Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako erakusketa aretoak Bilbao Bizkaia Pride 2018ko lehenengo erakusketea jasoko dau: Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea

Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egingo dabe Bilbao Bizkaia Pride 2018aren ospakizunagaz, eta konpromiso horren ondorioz, Bilboko egoitzako erakusketa aretoak erakusketa barriaren inaugurazino ekitaldia jasoko dau bihar, arratsaldeko 19:00etan: Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea izeneko Arte Prideko erakusketea. Bilbao Bizkaia Pride 2018ko programazino zabalaren barruan antolatutako euskal artisten erakusketa kolektiboak Azucena Vieites, Miriam Ocariz, Eduardo Sourrouille, Elssie Ansareo, Cachorro Lozano, Eduardo Gaviña, Alberto de la Heras, Bubi Canal eta Alba Burgos artisten lanak jasoko ditu; komisarioa Unai Goikolea izango da.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak adierazo dauenez, erakundeak “harrotasunez” jasoten dau ekimena, Bizkaiko Batzarrek, aho batez, joan dan maiatzaren 18an LGTBIfobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna dala eta onetsi eben Adierazpen Instituzionalaren bitartez hartu ebazan konpromisoetako batzuk errealidade bilakatzen ditu eta. Agiri haretan adierazoten zan eta Ana Otaduik gogoratuarazo gura izan dauen moduan, “LGTBIfobiak errealidade izaten jarraitzen dau”.

“Gogoratuarazo gura dogu, baita be, esparru hetero-normatiboaren barruan ez dagozan sexualidadeak hierarkizetan eta baztertzen dituen aurreiritzi sexualak eta trans kolektiboaren patologizazinoak indarrean jarraitzen dabela; eta baita gure ikastetxeetako jokabide homofoboek eta emakume lesbianari gizarteko legitimidadea kentzen eta bere eskubideak modu librean aurrera eroatea debekatzen deutson ikusezintasuna be”, salatu dabe batzarretako talde guztiek.

Hori dala eta, erakusketeagaz baliauta, Batzar Nagusietako Presidenteak “LGTBI mobimenduaren ekarpenak” aintzatetsi gura izan ditu, “aniztasun sexuala ikusgai bilakatuz eta legitimatuz”, eta horrez gain, “zuen beharrei eta proposamenei arduraz erantzuteko” konpromisoa berretsi dau, gure “apaltasunaren barruan, baina harrotasun handiz, aniztasunez, kolorez eta pozez betetako ekimen honi” erantzuteko.

ARTE PRIDE: SEXU ANIZTASUNAREN ALDEKO EUSKAL ARTEA

Igaz sortzen hasi zan, eta Bilbao Bizkaia Pride 2018ren IV. edizino honetan formea hartzen hasi dan egitasmoa, hainbat belaunaldi, jatorri eta planteamentu artistikoko euskal artisten erakusketa kolektiboa eginez gauzatuko da. Guztiak be konpromiso argia daukie LGBT mobimenduagaz. Bertatik, ahalik eta diskurtso heterogeneoena eta anitzena sortu gura da.

Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea erakusketa, nazino eta nazinoarte mailan aintzatespen handia daukien artista garrantzitsuenetako batzuen artelanez gozetako aukera parebakoa da. LGBT aniztasun sexualaren aldeko euskal erakusketa interesgarria, gai hori modu librean, xumean eta naturalean landuz, artista handien lanez gertuko formatuan gozatzeko aukera bikaina, hain zuzen be.

Transformismoaren munduan Yogurinha Borova ezizenez ezagutzen dan Eduardo Gaviña artistaren eretxiz, artelan guztiek puntu berean egiten dabe bat: Bilbon. Euren artelanen bitartez, zazpi artistek egunero sentitzen dabenaren ikuspegia eskaini gura dabe. “Bakotxak bere moduan eta bere teknikea erabilita, baina emoten diran eta, existiduteagaitik bakarrik, artearen barruan lekua errebindiketan daben egoera asko irudikatuz”, autortu dau Eduardo Gaviñak. Artistak, bere artelanak erakusteaz gain, ikuskizuna be eskainiko dau Bilbao Bizkaia Pride 2018aren barruan.

Erakusketaren helburua eraldatzeko eta gizartearen kontzientzia pizteko arteak beteten dauen lekua erakustea da. Unai Goikolea DJ eta erakusketaren komisarioaren eretxiz, kulturak “oso leku garrantzitsua” beteten dau, eskubideen defentsan eta errebindikazinoan asko laguntzen dauelako eta, aldi berean, bere bilakaerea eta handitasuna erakusten ditualako, bere aukera handiak nabarmenduz”. Herritarren eta erakundeen partaidetzea be oso garrantzitsua izan da ekimen hori aurrera eroan ahal izateko: “Ezinezkoa da gizartea eraldatuko dauen ezer egitea danon arteko alkarlanik ez badago”. “Bilbao Pride aktibismotik eta alkarteetatik sortutako ekimen baten bidez hasi zan, eta apurka-apurka herritarren personalidade guztiakaz alkarrizketea egiten saiatzen gara”, gehitu dau.