Elantxobeko Itsasoko Etxeak, Probintziako Zuzendaritza Poliklinikoak eta Familia Arretako zerbitzuak zentrau dabe Gizarte Ekintzako Diputatuaren agerraldia
EH Bildu taldeko Josu Unanue batzordekidea izan da bere eskariaren zergaitiak azaldu dituana. Elantxobeko Itsasoko Etxearen kasuan, Unanuek interesa agertu dau, Diputatuak egin ebazan adierazpen batzuk dirala eta. Zentroa “auto-kudeaketarako bidean” egoala esan eban Diputatu andreak. Horri jagokonez, EH Bilduko ordezkariak esandako horren esanahia eta azkenengo urteetan egindako inbertsinoak ezagutu gura izan ditu.
Isabel Sánchez Robles Diputatuak gogoratuarazo dauenez, higiezinaren titulartasuna Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarena da, baina Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeari (GUFE) lagata dago. Azaldu dauen moduan, gaur egun zentroa “transferentziatik taberna-kafetegi jarduerara dago zuzenduta”; horrez gain, adierazo dauenez, zentroak kudeetako modua “espazioaren erabilera tradizionala errespetetean” oinarritzen da. Zerbitzuaren kudeaketari jagokonez, emakidadun baten esku dago “eta Foru Erakundeari errentako kanona emoten deutso, kontraprestazino ekonomiko moduan”.
EH Bildu taldeak, bere aldetik, Probintziako Zuzendaritza Poliklinikoaren egungo egoerea ezagutu gura izan dau. Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, aurreko kasuan moduan, titulartasuna Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarena da; 30,50 m2 dituan lokala Itsasoko Gizarte Institutuaren Probintzia Zuzendaritzako eraikin nagusiaren lehenengo solairuan dago. Leku hori, Institutuko, Diruzaintza Orokorreko beharginei eta itsasoko langileei zuzendutako prestakuntza beharretarako dago egokituta; ganera, “mantentze baldintzak guztiz egokiak dira”. Gaur egun, barrikuntza lanak egin eta gero, daukan leku kopurua, 15 personakoa gehi irakaslea da. Foru Diputatuaren agerraldia amaitzean, azkenengo hiru urteetan ez dala inbertsinorik egin adierazo dau, “ez ziralako beharrezkoak”.
Isabel Sánchez Roblesek, Podemos Bizkaiak eskatuta, landu dauen azkenengo gaia, Familiako Harrera Zerbitzuaren desbinkulazinoaren ganekoa izan da, harrera jaso izan dauen personea adinez nagusi egiten danean. Gai horren ganeko eskumenak bere Sailarenak ez dirala adierazo arren, bere agerraldiaren motibazinoan aurreratzen zan moduan, harrera jasoten dauen personea adinez nagusi egiten danean “modu formalean” familiako harrera programatik kanpo geratzen dala azaldu dau Gizarte Ekintzako Diputatuak. Halanda be, “harrerea egiten jarraitzen dauen harrerako familiaren batek amaitu eta gero laguntza behar badau, hori balorau egiten da, eta familiari behar dauen laguntza tekniko guztia emoten jako”.
Ildo berean, Aldundiko arduradunak, Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun Saileko Emakume eta Gizarteratze zerbitzuak eta Gizarte Inklusioa sustatzeko zerbitzuak kudeatutako emantzipazino programak aitatu ditu. Harrera zerbitzua jaso daben eta daborduko adinez nagusi diran persona guztiek jasoten dabe hori. Zerbitzu batetik besterako bidean, personak koordinatzaile baten laguntasuna jasoten dau Umeei zuzendutako zerbitzuaren kasuan. Dana dala, Isabel Sánchez Roblesek azpimarratu gura izan dau Harrera Zerbitzuaren helburua “bakotxaren familia biologikoan barriro integretea” eta “inor atzean ez geratzea” dala.
Talde guztiek Foru Diputatuak emondako informazinoa eskertu eta balioan jarri daben arren, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeetako batzordekideak bat etorri dira esatean Bizkaiko Foru Aldundiak luzatu egin beharko leukela zerbitzua, daborduko 18 urte bete dabezanak kanpoan ez geratzeko.
ERROMOKO IBAR NAGUSIEN ETXEA
Eguneko gai zerrendea, Erromoko Ibar Nagusien Etxearen itxierea dala eta Erromoko Erretirauen Alkartearen errebindikazinoen aurrean euren aldeko eretxia agertzeko EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek batera aurkeztu daben Arauz Besteko Proposamenagaz osatu da. Oposizinoko talde guztiak alde agertu diran arren, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontrako botoa emon dabenez, proposamena ez da onetsi.
Eztabaidaren hasieran, Josu Unanue EH Bilduko ordezkariak eta Josean Elguezabal Podemos Bizkaia taldekoak, zentroak gaur egun bizi dauen egoerea salatu dabe ganerako batzordekideen aurrean: ildo berean, proposamena aurkeztu daben batzarkide biek, gero eta zerbitzu gitxiago dagozala kritikau dabe: “apurka apurka bertatik kanporatzen dabilz”. Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak adierazo dau “batzar politiko batetik”, beharrezkoa dala esatea “zer edo zer ez dala ondo josita geratu, kaltetuak ez dagozalako pozik, eta hori dala landu behar dan eremua”. Eduardo Andrés Talde Popularreko batzordekideak, bere aldetik, udal arloko gaia dan arren, Foru Aldundiak “Erromoko Udalagaz dagozan alkarrizketak bultzatu daikezala” adierazo dau, “lokalaren parte batean mendekotasuna daukien persona nagusientzako eguneko zentroa egiteko”.
Euskal Sozialistak taldeko Juan Oterminek, barriz, “aldeen autonomiak, eutsi eta gorde beharreko balioa izaten jarraitu behar dauela” adierazo dau. Hori dala eta, “Udal Gobernuaren erabagia errespetetan jarraituko dogu, legea euren alde daukie eta”, esan dau. Euzko Abertzaleak taldeko Jon Sánchezek, bere aldetik, “erabagi horren kontra egongo dan osokoaren akordioa ez badago lekuz aldatzeko borondaterik ez dagola” esan ostean, ganerako taldeei “euren arazoak Batzar honetara ekarten deuskuen personen eta erakundeen zalantzen eta arduren aurrean sensibilidadea” agertzeko eskatu deutse, alde batetik, eta, bestetik, “gai horreek lantzeko ardurea daukienen legitimotasunak goitik behera errespetetako”. Sánchezek esan dauenez “ez goaz bide onetik tutoretza horretan sartzen bagara”.