusketa aretotik –esan eban Ana Otaduik– sorkuntzaren eta Artearen aldeko apustua egiten jarraitzen dogu, ezelango zentsura barik, errespetuan eta adierazpen askatasunean oinarrituta, artelanak ez dirala beti danon gustukoak jakinda, izan be, koloreak gustuetarako dagoz eginda. Ikusle moduan, artelanakaz alkarrekintzan aritzen gara, aztertu, sentidu edo kritikau egiten doguz, artea, erakusketa honek batu gura dauen aniztasun sexuala besteko anitza dalako: transgresorea, ingenuoa, probokatzailea, kolorez betetakoa, salatzailea, grisa, irekia, iradokitzailea, kritikoa…”.

Batzar Nagusietako presidenteak ez dau Batzarretako taldeetatik erakusketako irudiak kentzeko ezelango eskari ofizialik jaso. Eskari hori jaso ezkero, Foru Batzarretako gobernu organuak aztertuko leuke, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak, hain zuzen be.

PP taldeko Jesús Isasi batzarkideak kendu gura dauen Alberto de Las Herasen margolana “From Rusia with love” (Errusiatik maitasunez) da. Artelan horreek, Gay Harrotasunaren Nazinoarteko Egunaren ospakizunagaz lotutako ekimen errebindikatzaileen testuinguruan dagoz, eta homosexualidadeak Errusian legez jasaten dauen errepresinoa eta jazarpena salatu gura ditue.

Orain aste gitxi dirala, Batzarretako talde guztien aho bateko onespenagaz, Bizkaiko Batzarrek adierazpen instituzionala onetsi eben LGTBIfobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna zala eta. Batzar Nagusietako presidenteak, Foru Batzarrek aho bateko adierazpen instituzional horretan hartu ebezan konpromisoen barruan sartu eban Bilbao Bizkaia Pride 2018ko erakusketa artistikoari emoten jakon laguntzea.

Hurtado Amezaga kalean dagon Batzar Nagusietako erakusketa aretoa Batzarretako Presidentziaren esku dago, eta horren kudeaketea Presidentziaren komunikazino aholkulariaren ardurea da. Areto horretan erakusten diran erakusketak ez dira norbanakoenak, eta instituzinoen edo kultura edo gizarte arloetako erakundeen eskariei erantzuten deutse. Batzarretako Presidentziatik ez dira erakusten diran artelanak aztertzen, hainbat lekutatik aurkezten diran proiektuak jasotea onesten da. Holan, urtero, UPV-EHUko Arte Ederren Fakultateak antolatutako hiru erakusketa, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak bideratzen dauen erakusketa bat –Argizaiola Sariak– edo irabazi asmo bako “Bilbao formarte” alkartetik (adimen urritasuna daukien artistak) jasoten dan eskari bat egiten dira. Aurkezten diran proiektu orokorrak dira Batzarretako Presidentziaren on ikusia jasoten dabenak, areto horretan erakusteko, bakotxaren gustu pertsonalak albo batera itzita, eta ez dira artelan guztiak eta bakotxa aztertzen.

“Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea” erakusketaren proposamena, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz Bilbao Bizkaia Pride 2018 antolatzen dauen Bilbao Historikotik heldu da Batzarretako Presidentziara. Erakusketa horrek, euren lanak aurretik Guggenheim Museoan edo Artiumen, erreferentziazko galeriatan eta kultur zentroetan erakutsi dituen eta arte prestakuntzarako eta sorkuntzarako beka publikoak edo pribaduak jaso dituen artisten lanak jasoten ditu. Erakusketak, Elssie Ansareo, Alba Burgos, Miriam Ocariz, Bubi Canal, Eduardo Gaviña, Alberto de las Heras, Cachorro Lozano, Azucena Vietes eta Eduardo Sourrouille artisten argazkien, margolanen edo ehun-lanen aukeraketa dauka erakusgai, eta komisarioa Unai Goikolea artista plastiko eta musikaria da.