Bizkaiko Foru Aldundiak ez dau laguntzarik edo babesik aurreikusten Bilbao Basket taldearentzat, eta bere egoera fiskala edozein zergadunaren araudira egokituko da
Zehatzago esanez, Aldecoak eskaria egin eban, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak “Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Basket taldeari jagokonez datorren denporaldian jarraitu behar dauen estrategia azaldu daian, kategoria galdu ostean”. Batzordekideak “baltzezko gizonek” lurraldearen sustapenari emoten deutsien bultzadea, kirol arloko garrantzia, aurretik taldeak Aldundiaren eskutik laguntzak jaso izana eta, eregiteko egindako inbertsino garrantzitsuaren ostean Bilbao Arena pabiloia oso gitxi erabilteko arriskua aitatu ditu.
Foru Gobernuaren izenean, Imanol Pradalesek ezelango zalantza barik egin dau berba, Unai Rementeriak legealdiaren hasieran egin eban iragarpena berretsiz. Bertan adierazo ebanez, foru aldundiak ez dau ezelan be laguntza ekonomikorik aurreikusiko kirol talde profesionalentzat, ezta lurraldearen turismoa sustatzeko bada be. Pradalesek esan dau Bilbao Basketek bizirik jarraitzea eta goi mailara itzultzea gurako leukela, baina laguntza hori “emozionala” baino ez dala izango esan dau, eta argi eta garbi itzi dau Taldearen zerga zorraren tratamenduari jagokonez, “ganerako zergadunen baldintza berberakaz eta indarrean dagon araudiagaz bat etorrita” tratauko dala. Une honetan ez dagola ezelango hitzarmenik edo babeserako akordiorik be esan dau, eta Foru Aldundiak ez daukala Miribillako pabiloiaren inguruan ezelango zeresanik adierazo dau, titulartasuna udalarena dalako.
EZ DA ONETSI LARRIALDI ZENTROAREN GANEKO ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA
Gaur goizean egin dan Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordea Talde Mistoaren ordezkariaren beste ekimen bategaz osatu da, Bizkaiko Larrialdien Kudeaketarako Zentro Integrauaren (CEIGE) ganeko Arauz Besteko Proposamenagaz, hain zuzen be. Zerbitzu hori barriro planteetako aukeraren ganeko beste eztabaida eta agerraldi batzuekaz bat etorrita, Arturo Aldecoak proposamena aurkeztu dau, Batzar Nagusiek eskaria egin deioen Foru Aldundiari, CEIGEa, eragindako Sailetako foru beharginak koordinazinorako eta komunikazinorako lurraldeko zentro bakarrean integrauz osatzeko”.
Gaur egungo Foru Gobernua eusten daben taldeen (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta oposizinokoen (EH Bildu, Podemos Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa) arteko aldea, larrialdiko deiei erantzuteko orduan zentro barriak daukan eraginkortasunaren eta efizientziaren inguruan oinarritzen da. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek adierazoten dabenez, lehen Base Gorria zentroan arretea eskaintzen eben guardek euren betebeharra hobeto egiten dabe medio naturalean, eta zentralitako behargin barriak oposizino bitartez lortuko dabe lanpostua, prestakuntza egokiagaz. Oposizinoko lau taldeek, barriz, esperientzia luzea eta jasotako ezagutza baliozkoa errebindiketan dabe, Base Gorriko beharginak CEIGEn integretako, basoetako suteengaitiko ohartarazpenak eta medio naturaleko beste larrialdi batzuk jasoteko eta koordinetako.
Neurri handian Batzordean eta Osokoan aurretik izandako eztabaidak errepikau dituen argumentuak trukau ostean, azkenean Arauz Besteko Proposamena ez da onetsi, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako bederatzi botoakaz eta EH Bildu, Podemos Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoaren aldeko seiakaz (EH Bildu taldeko Batzordeko hiru ordezkarietako bat ez bertan da egon).